Duela zazpi urte, 2019ko uztailean, Mugak Zabalduz Karabanarekin ezagutu nituen Ceutan Europako migrazio-politika hiltzaileak pertsonengan eragindako minak, eta, aldi berean, herritarrok eraikitako elkartasun-sareak ere bai. Oso egoera txarrean lan egitera behartuta, jazarrita askotan, baina etxeko ateak zabalik eta harira bat –Magrebeko zopa tradizionala– prest.
Uztailaren 30etik asko pentsatu dut El Príncipe auzoan ezagutu nituen solidarioengan, eta badakit krisi humanitarioaren aurrean berriz ere martxan jarri direla. Euskal Herrira heldu zaigu bertan lanean ari diren aktibisten oihua, eta herritarrek berriz erantzun dute, politikariek eta zenbait komunikabidek inbasioaz, pertsonen banaketaz, itzulketaz edo segurtasun ezaz hitz egiten duten bitartean. Bidean hildakoak estatistika baino ez dira; umeak, neskatoak... elkarbanatu beharreko arazoa; eta Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Ituna, lotsaren ituna, Europaren bide-orria.
Eskuin-muturraren markoa nagusitzen ari da migrazio-eztabaidan, baita beren burua xenofobotzat ez dutenen artean ere, Donostiako afari solidarioen aurkako argudioek agerian utzi duten bezala. Ez dezagun amua irentsi.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.