Gelditzeko uneak iristen direnean, pausaldietan, ingurura begiratzeko tartea eskaintzen diogu. Eta besteak beste, etxeari begiratzeko parada izan dezakegu. Etxean hobekuntzak, bukatu gabekoak, aldaketatxoak egiteko begiak eta indarrak jartzeko unea etortzeko kabida dago. Eta ekimenaren plangintzan barne ahots bat bateratu daiteke hain entzuna eta barneratua dugun esaldia esanez: dirua izango banu zenbat gauza egingo nituzkeen...
Entzun izan dut dirua energia bat besterik ez dela. Askotan gerturatu zaizkigu bulegora esanez diru sarrera baten ondoren martxan jarri nahi dituztela aspaldi pentsatutako eraikuntza-lanak, izan txikiak edo handiak. Eta ederra da sarbidea duen diruak mugimendua izatea eta etxeko txoko baten materializazioan fisikalitatea hartzea. Dirua lekuz aldatzea, energiaren mugimenduan. Egikaritze momentua itxaron duen txokoak jasoko duen esanahiak balio handia du, espaziora inkorporatzeko moduagatik, hausnarketa fase desberdinak izan dituen ekintza izateagatik, desio pilaketa bati buru emateagatik. Neurrian eta zentzuz beteriko mugimenduak dira, diruak fisikalitatea ematen diotenak.
Diru askorekin etxe bat egiten aritzeak etxea bat-batean eta den-dena hasietatik bukaturik eta egina izatea ahalbidetuko du. Horrek erraztasuna eskaintzen duela ezin uka, baina aukera asko daude diruaren gehiegizko askatze mugimenduan beharrezkoak ez diren prestazioak eskuratzeko eta erabaki askotan diruaren erakuste nahi bat nagusitzeko (garestia dena aukeratuz). Diru xahutzeak eta diru askatze arinak eragin dezake dirua mugitzen ari den helburuarekiko hutsune bat sortzea, materializazioaren potentziari zuzenki eragiten diona. Hoztasun azal bat gaineratzen zaio eraiki denari, bizitasun eta emozio-lotura baten faltan. Diruak espazioen formalizazioan agindu izan balu bezala.
Gauzak egiteko, dirua baino gehiago dedikazioa eta mimoa behar ddirela esan nahi da, materializazioaren emozioari errespetua zor nahi badiogu behintzat.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.