Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako udalerri batek gutxienez 750 lo-leku baldin baditu turismora bideratuta, edo 5.000 biztanle baldin baditu eta intentsitate turistiko jakin bat badu, gau bakoitzeko kantitate gehigarri bat ordainarazi ahalko dio udalak turistari. Horixe da tasa turistikoa, datorren urtean aplikatuko dena. Bildutako dirua turismo zerbitzuak hobetzera bideratuko dela esaten da. Munduan herrialde ugarik egiten dute.
Tasa turistikoaren aplikaziora mugatu dute eztabaida EAEko erakundeek. Soluziotzat aurkeztu da ia-ia, turismoaren auzian ez baita erakundeen aldetik besterik aipatu. Turismoak dagoeneko eragin dituen eta oraindik ere eragingo dituen kalte ekonomiko eta sozialei buruz ez da analisirik egin, ezta ingurumenean sortutako arazoei buruz ere. Ez da aurreikusten, adibidez, tasa turistikoren dirua kalte horien konponketara bideratzea. Tasak ez ditu, gainera, turistak uxatuko. Bizilagunekin taldeak salatu duenez, Donostian, adibidez, gau bat igarotzeak gutxienez 120 euro balio baditu, inork ez dio bidaiari uko egingo euro bat, bi edo hiru euro gehiago pagatzeagatik.
Bilbok eta Donostiak “hautagaitza bateratua” aurkeztu dute egoitza bakar izateko. Ez dirudi eskaintza FIFAren gustukoa izango denik. Datozen hilabeteetan jakingo da.
Lotsaizun nazionala zatekeen hemengo erakundeek FIFAren berezko baldintza guztiak onartzea. Besteak beste, FIFAk “zerga salbuespena” nahi du, hau da, gastu guztiak ogasunari ordaintzetik salbuetsita egotea; eta hiriaren kontrol erabatekoa izatea, ikusle aldetik “konpetentzia” egin ahal dioten ekintza guztiak ezeztatzeko gaitasuna izatea. Horrez aparte, milioika eurotako inbertsioa eskatzen du, aireportuen ordutegiak moldatu eta azpiegitura handiak kasik horretara mugatzea, estadioen barnealdeak eta kanpoaldeak futbolari bideratzea, hiriko mugikortasuna aldatzea, Poliziaren segurtasuna biderkatzea...
Urte honen amaieran zabalduko da Donostiako metroa, Kontxaren badiaraino iritsiko dena. Horri AHT-a batuko balitzaio, madrildarra hiru ordutan legoke Santa Klara irlari begira. Baina hori ez da hain erruz gertatuko, adibidez Algortako (Bizkaia) portuan dagoeneko gertatzen den bezala. Ehundik gora gurutzontzi jasoko ditu uda honetan; urtez urte gehiago, eta turista gehiago dakartzatenak. Kolpean herrira 7.000 turista jaisteak eragiten duen kaosa benetan handia dela salatzen dute bizilagunek. Bada, handiagoa izango da, portua handitzeko asmotan baitira, gero eta gurutzontzi gehiago jasotzeko.
Nabarmen handituko dena, epe motzean, Loiuko (Bizkaia) aireportua izango da. Espainiako AENAk du aireportuen eskumena (%51ean enpresa publikoa da, eta gainontzekoa pribatua), eta badirudi penintsularen iparraldeko erreferentziazko aireportu gisa daukala Loiukoa. Ia-ia bikoiztu egingo da. Datozen bost urteetan, sei pasagune izatetik 11ra pasatuko da, eta urtean zazpi milioi bidaiari jasotzetik hamahiru milioi izatera.
Gai horretan dezente gehiago sakondu du Daniel Pardok elkarrizketa honetan.