Euskal literaturak ezagutu berri du Pol Guasch (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1997), bere Bihotzean napalma (Txalaparta, 2026) liburuarekin; aski ezagunagoa du, aldiz, Eider Rodriguez (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) ipuin eta nobela idazlea, Euskadi Literatura eta 111 Akademiako sariduna. Bi hamarkadak banatuta ere, bi idazleek elkarrekiko duten miresmenak eta elkarri egiten dizkieten erreferentziek egiten dute zubi-lana bien artean, Bilboko Azkuna Zentroan belarriak erne dituen publikoaren gozagarri. Maiatzean batu baititu Gutun Zuria Zabalik programak Guasch eta Rodriguez, eta Barrenak astintzen izenburupean jarri ditu elkarrekin berbetan, literatura “oso sukoiaz”: fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko muga lausoaz, material autobiografikoaz, eta horrek duen funtzioaz, besteak beste.
Zerk egiten du literatura? Zerk du sortzen ipuin bat, nobela bat, kontakizun bat? Berbek, esaldiek, elkarrizketek. Baina zelan kontatzen da harremana okertzen, usteltzen, galtzen doan bikote baten istorioa (Dena zulo bera zen, Susa, 2025); zelan aitaren heriotza (Eraikuntzarako materiala, Susa, 2021), suizidioa (Relíquia, Anagrama, 2026), idazleak eskura dituen berba bakarrak gainontzeko mundu guztiak dituen berberak direnean? Non dago trukoa, magia? Berbek esaten ez duten hori esanarazten dioten luman. Hala uste du Rodriguezek. “Nik ez dut hitzekin idazten, ez dut esaldiekin, paragrafoekin, testura linguistikoekin idazten. Nik testuak irudiekin sortzen ditut, eta hitzak egokitzen dira irudi horietara, beren lekua aurkitzen dute”, dio.
Baina idazketaren emaitza jaso aurretik, idazkia silabaz, berbaz, irudiz eta elkarrizketaz bete aurretik, zer idazten du idazleak? Nondik abiatzen da? “Ez dakigu zehazki”, dio Guaschek: “Idazten ari naizenaren zentzua beti diferituan jakiten dut, eta hori asko gustatzen zait idazkuntzatik, zentzua gerora errebelatzen baitzait”. Eraikitzen doa, beraz, zentzua. Testua. Kapaka, horrela egiten du Rodriguezek. Eta pixkanaka-pixkanaka sortzen joaten da. Begirada bat, keinu bat. Kontakizunaren “bihotza” aurkitu arte, gainontzeko kontakizunari “odola” bidaltzen dion elementura heldu arte. “Gero eta gehiago gertatzen zait testu bakoitzaren bihotza non dagoen jakitea. Eta askotan bihotz hori keinu txikiak izaten dira”.
Hitzak eta euren sinbologia aukeratzen dituzte, metaforen oso zaleak ez badira ere. Batzuetan esan ohi da momentu batzuetan hitzik barikoak izaten direla, ez dagoela berbarik egoerari egokituko zaionik. Horren aurka mintzatu da Guasch: “Hitzak beti huts egiten duela kontuan hartuta, beti egongo da aukera berba bat jartzeko”. Horixe baita idazketa batzuetan, hustasunari berbak jartzea. “Behar” bati berbak jartzea, literaturak premiak asetzen baititu, horixe dio Guaschek; beharrezkoa dela istorio hau eta ez bestea idaztea.
Eta gero, bakoitzari zein hizkuntza, eta zein tonu eman; hor ere badago koska. Rodriguezek Guaschi diotso nabaritzen dela bere azken nobelan bestelako estiloa idatzi duela: lehen bietan Bihotzean napalm-ean eta Ofert a les mans, el paradís crema-n (Anagrama, 2024) –Eskuetan paradisuak erre egiten du– hizkuntza poetikoagoa bazen ere, bere azken liburuan erabilitako hizkera askoz “sinpleagoa”, “working class-agoa” dela. Eta arrazoia eman dio Guaschek: “Liburu honekin nik ezin nuen poesiarik egin, ezin nituen esaldiak abstraktura eraman; esaldi luze bat sortzen ahalegintzen nintzen eta erori egiten zen. Zerbait zegoen berbei pisua ematen ziena”. Rodriguezi gauza bera gertatu zitzaion Eraikuntzarako materiala idazterakoan; ez zuen poesiarako lekurik aurkitu.
Bi liburu horien atzean dagoena zer den askotan galdetu diete bi idazleei. Alegia, autobiografiatik zenbat daukaten bien aiten heriotza kontatzen duten liburuek. Rodriguezek hasieratik aldarrikatu du Eraikuntzarako materiala ez-fikziozko nobela dela, material autobiografikoan oinarrituta badago ere, bere bizitzaren zati bateko “kapa bat” delako istorioak oinarri duena. “Ekuazioko lehen postuan literatura jarri zenuen”, lagundu dio Guaschek, hark ere entzun baitu antzeko galderarik bere Relíquia-rekin. “Gustatzen zait zerbait sakonki gezurra dena idaztea, batzuetan sakonki baita egia. Bereizketa ez dago egiaren eta gezurraren artean, bizitzaren eta heriotzaren artean baino, testuko bihotzaren eta bibratzen ez duenaren artean”.
Harago doa Guasch: “Agian egia da ez dagoela egiarik, ez fikzioan ezta ez-fikzioan ere. Agian egia bakar bat ere ez dagoelako gaude gu hemen hau esaten”. Egiaren eta gezurraren, fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko banaketa hutsala da, argi daukate, zaharkitua dago, aspergarria da; eta, gainera, ez du inolako garrantzirik. Vivian Gornick idazle estatubatuarra ekarri du gogora Guaschek, hark baitzioen ez zuela bere bizitzari buruz idazten; kontrara, bizitza erabiltzen zuen idazteko. Bada, horixe bera egiten dute euskarazko eta katalanezko literaturako bi izen handiok.