Eklipsea

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joan den abuztuaren 12an, beste hamarnaka mila ardi bezala –nire kasuan propagandak eta presio sozialak hartaratua–, ni ere harrapatuta nengoen auto ilara batean, eklipsea ikustera joateko. Autoek kolapsatzen zituzten saihesbideak eta autobideak. A zer nolako ipuina idatziko zukeen Julio Cortazarrek halako egoera batekin, pentsatu nuen. Gero burura etorri zitzaidan beste idazle latinoamerikar bat, Augusto Monterroso, eta hark idatzitako Eklipsea ipuina, Dinosauroa bezain ezaguna ez bada ere, ausaz pixka bat luzeagoa delako. Eklipsea-n, Mendebaldeak maia kulturarekin konparatuta omen zuen gailentasun teknologiko-zientifikoa zalantzan jartzen da, umore beltzeko ironiaz, maia herriari egia errebelatua jakinaraztera joan den misiolari baten bidez.

Ezpata, gurutzea eta hizkuntza eskutik helduta joan izan omen dira beti, Espainia inperio bihurtzeraino. Gauza jakina da. Monterrosok oso labur idazten zuen, eta horregatik, haren hitz bakoitza urrea da. Ezer ez da kasualitatea Monterrosoren ipuin batean. Eklipsea ipuinaren protagonistak, misiolariak alegia, Bartolome de Arrazola du izena. Ipuineko Bartolome de Arrazolari inork galdetu izan balio, aizu, Bartolome, zer dela-eta etorri zara hiltzera etxetik hain urrun?, zera erantzungo ziokeen, ausaz: ni fraidea naiz eta fraide bati dagozkion lanak egiten ditut. Eta punta-puntako proiektu ebanjelizatzaile batean bada, hainbat hobe. Ukatu nahi didazu puntako proiektu ebanjelizatzaile batean aritzeko eskubidea?

'Eklipsea'-n, Mendebaldeak maia kulturarekin konparatuta omen zuen gailentasun teknologiko-zientifikoa zalantzan jartzen da

Ezpatari dagokionez, gaur egun, beste idazle famatu batek esan ohi zuen bezala, futbol taldeek hartu ohi dute armadaren ordezkapen sinbolikoa (nahiz, martxa honetan, ez jakin noiz arte eusten ahalko zaion baieztapen horri). Mundialak beste hainbat gauzaren eklipsea ekarri du.

Bide alternatiboetatik ibiliz, beste garai batean kontrolak saihesten genituen bezala, saihestu genituen azkenik butxonak eta txolopoteak oro. Bueltan, autoko denak ongi geunden bistaz. Alegia, eklipseak ez zuen inor itsutu. Nahiz eta, zaharraren zaharraz oso ezaguna den bezala, ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez izan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Kultura Astronomia Zientzia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...