Udaberrian argitaratu du ARGIAk Turismoa. Desazkundera bidaia liburua, Donostiako Bizilagunekin taldeko Asier Basurtok idatzia. Liburua jendarteratzeko zer hobeto gaiaz tokian toki hitz egitea baino, turistifikazioaren gaia lantzen duten eragileekin solasean. Hala egin dugu, ordubeteko hizketaldi atseginak sortuta. Bilbon, Iruñean, Sopelan eta Gasteizen entzundakoak dira testura ekarritakoak. Erretratu bat da Euskal Herriko panoramarena, argazkien atzeko aldearena.
Influencer delako batek esan du Italiako Dolomitak gainezka daudela eta ez duela merezi joateak. Albistegietako titular bat izan da. Beharbada jendeak kasu egin dio, influencer-ei normalean kasu egiten baitzaie; horregatik baitira influencer. Auzotarren ikuspegitik, ez da disparatea esatea arriskutsuak direla influencer-ak: aski da haiek argazki edo bideo eder batzuk sareratzea, gaur arte bizimodu arrunta egin zitekeen ingurunea derrepentean turistaz betetzeko, eta konstantziaz segitzen badu, auzotarren bizimodua kolpetik okertzeko.
Gasteizko turismoa ezin dela, esaterako, Donostiakoarekin edo Lapurdiko kostaldekoarekin konparatu, halaxe entzun du kazetari honek Arabako hiriburuan. Gaurkoz hala izango da. Baina erraz asko gerta daitekeela azpimarratu du Asier Basurtok Gasteizko Liburutopian antolaturiko hitzaldian, Turismoa. Desazkundera bidaia liburuaren karietara, Auzoan Bizi taldekoekin solasaldian: “Nahikoa da bi influencer Gasteizera etortzea, autentiko eta idiliko gisa saltzea hainbat leku, eta horien irudiak sareetara igotzea, turista kopurua oso azkar biderkatzen hasteko”.
Turismoa ez da jasangarria
Ingurumenean jarri dute fokua Sopelako (Bizkaia) Larrabasterra auzoetxean egindako solasaldian, Sukar Horia taldekoekin batera. Mallorcakoa (Herrialde Katalanak) da Martí Serra, baina Uribe Kostan bizi da aspaldidanik, eta Sukar Horian aritzen da. “Etorkizunetik nator zuek ohartarazteko”, esan du Mallorcako turismo-jasari erreferentzia eginda. Eta Bartzelonako ikerlan baten berri eman du, ñabardura eginda esanez ez dagoela halako azterlanik Euskal Herrian. Bartzelonak urtero 26 milioi turista hartzen ditu, eta bataz beste turista bakoitzak 3.800 kilometro egiten ditu joan-etorrian; hau da, CO2-ari dagokionez, Sri Lanka osoak kutsatzen duena baino gehiago kutsatzen dute soilik Bartzelonara doazen turistek.
Luze hitz egin daiteke hegazkina hartzeaz ere. Sinplifikatuta esanda, CO2 aldetik, berdina da Euskal Herritik urtean behin Amerikara edo Asiara hegazkinez bidaia bat egitea; eta lanera joateko, urte osoan, egunero 40 minutuko auto bidaia egitea.
Helmuga lekura mugatuta, eta turistak eta herritar arruntak parez pare jarrita, Serrak esan du argi izan behar dugula edozein turistak baliabide gehiago kontsumitzen dituela bertako jendeak baino. Gutxi gorabehera, herritar batek 100 litro ur erabiltzen baditu egunean, turista arrunt batek 350 litro ur kontsumitzen ditu. Eta hori guztia esponentzialki igotzen da hoteletako izar kopurua igo ahala; bost izarreko hoteleko turistak 520 litro ur xahutzen ditu eguneko. “Zaborraren kasuan, energiaren kontsumoan... Gauza bera da”, esan du Serrak: “Gutxienez herritar arrunt batek halako bi kontsumitzen du turistak, eta bider bost edo sei luxuzko turistak”.
Martí Serra, Sukar Horia: "Gutxienez herritar arrunt batek halako bi kontsumitzen du turistak, eta bider bost edo sei luxuzko turistak"
Orduan, zer? Turistak ez badu gutxiago kontsumitzen, aukeretako bat izan daiteke turista gutxiago hartzea, eta horrela gutxiago kutsatzea? Hala balitz, ez da dudarik aberatsak liratekeela gehien bidaiatuko luketenak. Baina horrek ez luke deus konponduko, Serraren iritziz: “Luxuzko turismoarekin askoz ere okerrago geundeke, herritarrok baino dezente gehiago kutsatzen dutelako”. Basurto ados, eta kalitatezko turismoa deitzen zaionari lotu dio, Donostia horretan ari dela dioelako: “Kalitatezko turismoak ez du kalean pixa egiten, ez du balconing egiten, pertsona gutxiagok diru gehiago uzten du hirian... Baina horrenbesteko diferentzia dagoenean bertako errentaren eta turistaren poltsikoaren artean, kalte ikusezin are handiagoak uzten ditu, hala nola etxebizitzan, eguneroko kontsumoan eta abar”.
Ostalaritza, lobby-a
Zabar eta orokor esanda, hain kalitatezkoa ez den turismo hori Iruñekoa da. Ezkontza despediden fenomenoa oso zabalduta dago hiri buruzagian, eta beharbada izango da Logroñotik (Errioxa) eratorriak direlako, han neurriak hartu dituztelako halakoen kontra. Iruñeko Karrikiri elkartean egindako solasaldian Asier Cabodevillak, Alde Zaharreko bizilagunen sareko kideak, azaldu du “Sanferminen kultura” nola den, funtsean, “festaren kultura”, urte osora zabaltzen eta Alde Zaharrera mugatzen dena.
Ostalaritzak pisu bereziki handia duen zonaldea da: “Guk badiogu hau dela polo industrial moduko bat, zeren Landaben daukagu, kotxeak egiten diren zonaldea, langile pila bat mugitzen dituena; eta hemen, Alde Zaharrean, 270 taberna lizentzia dauzkagu, eta kafetegiak eta gainerako establezimenduak aparte... Zenbat langile mugitzen dira hemen, lokal bakoitzean bospasei baldin badaude? Horregatik esaten dugu industriagune bat dela hau, ostalaritzaren lobby handia dagoena, eta auzoa ez dela bizitoki gisa hartzen”.
Asier Cabodevilla, Iruñeko alde zaharreko sare komunitarioa: "Auzoa industriagune bat da, ostalaritzaren lobby handia dagoena; ez da bizitoki gisa hartzen"
Azken hamar edo hamabost urteetan panorama asko aldatu dela azaldu du Cabodevillak. Bizitoki aldetik ez ezik, lantegi aldetik ere okerrera egin duela esan du, baldintzak gero eta negargarriagoak direlako. Turismoak aberastasuna ekartzen duen ideia hori, hortaz, gezurra dela esan dute Cabodevillak eta Basurtok. “Hobe esanda, turismoak aberastasuna eraman egiten du”, esan du bigarrenak: “Salgai jartzen dena gure bizitza da, gu bizi garen kalea, lo egiteko daukagun isiltasuna, kulturalki jaso dugun iturri, mendi edo hondartza hori... Hori da gure ondasun guztia, eta hori saltzen du hemen hotela irekitzen duenak”.
Erakusleihoko hiria
Beste urte batez, Europako errugbiko finalak jokatu dira maiatzean Bilbon. Horren bezperatan egin zen turismoaren inguruko solasaldia, Zirika herri egunean, Basurtoren eta Bilboko Bihotzean taldeko Eritz Mendizabalen artean. Hara hemen gauzak zertan ziren. Bi final, lau talde. Horietatik bi Frantziakoak. Baziren joan-etorria egiteko autobusak. Horregatik, Bizkaiko hotelen patronala kexu agertu zen, %85etik azpiko okupazio-tasa izango zutelako. Eta hotelekoak bezala, ostalariak ere “triste”. Ez zitzaien nahikoa atzerritik 110.000 errugbizale etortzea.
Errugbiko finalak ez dira anekdota hutsera mugatzen. “Horrelako kirol eta kultur ekitaldi handiak pila bat antolatzen dira Bilbon”, esan du Mendizabalek. Iaz, adibidez, UEFAren futboleko finala antolatu zen, Espainiako txirrindularitza itzuliko etapa bat ere egin zen, eta 2023an Frantziako Tourra bertatik hasi zen. Duela gutxiko adibide argi batzuk baino ez dira.
Konstantziaz antolatzen den hitzorduetako bat Bilbao BBK Live da, kirolaren aterkipean beharrean, kulturarenean doana. Pasatu berri den edizioan 112.000 pertsona joan direla kalkulatu dute; lautik hiru, Euskal Herritik kanpokoak. “Ebentismoaren marka” da Bilbok sustatzen duena, dio Mendizabalek.
Guggenheimaren ingurua kenduta, Alde Zaharrean pilatzen da turismoaren kargarik handiena. Ez da bereziki gune handia, eta auzotarrek espazio publikoa galdu dutela salatu du Bihotzean taldeak. Dauden hiru plazak terrazaz beteta daudelako, batez ere. Presio turistikoa “jasangaitza” dela diote: “Auzoan 7.000 pertsona bizi gara gutxi gorabehera, eta turismora bideratutako 3.500 ohe daude; bertako eraikinen %60k dauka VT kartela [eraikin horretan apartamentu turistiko bat dagoela adierazten duena]”.
Eritz Mendizabal, Bilboko Auzoan Bizi: "Auzoan 7.000 pertsona bizi gara, eta turismora bideratutako 3.500 ohe daude"
Turismoak lotzen gaitu
Turistarentzat ez dira existitzen probintziak, lurraldeak, eskualdeak...Turistari berdin zaio Forondako (Araba), Loiuko (Bizkaia) edo Noaingo (Nafarroa) aireportua. Euskal Herrira heltzen den turistak lotzen du zatikatutako Euskal Herria. Bilbo bisitatzen du, Urdaibaira (Bizkaia) doa eguna pasatzera, Zarautzera (Gipuzkoa) izozkia jan eta surfean egitera, Donostiara pintxoak jatera, Laguardiara (Araba) ardoa dastatzera, eta Miarritzera (Lapurdi) hiri xarmantaz gozatzera.
Marka (da gero). Marka behar du hiri, herri, eskualde edo lurralde bakoitzak turismoaren erakusleihoan ipintzeko. Izan daiteke Donostiaren gastronomia, Bilboren kultur eta kirol arloa, Iruñearen festa giro atsegina, Gasteizen berdetasuna eta lasaitasuna...
Auzi identitarioaren gaia solasaldi ugaritan suertatu da Euskal Herrian barna. Nola ikusten dugu geure burua, geure herria, geure kultura, “tradizioa”? Askotan dago baldintzatuta kanpo begiradarekiko, turismoarekiko. Eta halakoetan, nahi gabe ere, kezka sortu da ez ote ditugun geure gain hartzen turismoak eragindako kalteak. Hau da, “zeinen leku ederrean bizi garen” esanda ez ote dugun, adibidez, “normaltzat” jotzen prezioen garestitzea. Bistan da: etxe barruan ere badago zer egina.