“Inork ez dauka iruditerian puta borrokalaria”

  • Ertz asko ditu sexu lanak; hala nola transfeminismoa, etxebizitzaren aldeko borroka, borroka antiarrazista eta antikolonialista. Horietaz guztietaz mintzatu dira Pauline Ezkerra argentinarra, puta feminista, sindikalista eta antikapitalista, eta Amets Santos euskal herritarra, sexu langilea eta aktibista. 

Sexu Langileen Nazioarteko Egunean, ekainaren 2an, kalera atera ziren sexu langileak. 'Sexu lana, lana da. Ez biktima, ez kriminalak' lelopean elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Erreportaje honetako argazkiak Bilboko
Sexu Langileen Nazioarteko Egunean, ekainaren 2an, kalera atera ziren sexu langileak. 'Sexu lana, lana da. Ez biktima, ez kriminalak' lelopean elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Erreportaje honetako argazkiak Bilboko protestakoak dira. Argazkia: Pello Maudo / ARGIA CC BY-SA

2026ko uztailaren 29an
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Historikoki borroka askotan hartu dute parte sexu langileek, eta euren borrokara batzeko deia egin diote Euskal Herriko herri mugimenduari. Sexu lana, lana da. Ez biktima, ez kriminalak, lelopen kalera atera dira, ekainaren 2an, Sexu Langileen Nazioarteko Egunean. Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Amets (izena asmatua da) Santos sexu langilea eta aktibista Bilboko manifestazioan izan da. Pauline Ezkerra, puta feminista, sindikalista eta antikapitalista, sexu lanaz mintzatu da, Bilboko Arroka Herri Tailerrean emandako hitzaldian. Santosen eta Ezkerraren esanak testuinguru horretan jaso ditu ARGIAk. 

Santos kontent da Bilboko protesten ostean izandako sentsazioekin. Aurten, erantzuna “irmoagoa” izan dela sentitzen du. Nabarmendu du Bizkaiko E28 koordinadoraren aliantza lagungarria izan dela: “Salbatu beharreko lau katu garen ideia ezabatzen laguntzen du”. Protestetan begirada “moralista” eta “salbatzailea” albo batera uztera dei egin dute: “Inork ez gaitu salbatu behar, baina sareak ehuntzeko beharra badaukagu”.

Biktimizatzeaz aparte, Ezkerrak salatu du sexu langileei agentzia kentzeko joera dagoela. Horregatik, Bilbon emandako hitzaldiaren helburuetako bat zen, sexu langileen errealitatetik etekin ekonomikoa ateratzen duten elkarteengandik independizatzeko beharra azpimarratzea: “Beti gara ikerketarako subjektuak. Momentu batzuetan beharrezkoak izan dira elkarte batzuk, ez zegoelako gure borroka ikusarazteko beste modurik. Alabaina, gure bizitzekiko duten boterea askatzeko ordua da. Sexu langileok gaitasun politikoa dugu, eta antolatuta gaude”. 

Pauline Ezkerra, sexu langilea: “Ezkertiar antikapitalistak gara, horrek dakarren guztiarekin: feministak, sexu lanaren eskubideen aldekoak, kuirrak, antikolonialistak, antirrazistak, eta batez ere, klase kontzientziadunak"

Santosek gaineratu du agentzia politikoa izatea “oso oinarrizkoa” eta “garrantzitsua” dela: “Gizartean, familian eta beste lanbideetan barneratuta dago salbatu egin behar gaituztela. Inork ez dauka iruditerian puta borrokalaria, bere burua gobernatzen duena, eta beste lan batzuen artean sexu lana aukeratzen duena”. 

Iruditeria propioa sortzen
Hego Euskal Herrian sexu lana ez da legez kanpokoa, baina alegala da. Hau da, beren borondatez aritzen diren helduen jarduera ez da delitua, baina ez dago araututa. Ondorioz, langileek ez dute lan eskubiderik; esate baterako, langabezia, baja eta kotizazioa. Aldiz, beste pertsona batek egindako sexu lanetik etekina ateratzea edo esplotatzea delitua da. Horrez gain, udalerri bakoitzak kaleko jarduna arautu dezake eta isunak jarri. 

Ipar Euskal Herrian, aldiz, legezkoa da helduak sexu lanean aritzea, baldin eta borondatez bada. Alabaina, harreman sexualengatik ordaintzea isunekin zigortzen dute. Eredu neoabolizionista bat da: sexu langileak ez dituzte zigortzen eta bezeroen kontrako neurri punitibistak hartzen dituzte. 2016tik dago indarrean neurria. 

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Hego Euskal Herriko legedia kontuan hartuta, zenbait eragilek egindako irakurketaren arabera, sexu lana lan gisa ez onartzea “kriminalizatzea” da, eta oinarrizko giza eta lan eskubideak ukatzea. Horrez gain, "estigma indartzen” duela diote eta sexu langileen gorputzak “bazterretara” eta “prekaritatera” bideratzen dituela. “Lehenengo pertsonan entzunak izatea eta borrokalari sozial bezala onartzea nahi dugu. Kapitalismoaren kontra gauden arren, gure lanak ere eskubideak behar ditu”, esan du Ezkerrak. 

Santosen arabera, beste urrats bat gehiago eman dute, eta jada ez daude sexu lana legeztatzearen edo ez legeztatzearen eztabaidan: “Herri mugimenduko jendearengana jotzen dugu galdetzeko ea nola lagundu diezaguketen. Zeren, bestela, abolizionisten kontrako argudioak sortzera edota gure lana lana dela aldarrikatzera mugatzen gara. Urrunago joan behar gara, eta gure beharrei erantzuten dion agenda eta iruditeria propioa sortu”. Bide horretatik, Ezkerrak emandako hitzaldian aipatu zuten liburutegi moduko bat sortu nahi dutela zeinetan sexu langileek euren lanak bildu ditzaketen; hala nola filmak, dokumentalak eta ikerketak. “Puta kultura, diskurtso propioak eta gure genealogia sortu ahal izatea oso potentea da”, esan du Santosek. 
Feminismoaren barruan dauden eztabaidak ere mahaigaineratu dituzte, eta abolizionistak badauden arren, Santosek txalotu du, “azkenean”, Euskal Herriko Mugimendu Feminista sexu langileen eta trans pertsonen alde ipini izana. Aliantzak sortzeko premia ere aldarrikatu du. Alta, badira horren kontrako zenbait diskurtso. “Feminismoaren oinarrietako bat da ezin duzula beste emakume batzuen esperientziengatik hitz egin, baina harreman sexualak eta lana ulertzeko dugun gaitasuna patologizatzen dute”, esan du Ezkerrak. 

Bat egin du horrekin Santosek, eta azpimarratu du diskurtso putafoboak maiz terf-en –trans pertsonak baztertzen dituzten feminista erradikalak– mezuekin elkar gurutzatzen direla. “Trans gorputzak eta putak patologizatzen dituzte, uste dutelako bere onean dagoen inork ez lukeela lan hori egingo. Psikiatrizazioaren historian ere ikusi daiteke nola erofobiatu dituzten gorputz feminizatuak”, esan du Santosek. Gaineratu du Bilboko Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatea horren adibide dela, eta Sumin Trans kolektiboak unitatea abolitzeko egiten duen lana txalotu du. 

Atzerritarren Legea etsai
Sexu lanaz hitz egiten denean pertsonen salerosketa agertzen da maiz, eta Ezkerrak eta Santosek salerosketaren kontrako jarrera irmoa adierazi dute. Sexu lana eta pertsonen salerosketa, biak bereizteko premia dagoela uste dute. Ahal dutelarik, salerosketa egoeran dagoena laguntzen saiatzen dira; hala ere, gehienetan mehatxupean daudenez, “oso zaila” izaten da. Santos sutu egiten da gai horrekin, eta Espainiako Atzerritarren Legean zein beste herrialdeetako lege arrazistetan jarri du arreta: “Beti gaude salerosketarekin gora eta behera, baina inori ez zaio inporta zer gertatzen den mugekin. Linda Pornek Putas migras liburuan esaten duen bezala, lehenengo tratulariak eta proxenetak estatua eta Atzerritarren Legea dira”. 

Santosek harresiak eraikitzeko eta mugak kontrolatzeko egitura militar-industriala salatu, eta afera “errotik” lantzeko beharra dagoela azpimarratu du: “Ez diote jendeari libreki sartzen uzten, batzuk aberastu egiten dira, eta azkenean, estatuak berak biktimak sortzen ditu, gero Europako eta estatuko dirulaguntzak antolatzeko eta beraiek sortu dituzten biktimak salbatzeko”. 

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Kaleko lana galtzear
Hego Euskal Herrian sexu lana alegala den arren, kaleko lana zigortzen duten udal ordenantzak daude. Bilbon, esate baterako, espazio publikoaren ordenantzak debekatu egiten du kaleko sexu lana, eta isunak jartzen dizkiete langileei zein bezeroei. Santosek uste du sexu lana ez dela desagertuko, baina kaleko lana desagerrarazi nahi dutela horrelako neurriekin: “Sexu lana beharrezkoa da eta interesatzen zaie, baina ez dute nahi kalean ikusterik. Ez dute nahi putak ikusgai izatea. Hiri garbien kontua eta turismo masifikatua dela-eta, sexu lana pisuetan geratzea nahi dute”.

Zenbait herrialdetan egin du lan Ezkerrak, eta espazio itxietan bezala kalean aritu da. Leku guztien artean, kalea nahiago du: “Egia da agerian gaudela, baina behin emakume ona izan beharraren inposaketa apurtzen duzunean dena askatasuna da. Izugarrizko autonomia duzu eta zuk markatzen dituzu erritmoak”. 

Uste du kaleko lana galtzen ari dela: “Kide batzuek esaten dute garai berrietara egokitu behar garela, baina nik erresistentzia jartzen dut. Herentzia polita iruditzen zait, kideei eta gizarteari uzteko”. Bizilagunekin eta lankideekin saretzeko eta elkar zaintzeko modu bat dela dio: “Auzokoek beti ikusten gaituztenez lasaiago sentitzen dira. Neguan katilukada kafe ematen digute eta udan freskagarriak”.

Lan independentea aldarrikatzen dute, eta zentzu horretan, Ezkerrarentzat kalea independenteena da, ez diotelako beste bati etxebizitzagatik edo publizitateagatik  ordaindu behar. Santosek pisu batean egiten du lan, eta independenteak diren arren, inbertsio “handia” egin behar dela dio publizitatea eta pisua ordaintzeko. Hala ere, independentzia azpimarratu du: “Ez diogu inori lortzen dugunaren erdia ematen, eta guk erabakitzen dugu noiz lan egin eta noiz ez, norekin bai eta norekin ez. Ahalik eta gobernantza eta autonomia gehien ematen digun eredua aldarrikatzen dugu”. 

Sexu langileen kontura etekina ateratzeko prest
Sexu lana aitortuta dagoen herrialdeetan, debekatuta dago sexu langileen irabazien ehuneko bat exijitzea. Halere, Ezkerrak salatu du beste bide batzuk topatzen dituztela etekin ekonomikoa ateratzeko, adibidez, publizitatearen eta etxebizitzen prezioa nabarmen igoz: “Merkatua beti jokoan dabil. Gentrifikazioarekin gertatzen den bezala da, geroz eta soldata prekarioagoak daude, eta geroz eta aukera gutxiago ditugu etxebizitza duin bat lortzeko”.

Etxebizitzaren auziaz ari direlarik, Ezkerra etxe okupa batetik mintzatzen da, eta Santos sexu lanean aritzeko alokatutako pisu batetik. Santosek nabarmendu du etxebizitzaren kontuarekin “izugarrizko espekulazioa” dagoela, eta zailtasun handiak dituztela: “Ez du axola zenbat irabazten duzun, nahiz eta irakasle batek baino gehiago irabazi, nominak faltsifikatu behar dituzu eta zertan lan egiten duzun ezkutatu. Jende askok jaten du puten alutik lortutako ogitik: izan etxebizitzarekin espekulatzen dutenek, izan publizitatea egiten dutenek. Orain, adibidez, hiesaren kontrako batzordeak kondoiak fabrikako prezioan saltzen dizkizu, eta lehen oparitu egiten zituzten”. 

2022ko urrian Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen Soilik baietz da baietz legearen zirriborroetako batean klausula bat zegoen, zeinaren arabera sexu langile bati toki bat alokatu edo uzten zioten pertsonak proxenetismoagatik zigortuak izan zitezkeen. Azkenean,  Hego Euskal Herrian ez zen klausula onartu, baina Ipar Euskal Herrian antzeko neurri bat dago. Beste herrialde batzuetan ere indarrean dago. 

Santosek azaldu du horrelako neurriak oztopo direla: “Gure inguruan putok dugun sare solidarioa desartikulatzeko modu bat zen. Adibidez, indarrean egongo balitz, eta nire lankideak, sexu langilea izan edo ez,  etxea alokatuko balu, eta nik espazio horretan lan egingo banu, proxenetismoagatik akusatuta egonen zen. Edozeinekin gertatu daiteke, kide batekin, senarrarekin, alabarekin...”. 

Amets Santos, sexu langilea: “Sexu lana legeztatu-ez legeztatu eztabaidatik harago joan behar gara, eta gure beharrei erantzuten dion agenda eta iruditeria propioa sortu”

Nazioarte mailako bilkura
Sexu langileak ez daude Euskal Herrian soilik saretuta. Mundu osoan ari dira ehuntzen harremanak. Horren adibidea da, 2025eko abenduaren 16tik 18ra, Pereiran (Kolonbia) egin zuten sexu langileen nazioarteko goi-bilera. Sei ardatz aldarrikatzen dituzte: sexu lana lana dela aitortzea, kriminalizazio eta estigmatizazio instituzionala berehala etetea, pertsona etorkinak deskriminalizatzea eta eskubide osoa duten subjektuak direla aitortzea, seme-alaben zaintza kenduz sexu langileen familiak suntsitzeari uztea, osasun arreta osoa jasotzeko sarbidea, eta edozein langileri ematen zaion babes soziala ematea. 

Honela dio Ezkerrak: “Ezkertiar antikapitalistak gara, horrek dakarren guztiarekin: feministak, sexu lanaren eskubideen aldekoak, kuirrak, antikolonialistak, antirrazistak, eta batez ere, klase kontzientziadunak". Oso kontent dago topaketetan jasotako aldarrikapen eta gogoetekin. Nabarmendu du “oso konprometituta” daudela, eta komunitate bat sortu nahi dutela “eskuzabalagoa”, “ez horren indibidualista”, “maitekorragoa” eta errealitate ekonomiko, sozial eta kultural guztiak errespetatzen dituena: “Puton askapenarekin eta gure gorputzen, sexualitatearen eta erotismoaren liberazioarekin ezkerra interpelatu nahi dugu”. 2027an Europa mailako topaketa bat egin nahi dute; nazioartekoa izatea nahiko lukete, baina ez dute baliabide ekonomikorik.

Azkenik, kideek egiten duten militantzia lana goraipatu du, “oso zaila” delako “ertzetik” eta “bazterretik” borrokatzea: “Behin agerian zaudela, ez dago irtenbiderik. Borroka honetan aritzea izugarrizko konpromisoa da. Asko baloratzen dut kideen parte-hartzea. Oso seguru egon behar zara, zeren behin eta berriz agentzia kendu eta infantilizatu egiten baitzaituzte, eta presio politiko, sozial eta ekonomikoa sentitzen duzu. Behin hasten zarenean, ez dago atzera bueltarik, geroz eta indartsuago eta askeago sentitzen zara”. 
 


Prostituzioa kanalean gehiago
2025eko uztailaren 2
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...