Sare sozialetan eta telebistan geroz eta emazte MAGA (Make America Great Again) edo trad wife gehiago ikusten dira. Lehenek eskuin muturreko ideologia politiko kontserbadore eta arrazistari erantzuten diote, eta bigarrenek bizimodu tradizionalista idealari erreferentzia egiten diote.
Kontzeptu horiek transmititzen digute emazteak senarra eta haurren zerbitzurako bizitzen direla: etxean egoten dira eta espazio intimoko erreginak bezala agertzen dira. Gizonek, aldiz, plaza publikoa okupatzen dute eta familiako diru iturria dira. Eskuin muturreko utopia horrek, neskak eta mutikoak funtsez desberdinak direla azpimarratzeaz gain, eredu heteronormatiboa inposatzen du.
MAGA emakumeen arketipo nagusi bat Melania Trump da: gaztea dirudi, baina zaila zaigu adina ezagutzea. Mehea eta zuria izateaz gain, isila da eta pentsatzen duena misterioa da. Sare sozialetako bideoetan, trad wife-ak maiz haien etxeetan kokatuak dira: espazio intimoaz, umeez edo gure itxuraz arduratzeko aholkuak ematen dizkigute. Aberastasunean bizi dira, senarrak eskainitako luxuzko zaku eta botox injekzioen artean. Femeninotasunaren estereotipoei erantzuten diete: goxoak, lasaiak, diskretuak dira. Orokorrean, mugimendu horietan, emazteak haien fisikoagatik eta isiltasunagatik errespetatuak dira.
Andereak propaganda tresnak dira. MAGA emakumeak edo 'tradwife'-ak maskulinisten piezaren beste aldea dira, haien Troiako zaldia
Baina bideo eta irudi horiek eskuinak planteatu dituen manipulazio tresnak dira. Sistema kontserbadoreak engainatu nahi gaitu, uste araziz helburu hori lortzen ahal dugula eta, gainera, nahi dugula. Ez ote da hori zinezko poza? Bizileku handi batean egotea burua hausteko eta oldartzeko beharrik ukan gabe? Noski, maltzurkeria da. Haien egunerokotasuna orkestratua da, ez da errealitatea eta ez dira etxeko andereak, dirua irabazten dutelako bizimolde horren promozioa eginez. Diru asko. Emankizun eta bideo horiek propaganda tresnak dira, gure hautuak, ohiturak, gustuak eta izaerak kapitalismoak eta patriarkatuak kontrolatzeko.
Feminismoaren helburua emazteak askatzea baldin bada, ez da arazoa izan behar batzuk egoitzan egoten baldin badira haurrez arduratzeko. Bakoitzak nahi eta ahal duena egitea defenditu behar dugu. Baina, hemen, eraikia izan den irudimena gizon zuri aberats eta zaharrek sortu dute eta haien zerbitzurako baizik ez da. Andereak propaganda tresnak dira. MAGA emakumeak edo tradwife-ak maskulinisten piezaren beste aldea dira, haien Troiako zaldia dira.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.