Hiru kolpe, poltsiko bera

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iraila normaltasunaren itzulera izan ohi da: ikasleak geletara, herriak ohiko bizitasunera. Oporraldi-osteko sindromeari buruzko erreportajeak agertuko dira, eta iraileko aldapa gora sufrituko dugu. Baina aurten kolpe gogorragoak datoz, betikoak kolpatzen gaituztenak: prezioak, hipotekak eta uzta txarrak.

Datuak argiak dira. Espainiako Estatuko uztaileko inflazioa %3,6koa izan da eta Frantziakoa %2,1. EAEn %3,7 eta Nafarroan %3,4. Euriborra 2025eko abuztuan %2,1 zen eta aurtengo abuztuan %2,94ra igo da; horrek, hilean batez beste 65 euro handitu du hipoteka. Azkenik, landa munduan mende honetako hirugarren urte hidrologikorik lehorrena izan da. Olioa eta oinarrizko beste produktuak garestiagoak izan dira lehorte errepikatuengatik, nahiz eta uztailean elikagai freskoek prezio hazkundea moteldu duten.

Otsailetik hedabide askok arrazoi bera aipatzen dute Europan energiaren prezio igoera azaltzeko: AEBek Iranen aurka egindako gerra. Baina kolpea ez da berdin banatzen. Azpiko inflazioa %1,3 da Frantziako Estatuan eta %3,0 Hego Euskal Herrian. Europako Banku Zentralaren erantzuna ekainean interes-tasak igotzea izan zen. Euskal Herri Kontinentalean hipoteka ia guztiak finkoak dira (%99); Euskal Herri Penintsularrean, aldiz, hamar berritik ia lau interes-tasa aldakorrean sinatzen dira, beraz, neurri berak efektu ezberdinak eragiten ditu.

Estatuak gasolioarekin erakusten du badakiela errenta bat automatikoki babesten. Ez du soldatarekin hori egiten

Hor agerian geratzen da Espainiako Estatuaren aukera, zein klase sozial babesten duen. Euskal Herri Penintsularrean, gasolioak urte arteko %15eko igoera gainditu zuen uztailean, eta horrek aktibatu zuen, inork ezer negoziatu gabe, zerga-beherapena, irailean litroko 5 zentimotik 20ra igo dena. Soldatentzat ez dago halako automatismorik, eta hori erabaki politiko bat da. Hiru kolpe horiek diru-sarrera gutxien dituzten familiei gehiago eragiten diete, aurrekontuaren zati handi bat gastatzen baitute energian eta elikaduran; gainera, hipoteka mota aldakorra nagusi izan ohi da. 2021-2023an frogatuta dago mozkinek, ez soldatek, bultzatu zutela prezioen igoera Espainian.

Norbaitek azpimarra dezake soldata automatikoki inflazioari lotzeak prezio-soldata hazkunde espirala dakarrela. Baina logika horrek gasolioarentzat ere balio beharko luke, eta kasu horretan inork ez du arrisku hori aipatu. Ez bada arrazoi tekniko bat, zein da, orduan?

Horrek galderaren muinera garamatza. Inflazioa irabazi-marjinak defendatzen dituenaren eta soldata higatzen zaionaren arteko gatazka banatzailea da, eta gatazka hori ez da bakarrik konpontzen, ezta esku ikusezin batekin ere. Politika ekonomikoko tresna nagusia, interes-tasak igotzea, ez da neutrala klase ikuspuntutik. Kapitalaren balioa babesten ari da, eta doikuntza hori zorrak eta soldata dituenari helarazten dio, ez irabaziak eta aktiboak dituenari. Estatuak gasolioarekin erakusten du badakiela errenta bat automatikoki babesten. Ez du soldatarekin hori egiten. Jarduera horrek, XXI. mendean, kapitalaren eta lanaren arteko indar harreman zaharra erreproduzitzen du. Soldataren babesa ez da itun sozialaren mahaitik etorriko (Espainiako Estatuko esparru akordioak urte eta erdi darama sinatu gabe), sindikalgintza eraldatzaileak lantokian eraikitzen duen indar-korrelaziotik baizik. Udazken honetako galdera ez da bakarrik zenbat igoko den KPIa, baizik eta zein sindikalgintzak egingo duen aurrera, itunarenak ala borrokarenak. Hurrengo hilabeteetan negoziatuko diren lan baldintza berrietan ikusiko dugu zein doan irabazten. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...