Ikasturte hasiera honetan, euskarak hezkuntzan duen egoera kezkagarriaren inguruan mintzatu nahi nuke, Iruñerriko oraingo nire talaiatik ikusten dudanaz, eta Lapurdiko nire garaia ere gogoan. Diagnostikoa ezin garbiagoa da: ikasleek ez dute beren artean euskaraz egiten, ez D ereduan ari diren nerabeek, ezta gradua euskaraz ikasten duten unibertsitarioek ere. Hizkuntza eremu euskaldunetan jaso duten bakan batzuk kenduta, euskara ikasgai akademiko hutsa da ikasleriaren gehiengoarentzat; eta eskola-eredua gazteen benetako behar eta interesetatik hain urrun egonda, oztopo handia da gazteek euskararekiko lotura afektiboa sortzearen helbururako.
Erabilerak beherakada izan du, eta zer esanik ez hizkuntza-gaitasunak. Euskara kalko huts bilakatzen ari da, euskañolez edo frantseuskaraz mintzatzen baitira "euskaraz mintzo" diren gazte gutxi horietako asko. Adierazkortasuna erdarak ematen die, eta harengandik hartzen dituzte beraz egitura, sintaxia eta intonazioa, euskaraz minimoki eroso aritzeko behar duten erosotasunaren bila. Horri erreparatuta, uste dut aldatu egin beharko genukeela euskara erakusteko modua, ahozkotasunari eta gazte-hizkerari toki handiagoa eginda, gramatika hutsean gelditu ordez.
Erdaraz aritzeko joera ez da kontu berria, bai ordea hartu duen neurria. Egun, irakasleei ere erdaraz hitz egiten zaigu; eta nabarmenagoa dena, badira hori onartu egiten duten irakasleak, gatazkak ekiditeagatik, ikasleen begietara guai izan nahi izateagatik, baina nagusiki –esango nuke–, hori benetan larria dela sentitzen ez dutelako.
Euskara Euskal Herriaren testuinguru soziopolitikotik kanpo erakutsi nahi izateak kalte baino ez dakarkio hizkuntzari berari, gazteek ez dutelako euskaraz egiteko arrazoi sendorik topatzen
Hizkuntza neutraltasunez tratatu beharra dagoelako ideia oso zabaldua dago, ez dela politikaz zipriztindu behar. Baina euskara Euskal Herriaren testuinguru soziopolitikotik kanpo erakutsi nahi izateak kalte baino ez dakarkio hizkuntzari berari, gazteek ez dutelako euskaraz egiteko arrazoi sendorik topatzen, eta ez dutelako inguru erdaldunetan euskaraz aritzeko egin beharreko hautu pertsonala bultzatuko lukeen kontzientzia garatzen.
Asko dugu jokoan, euskararen jakintzaren transmisioaz eta erabileraren sustapenaz harago, euskararekiko maitasuna delako funtsean helarazi beharrekoa; hori delako hizkuntza hobeki ikasteko eta erabili nahi izateko arrazoi nagusia, erdararen erakarmenari etena jarri ahal izateko bezain tinko izateko baldintza. Bada, NUPen etorkizuneko maisu-maistrak izango direnei eskola eman izan diedanean, benetan etsigarria da hizkuntzari dioten konpromiso eta atxikimendu falta sumatzea, erdaraz zein modu lotsagabean aritzen diren ikusita. Gure ondorengo haurren irakasle horiek izango badira, zein etorkizun dugu?
Gaia konplexua da, Euskal Herriak bizi duen egoera tamalgarriaren sintoma baino ez delako euskararen egoera bera, edota gazteen nazio-ikuspegi falta. Argi dago euskaldunon etorkizuna ez dela ikasgelen jokalekuan borrokatzen, baina kontuak benetan zerbait axola badigu, zerbait egin beharko dugu.
Hasteko, erdarari muga garbiak jarri. Mugikorren erabilerari, jarrera desegokiei, bortizkeria keinuei edo matxismoari ondorioak dituzten mugak ezartzen dizkiegu, erraza ez bada ere, argi dugulako horretarako irmotasun osoa beharrezkoa dela. Zergatik ez maila bereko funtzionamendu serioa erdararen nagusitasunaren aurka?
Eta jarraitzeko, Euskal Herriaren errealitate politikoaz gehiago hitz egin behar dugu, euskararen alde ikasleek egin beharreko hautua kontzientzia politikoa eskuratzearen ondorioz etortzen baita, kasurik gehienetan. Ausartuko gara?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.