Estatuaren eta politika publikoen hutsunetik sortu zen 2004an Otrans, Guatemalako emakume transek osatutako elkartea. Osasunean eta bizi duintasunean herrialdeko emakume transak sistematikoki baztertu eta zapaltzen ditu estatuak, hori salatu dute, eta beren komunitateari zein gobernuak baztertutako beste zenbait kolektibori zerbitzuak eskaintzea beste aukerarik ez dute izan. Bertako kide Adriana Muñoz (Santa Tecla, El Salvador, 1981) Bilbon izan da, eta Lumaltik Herriak GKEak egindako dokumentaletik, euren jarduna azaldu du.
Lehenik eta behin, zer da Otrans?
LGTBIQ+ pertsonen eskubideak defendatzen dituzten emakume transen elkartea gara, baina ez bakarrik kolektiboarenak; emakumezko sexu langileenak, etxeko langileenak, migratzaileenak, presoenak eta beste askorenak ere bai. Guretzat, Otrans posizionamendua da, aldarri bat, ez ahazteko beste garai batzuetan emakume transekin ez zutela harremanik nahi izan zenbait erakundek. Izan ere, garai horietan "emakume transak" esatea zaila zen, esatea baitzen "emakumez jantzitako gizonak", "gatazkatsuak", "drogazaleak". Orduan, Otrans zera da: babes humanitariorako sare bat demokraziak ahaztu dituen pertsona guztientzat.
Zure janzkerak ez du zalantzarik pizten: Guatemalarako trans lege integralaren aldarriz jantzi zara. Zertan da hori?
2012an lege proiektua hasi ginen sortzen. 2018an bi mahai teknikotara gonbidatu gintuzten, jakina, bi diputatu kontserbadore eta fundamentalista erlijiosok gidatuak: kongresura hamar bat kide joan ginen, eta 50 buruzagi erlijioso eseri zitzaizkigun parean. Guk giza eskubideen inguruan eztabaidatu genuen, azaldu genuen garrantzitsua zela trans lege bat izatea herrialdean; eta parean genituenek argudio biblikoak atera zituzten. Bi batzorde horiek trans legearen aurkako bi adierazpen egin zituzten, eta hortik emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aurkako lege proposamenak atera ziren.
Bizitzaren eta familiaren aldeko politika publikoa sortu zuten, eta guk diogu: zein familia, zein bizitza nahi dituzte defendatu? Inoiz ez dute egin lan 10 urterekin ama diren umeen indize altuak jaisteko, edota nahi gabeko abortuak izan dituzten emakumeenak edo beren gorputzaren gainean erabaki ezin izan dutenenak. Inoiz ez dute ezer egin oso zaurgarri dauden LGTBIQ+ komunitatearen baldintzak aldatzeko: lan eta etxebizitza duinik eza, sexu lana egin beharra, migratu beharra aldatzeko.
Lege proposamena onartu zuten, eta horren aurka altxatu ginen, Otrans barne, eta presidenteari eskatu genion legea gera zezala; 10.000 sinadura batu eta kongresuan aurkeztu genituen. Presidenteak legea geldiarazi zuen, baina hala ere, gaur egun lege mordoa ditugu sexu eta ugalketa eskubideen edota LGTBIQ+ komunitatearen aurka daudenak, Guatemalako Estatuak oraindik herrialdearen etsai nagusi gisa ikusten gaituelako. Eta hortik sortu da lege proposamenaren aldarria, gure genero identitatea aitortu dezala eskatzea.
"Jendeak jakintza teknikoak nahi ditu, jatekoa behar duelako. Horixe egiten dugu Otransen"
Gobernuaren jarreraz mintzatu zara, baina dokumentalean estatuko gainontzeko erakundeak ere aipatu dituzue, polizia indarrak barne. Zer nolako trataera jaso duzue?
Guatemalako Polizia Nazional Zibilaren erregistroan 1969ra arteko atxiboak aurkitu ditugu. New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu berriak ziren [LGTBIQ+ mugimenduaren pizkunde politikoaren ikurretako bat], eta Guatemalan emakume transak atxilo hartzen gintuzten militarrek eta poliziek, sarekadak egiten zituzten LGTBIQ+ pertsonen topalekuen bila. Ostiral eta larunbatetan, komunitatea aktibatzen zen egunetan, diskoteken eta tabernen kanpoan ibiltzen ziren, edo sexu lana egiten genuen lekuetara joaten ziren. Sarekadak egin eta erronda bakoitzean 30 eta 50 pertsona artean harrapatzen gintuzten. Komisariako ziegen kanpoan aska bat zegoen urez beteta; ura lurrera botatzen zuten eta elektrizitate kableak uzten zituzten han. Elektrokutatu egiten gintuzten. Eta hori etengabekoa zen. Barre eta burla artean egiten ziguten hori; batzuetan beste preso batzuk ere ekartzen zituzten, han geunden emakume transoi sexu erasoak egiteko.
Hori dena bukatzerakoan, berriz igotzen gintuzten autoetan, orri bat eskuan. Han zioen moralitateari falta egin geniola, kalean sexu harremanak izaten harrapatu gintuztela; edo, bestela, kalean borrokan ibili ginela. Beste kasuren batean esaten zuten gaizkileen banda baten parte ginela. Hiru delituetako bat ere ez zen egia. Gero, kartzela sistemara emakumez jantzita heltzen ginenean, arropak erantzi behar genituela esaten ziguten: ez ileorde, ez belarritako, ez praka, ez alkandora, ez bularretako, ez kulero. Ilaran sartzen ginen, eta orduan kartzelazainek garrasi egiten ziguten, burla; funtzionario publikoak ziren, baina ez gintuzten errespetatzen. Barrunbeetaraino iraintzen gintuzten.
Eta barruan geundela esaten ziguten isuna genuela, 200 eta 800 quetzal artekoa –23 eta 92 euro artekoa–; diru hori ostiralero, larunbatero, izatea zaila zen. Eta noski, hori bizirik ateratzen bazinen, hiltzen ez bazintuzten.
Gaur egun ere horrela da?
2022an egin zuten azken sarekada, eta orduan emakume transen talde bat hainbat taxitara igo ginen, Giza Eskubideen Defentsako Bulegora joan ginen eskatzeko praktika horiek bertan behera utz zitzatela. Lortu genuen. Baina oraindik Poliziari laguntza eskatzen diogunean ez digu ematen, ez digu kasurik egiten edo oldartu egiten zaigu. Aukera dutenean, poliziek atxilotu eta prebentzio sisteman sartzen gaituzte, eta han emakumezko arropa kentzen jarraitzen digute, gu umiliatzen.
Otransek 2012an Konstituzio Auzitegian epai bat irabazi zuen emakume trans eta LGTBIQ+ kolektiboko kide presoek estatuaren eta gainontzeko presoen indarkeria jasan ez zezaten. Baina oraindik jarraitzen du, mutilatu egiten gaituzte ilea kentzen digutenean, jo egiten gaituzte, bortxatu. Zigarro ziztrin bat eskuratzeko ere sexua eskatzen digute, babesik gabekoa. Ez dago inor kondoiak, lubrikantea edo informazioa ematen digunik. Gaixotzen garenean ez dago medikurik, erizainik. Ez dago baldintzarik, prebentzio sisteman, emakume trans eta LGTBIQ+ kolektiboarentzat. Eta ez dago bisitatuko gaituen familiarik, lagunek ez dute etorri nahi beldur direlako: lagunak bisitatzea gure traumak gogoraraztea delako.
Indarkeria horrek guztiak etxeetan ere badu eragina. Familia aipatu duzu, eta dokumentalean salatu duzue guraso askok seme-alabak etxetik bota izan dituztela armairutik ateratzerakoan. Zelakoa da egoera egun?
Uste dut orain apur bat aldatu dela. Lehen, emakume trans guztiok umezurtzak ginen. Orain batzuk ilea ezkutatu behar dute, bularrak tapatu, beren amak bisitatzera joateko, aitarengandik ezkutuan. Askok familiaren premia sentitzen dute, eta dirua ematen diote familiari, familiaren maitasuna erosten baitute: familietara dirua bidaltzen dute, ea horrela onartzen dituzten. Beste batzuk oraindik umezurtz gaude, ni, adibidez: urte asko daramatzat eurekin berbarik egin barik, ez naute bisitatzen eta nik ere ez ditut bisitatzen.
Otransen lan lerro nagusia osasuna da, Guatemalako Estatuak horrelakorik ziurtatzen ez dizuela baitiozue. Zergatik?
Gu hasi ginenean infekzioen erruz hiltzen ginelako. GIBaren epidemiak gure gorputzak kaltetzen zituen, eta jakina, testuinguru horretan, alkoholaren eta drogen menpekotasunak okertu egin zuen egoera. Nire lagun handi batek GIBa hartu zuen eta bisitatu nuenean, 30 emakume trans inguru zeuden ospitalean, ohe banatan isolatuta, denak neumonia, tuberkulosis, zitoplasmosis, hesteetako infekzio eta beste mila konturekin. Horrela hasi ginen, eta trans mugimendua hezi egin zen GIBaren eta sexu bidezko infekzioen prebentzioan.
Baina emakume transok ez dugu soilik GIBa pairatzen: buruko mina izaten dugu, haginetako arazoak izaten ditugu, pairatzen dugun indarkeriak buruko osasuneko arazo asko sortu ditu, zirrosis arazoak ditugu alkohola mugarik gabe edateagatik, azalean arazoak ditugu, diabetesa dugu, gastritisa... Podologoa ere behar dugu! Baina premia horiek ez ziren artatzen ari osasun sisteman. Min handiekin heltzen ginen, baina medikuek eta erizainek ez gintuzten artatzen, beste pertsona batzuk artatzen zituzten gure aurretik, osasun sistemako psikologoak esaten zigun Jainkoarekin berba egin behar genuela, aldatu behar genuela. Horregatik, erabaki genuen 2012an transentzako osasun estrategia integrala eskatzea. 2015ean onartu zen, baina ez du aurrekonturik ere.
Horren aurrean, Otransek klinika komunitario bat eta klinika mugikor bat sortu ditu, hiriburutik kanpo ere merezi baitute osasun arreta, leku horietan jasotzen dute-eta gutxien. Medikuak kontratatu ditugu baterako zein besterako, psikologoak, erizainak, sustatzaileak; gutxieneko staff bat transak laguntzeko eta osasun sistema publikoarekin zubi-lana egiteko. Ez du zerbitzu hori transentzat bakarrik ematen, LGTBIQ+ komunitateko jendearentzat, sexu langileentzat, emakume indigenentzat eta besterentzat ere ematen du; azken horien kasuan, bakarrik beraien hizkuntza badakite, Miriam daukagu, Otranseko ordezkari legala, maya q´echi herrikoa, eta itzultzaile lanak egiten ditu.
"Nekatuta gaude haurtzaroa eta nerabezaroa lapurtzeaz; familia eta bizitza duina merezi ditugu"
Bekak ere eskaintzen dituzue.
2015ean inkesta bat egin genuen eta ondorioztatu genuen 15.000 trans baino gehiago gaudela herrialdean. Otransek, gobernuko dirulaguntzarik ez duenak, hezkuntza bekak eta beka teknikoak ditu jendeak ofizio bat ikasi dezan, baina ezin ditugu 15.000 pertsona artatu; zenbaki esanguratsu batengana heltzen gara, baina ez denengana, jakina. Jendeak ez du ikasketa luzerik egin nahi, jakintza teknikoak nahi ditugu, jatekoa behar duelako, bizitza honetan aurrera egitea, eta sexu lanetik atera nahi du. Horixe egiten dugu Otransen.
Dirua nondik heltzen da?
Zaila da. Neurri txiki batean, NBEren bidez, baina batez ere nazioarteko lankidetzatik lortzen dugu dirua: Euskal Herritik, Suediatik, Norvegiatik... Hortik lortu dugunak lagundu digu GIBetik eta sexu bidezko infekzioen prebentzioaz haragoko lanketa egiten.
Guatemalan migrazioa handia da, Erdialdeko Amerikatik AEBetara bidean baitago. Zelan eragiten du migratzaileen etorrerak zuen lanean?
Donald Trumpen politikek NBEren sistemak deuseztatu dituzte, eta adibidez GIBerako zuen programa desagertu egin da mundu mailan, baita ACNUR ere, emakume transei euren herrialde kontserbadore, matxista eta patriarkaletatik ateratzen laguntzen ziena. Baina jada hori ere ez dago. Orduan, orain zer?
Hor dugu Costa Rica, lehen eskualdeko Suitza zela esaten zutena, eta orain gobernu kontserbadore eta erlijiosoa duena, batez ere biztanleria transaren kontrakoa. Orduan, zer egin behar dute? Alde. Hor dago Nikaragua ere, boterea utzi nahi ez duen Daniel Ortegarekin, herritarrak kartzelan sartzen. Orduan, transak Hondurasera, El Salvadorrera eta Guatemalara ari dira joaten. Hondurasek, orain arte ustez aurrerakoia, ez du ezer egin ez LGTBIQ+ ez trans kolektiboaren alde; eta orain presidente erlijioso bat daukate. Eta El Salvadorko presidentea oso ona dela diote, pandillero denak kartzelan sartu dituelako, baina giza eskubideen aldeko erakundeak, LGTBIQ+ kolektiboak eta trans emakumeak ere jazartzen ari da, kartzelan sartzen, terrorismoa egotzita.
Orduan, herrialde horietako guztietako jendea Guatemalara ari da heltzen, baldintza negargarrietan. Eta herrialdeak ez ditu artatzen. Duela gutxi Venezuelako jende mordoa heldu zen, denak kalean bizi zirenak, osasun arazoekin. Baina osasun sistemak ez zituen artatu, migrazio sistemak beste alde batera begiratu zuen; baina Poliziak ez. Poliziak jazarri eta kanporatu egin zituen. Eta migrazio sistemara sartzea lortu dutenek beren espedientea geldirik daukate.
2027an hauteskundeak izango dira eta aldaketa dator herrialdera. Beste presidente aurrerakoi bat etorriko da ala inguruko herrialdeetakoa modukoa helduko da? Eta aldaketa horiek heltzen direnean, zer gertatuko da migratzaileekin, ekintzaileekin, gizarte mugimenduekin? Hasi behar dugu pentsatzen zer egin, migratzaileek etortzen jarraituko baitute, baina zein baldintzatan?
"Guatemalako Estatuak oraindik herrialdeko etsai nagusi gisa ikusten gaitu LGTBIQ+ pertsonok"
Momentuz, Guatemalan Bernardo Arévalo aurrerakoia dago boterean, baina kostata. 2023an estatu mailako greba egin
zenuten, jatorrizko herrien mugimenduak deituta, Ministerio Publikoaren aurka; hark hauteskunde iruzurra salatu zuen, baina sakaketa hura Arévalo boterera ez heltzeko neurri gisa irakurri zenuten gizarte mugimenduek.
Gu 2023an kaleetara atera ginen herrialdeko 48 kantonamenduetako gizarte mugimenduekin batera, demokraziaren defentsan; trans mugimenduko elkarte bakarra izan ginen. Estatu kolpe saiakera bat izan zen, eta gu kalean geunden Polizia gas negar eragilea botatzen hasi zenean. Momentu horretan lortu genuen poliziak neutralizatzea, lekua berreskuratzea eta gobernu aldaketa exijitzea. Hortik aurrera egon dira aldaketa esanguratsu batzuk: fiskal orokorra, Consuelo Porras, joan da baina laster datoz hauteskunde berriak. Otransek lan handia egin du demokraziaren alde, baina demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du.
Eta emakume transak nekatuta gaude beti ahaztuak izateaz. Kontuan hartuak izatea behar dugu, baina ekintza jakinak ere behar ditugu: trans lege integrala behar dugu, politika publikoak behar ditugu emakume transen eta LGTBIQ+ kolektiboaren alde. Behar dugu gure bizitzak duintzea eta gobernuei eta estatuei esatea gure bizitzak ez direla hasten 18 urte ditugunean, nekatuta gaudela haurtzaroa eta nerabezaroa lapurtzeaz; familia eta beste edozeinek besteko bizitza duina merezi ditugula.