“Espaloitik gu babestea oso ekintza ausarta izan da Hondarribian”

  • 26 emakumek sotoko ezkutalekutik Hondarribiko alardera jauzi egin zutela 30 urte bete direnean, ausardiaz, izuaz, indarkeriaz, gorrotoaz, plastiko beltzez, txaloez eta lorpenez hitz egin dugu Ixabel Alkain Etxeberriarekin. Jaizkibel konpainia parekidearen urterik gogorrenetan, kapitaina izan zen Alkain: "Dena kontra izan arren, lan bikaina egin dugu eta lore horiek aitortu behar dizkiogu gure buruari".

Argazkia: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1983an, artean alarde baztertzailea besterik ezagutzen ez genuela, kantinera atera zinen. Jada piztu zitzaizun kezka, zerbaitek huts egiten zuela?

Ez nuen kantinera ateratzea espero, ez zen nire nahia, baina familiak animatuta azkenean baiezkoa eman nuen, alardea lehenengo aldiz barrutik bizi izan nuen eta haluzinatu egin nuen, oso ondo pasa nuen. Baina ez nuen emakumeen parte-hartzearen inguruko gogoetarik egina, gaia ez zegoen presente, gerora izan nintzen kontziente, Emeki emakume elkartean sartu nintzenean.

Emekik 1993an jada bilerak eskatu zizkion udalari emakumeen parte-hartzeaz hitz egiteko, nahiz eta askok sinetsia duen (Irungo kasuan bezala) emakumeak alardean ateratzea bat-bateko kontua izan zela.

Hala da, baina behin eta berriz egindako eskaerek udaletik ez zuten erantzunik jasotzen, eta etxez etxeko inkesta bat ere egin genuen; lanketa handia egin genuen atera aurreko urteetan. Hasieratik hala kontatu dugu, ez zela izan 1996an ustekabean egindako ekintza, baina batzuek ez dute hori entzun nahi, nahiago dute pentsatu “bat-batean sartu ziren eta gauzak ez dira horrela egiten”.

1996an bertan, ekainean Irungo alardean 57 emakumek ateratzeko saiakera egin ondoren (ni izan nintzen 57 emakume horietako bat), Hondarribiko udal gobernura jo genuen eta esan ziguten irailean gu ez ginela aterako. Ados, baina epe ertainera konpromiso batzuk hartzeko eta egutegi bat jartzeko eskatu genien. Ezetz eta ezetz, zerbait adosteko gure saiakerei uko egin zieten, beraz iraila iritsi zenean, debekuaren aurrean, alardean ateratzea erabaki genuen.

"Ez gaitezen erori tranpa horretan, ‘emakumeak emakumeen kontrako afera bat da’, ez, afera matxista bat da, gizon nahiz emakume"

Aipatu duzun moduan, bi hilabete lehenago Irunen 57 emakume atera zineten. Nolako giroa zegoen Hondarribian?

Uztaila-abuztuan batzar irekiak egin genituen, gaiaz hitz egiteko, baina herrian nagusitu zen giro bortitzaren aurrean izututa, bilera klandestinoak egin behar izan genituen. Nik uste dut jendeak pentsatzen zuela ez ginela ausartuko, hain zen gogorra giroa, hain kontrakoa…

Baina ausartu zineten: irailaren 8an, 26 emakumek urratsa eman zenuten.

Beldur ginen (are gehiago Irunen gertatu zena ikusita) eta gorputz txarra genuen, baina espero genuena baino bortitzagoa izan zen, hurrengo urteetan jasan beharko genuena ere ez genuen imajinatzen; betirako aldatu zitzaigun bizitza.

Eskopetak etxe batera eramanak genituen, alfonbra batean ezkutatuta, eta goizean goizetik sotoan zain izan ginen, harik eta konpainia bertan zela abisatu zigutenean sototik atera ginen arte. Aurretik, desfilatzeko janzten ari ginen bitartean, zer nolako nerbioak! Eta urduritasunarekin batera, barreak, solasaldiak… hain egoera berezietan tartekatzen direnak. Gainera, nik uste ez ginela erabat kontziente gero gertatuko zenaz. Ibilbide zati bat egingo genuela pentsatzen genuen, baina sototik atera eta hankak lurrean jarri orduko jende-oldea bota zitzaigun gainera, pertsonak beste pertsonen gainetik! Txapelak kendu zizkiguten, alkandorak apurtu… eta sotora sartu gintuzten berriro, bultzaka. Udal ordezkariak parean genituen, eta ez zuten ezer egin. Handik ordu batzuetara eman genuen prentsaurrekoa, dardarka oraindik.

Urtebete geroago, 1997an, emakumeak desfilatzen onartzen dituen Jaizkibel konpainia sortu zenuten. Baina irailaren 8an, emakumez osaturiko barrikadak izan zenituzten ateratzeko oztopo. Nola bizi izan zenuten gaitzespena emakumeengandik jasotzea?

Gizonak alardean ateratzen ziren eta emakumeei egokitu zitzaien barrikadak antolatzeko rola, baina ez gaitezen erori tranpa horretan, “emakumeak emakumeen kontrako afera bat da”, ez, afera matxista bat da, gizon nahiz emakume. Ordura arte, gainera, emakumeek sekulako lana egiten zuten jaietan etxean, eta etxetik atera genituen, gure kontra egiteko bazen ere. Eta bai, lehen unean harritu egiten zaitu emakumeak izatea emakumeon kontra egiten dutenak, baina bide honetan asko ikasi dugu, hitz eginez, asko eztabaidatuz, elkarri entzunez, lan eginez… Emakumeok borroka honetan guztian izan dugun dinamika oso potentea izan da; gogorra, baina pila bat ikasi dugu.

"Paradoxikoa da, zeren plastikoak desagerrarazteko eskatzen genion Ertzaintzari, eta aldi berean, Euskal Herrian gure borroka ikusgarri egiten zuena plastiko beltz horiek ziren"

Beste emakume eta gizon batzuk zuek txalotzen aritzen ziren. Espaloian zuek babestea ere hautu ausarta zen.

Oso ausarta! Eta duela gutxira arte oraindik ere ekintza ausarta izan da. Laguntza eta sostengua eman digutenei esker egin dugu sototik kalerako bidea, guk bakarrik egitea ezinezkoa zatekeen. Atera garenok baino ausartagoak izan dira eta omenaldiren bat egin beharko litzaieke, bai herritarrei, bai gu babestera kanpotik etorri diren feministei [hunkitu egin da].

Zuek baino ausartagoak izan direla diozu…

Pentsa, aurka dagoen jendez inguratuta, irainak jasaten, bultzadak, ukondokadak, eta hor mantentzeko gai, gu txalotzen. Plastiko beltzen aurrean jarri behar zutenean ere, gatazka handiak sortzen ziren eta arriskutsua zen, plastikoaren atzetik denetik egin dutelako. Alarde barruan joatea errazagoa zen.

Argazkia: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

Hain zuzen, plastiko beltzak Hondarribiko irudi nahiko tamalgarria bilakatu ziren.

Plastiko beltza da tunel beltza, emakumeon historian bizi behar izan dugun tunel beltz eta luzea, amaieran argia duena. Paradoxikoa da, zeren plastikoak desagerrarazteko eskatzen genion Ertzaintzari (eta borondatea egonez gero, erraza zen hori egitea, baina urtetan Ertzaintza gure kontra joan da, gu babestu ordez), eta aldi berean, Euskal Herrian gure borroka ikusgarri egiten zuena plastiko beltz horiek ziren.

"Beldur fisiko eta psikologikoa jasan arren, jaiak ospatu behar genituela ere argi genuen, eta gazteek ikustea Jaizkibelen aterata ongi pasatzen zela, hori ere arrakasta izan zen"

1997an Jaizkibel konpainia sortu zenetik, hamar urtez bertako kapitaina izan zinen, konpainiak bizi izan dituen urterik gogorrenetan.

Baimenduta zegoen nire kontra edozer gauza egitea, nire burua eskatuz manifestazioak ere egin dituzte. Mehatxuak, irainak, indarkeria fisikoa… jasan dugu. Izua. Nik hirutan joan behar izan dut ospitalera, jasotako kolpeen ondorioz. Gure izen eta telefonoak zuhaitzetan zintzilikatzen zituzten, autoko gurpilak zulatzen zizkiguten… eta gure senideen aurka ere egiten zuten, hori oso gogorra da. Gure aitari hitz egiteari utzi zioten, Gerra Zibilak lortu ez zuena!

Aldi berean, urte horiez oso harro nago, taldearen lanaz eta lortzen joan ginenaz oso harro. Borroka aktibo gandhianoa izan da gurea, biolentzia erabili gabe, hori ere berria zen Euskal Herrian. Urtetan beldur fisiko eta psikologikoa jasan arren, jaiak zirela eta jaiak ospatu behar genituela ere argi genuen, jaia irabazi behar genuela. Eta gazteak parte hartzen hastea, beraiek ikustea Jaizkibelen aterata ongi pasatzen zela, hori ere arrakasta izan zen. Kostata eta pentsatzen genuena baino astiroago, baina metroz metro kalea irabazten joan gara, eta asko lortu dugu, eboluzioa sekulakoa izan da, begira zenbat jende ateratzen garen Jaizkibel konpainian eta zenbat herritar espaloian txaloka; gaur egun Hondarribian familia guztietan dago Jaizkibeleko kideren bat gutxienez. Gazteak gurean ateratzen hasi zirenean, kapitain gisa erreleboa emateko garaia zela ulertu nuen.

Bortizkeria handia deskribatu duzu. Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburuan irakurri dut alarde parekidearen aldeko familien seme-alabak ere seinalatuak izan direla eta biolentzia jasan dutela. Belaunaldi batetik bestera heredaturiko gorrotoa?

Ufa, hori oso gogorra izan da. Gure seme-alaba edota ilobek urte askoan bullyinga jasan dute Hondarribiko ikastetxeetan, eta oso zaila zen ikasgeletan hori moztea. Urtetan, irailaren 8a iritsi, alarderako arropa janzten hasi eta ezin nuen saihestu dardarka hastea, Pavloven txakurraren antzera. Hori ni heldua naizelarik, pentsa haur eta nerabeei nola eragin dien honek guztiak.

"Debekua merezi dute, kale publikoan ezin da halako diskriminaziorik onartu, baina zer lortuko genuke horrekin? Alardea elkarrekin ospatu behar dugu"

Denen bistan jazotako biolentzia hori guztia epaitegietan salatu izan duzue. Indarkeriaren inpunitateari aurre egiteko modua izan da?

Nik hiru salaketa jarri nituen eta bat irabazi nuen. Ertzaintzaren kontra jarri nuen bat, baina Ertzaintzaren kontra ez dago ezer egiterik; eskopetaren kulatarekin jo ninduena ezin izan nuen identifikatu; eta sekulako muturrekoa emanda lurrera bota ninduenaren aurkako salaketa, hori bai irabazi nuen, gertaturikoa jasotzen zuen bideo bat pasa zidatelako, anonimoki. Jende gehiagok ere jarri ditu denuntziak, baina banakakoak, energia kostu handiarekin… eta gutxi izan dira irabazitako auziak. Gutxiegi.

Udal gobernuan agintean luze izan zen EAJk gatazka konpontzeko ahaleginik ez zuela egin agerikoa da, baina zure ustez, zein bide hautatu zuen: gatazka baretzea ala are gehiago elikatzea?

Lehenengo urteetan, argi eta garbi su gehiago eman zion aferari eta gatazka elikatu egin zuen, gure aurkako adierazpen publikoek botoak ematen zizkiotelako. Azken finean, bai alderdi instituzionala, bai poliziala, bai herritarrak kontra genituen, eta kalea irabazten joan gara; badugu meritua gero, dena kontra izan arren aurrera egiteagatik. Lan bikaina egin dugu eta lore horiek aitortu behar dizkiogu gure buruari.

Argazkia: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

Irungo alardearen inguruan egin den errelato manipulatuaz mintzatu ginen ARGIAn Mertxe Trancherekin. Hondarribiko kasuan ere, errelatoa desitxuratu egin da 30 urteotan?

Bai. “Bat-batean sartu zarete, kanpokoak zarete, ez duzue alardea sentitzen, jaiak izorratu nahi dituzue…”. Eta gaur egun oraindik hala pentsatzen du zenbaitek, baina besterik ikusi nahi ez duenaren aurka ezin dugu ezer egin. Eta gu ere tradizionalak gara, alardeari lotutako eginbeharreko guztiak betetzen ditugu, beraz, aitzakia horrek ere ez die balio gure aurka egiteko. Gu tradizionalak gara eta haiek diskriminatzaileak, bahitu egin dute herriaren alardea, herriko ondarea pribatizatu dutelako, udalaren oniritziarekin.

Bortitza da emakume izateagatik hau guztia bizitzea, zeren ez baitago beste arrazoirik, festak izorratzea ere leporatzen ziguten eta garbi utzi dugu, 30 urteko ibilbidean, jaia maite dugula eta besteekin batera herriko alardean parte hartzea beste asmorik ez dugula, ezagutzen gaituzte. Benetako errelatoa agerian geratzen ari da, gero eta argiago.

"Baimenduta zegoen nire kontra edozer gauza egitea, nire burua eskatuz manifestazioak ere egin dituzte"

Noiz eta nola iritsiko da konponbidea?

Hasieratik saiatu gara haiekin hitz egiten, eta hau eragile guztien arteko elkarrizketaren bidez lortu behar da, baina ez dute gurekin eseri nahi. Edo goitik dator agindua, “ezin duzue kalea zapaldu, diskriminatzen ari zaretelako”, edo elkarrizketa eta elkarrizketa bidez lortuko da, hasieratik defendatu dugun moduan.

Zenbat urte igaro diren ikusita, diozun agindu horrek etorri beharko du goitik, ala elkarrizketaren aldekoa zara zu?

Beti elkarrizketaren alde. Debekua merezi dute, bai, kale publikoan ezin da halako diskriminaziorik onartu, baina giro oso bortitza eta oso txarra ekarriko luke, zer lortuko genuke horrekin? Alardea elkarrekin ospatu behar dugu, herri guztiarena da, batzen gaituena da. Beraiek saiatzen dira behin eta berriz banantzen, gutxi batzuek duten boterea handia da eta beldurrarekin jokatzen dute, baina aurre egin beharko liekete, zeren historiaren kontra igeri egitea baita. Badakite lehenago edo geroago emakumeek parte hartuko dugula, zertarako luzatu agonia hau? Zeren beldur dira? Ikusi udalak egindako azken inkesta: hondarribiarren kasik %60k emakumeen parte-hartzea onartzen duen alarde bakarraren alde egiten du. Ez dakit alarde hori gurpildun aulkian ikustera joango naizen, bizirik izango naizen… baina iritsiko da egun hori, hau geldiezina da, eta gure garaipena hori da.

Goiko irudian, 2000. urteko alardea, artean urte gogorrak, ertzainez josita. Behean, 2020an Jaizkibel konpainia parekidea Hondarribiko kale nagusian desfilatzen, txalo artean, hainbatek bizkarra ematen dieten bitartean. ARGAZKIAK: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

 


Hondarribiko alardea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...