Hilketak Bilbo Handian


2026ko uztailaren 29an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Odol guztiak burdin gustua du 
Gregorio Muro Harriet eta Carlos Varela
Itzultzailea: Miel A. Elustondo
Harriet, 2026

--------------------------

Istorio zirraragarri honek XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierara garamatza; Bilbora, eta batez ere haren ezkerraldera. Gallartako (Bizkaia) meatze-herrian 1898an izaniko neskatxa baten hilketarekin hasiko da istorioa. Hamabost urte geroago Ikazkina ezizenez ezaguna den hiltzaileak jarraituko du neskatoak harrapatzen eta hiltzen. Eta Pablitok, 1898an arreba galdu zuenak eta orain ospitalean atezain lan egiten duen mutilak, hiltzailearen bila jarraitzen du buru-belarri. 

Misteriozko eta intrigazko istorioa da Harrietek idatzi eta Varelak ilustraturikoa, thriller bat; baina hori baino askoz gehiago ere bada. Liburuak dituen irakurketa maila askotarikoetan eta istorioaren inguruko informazio osatuan, garaiko kronika soziala aurki dezakegu: meatzarien lan baldintzak, grebak, ospitaletako egoera, futbolaren hastapenak –San Mamesen inaugurazioa barne–, Arriaga Antzokiko sutea... Salaketa ere aurkitu dezakegu, Areilza doktoreak, esaterako, meategietako beharginei buruz honakoa dioenean: “Gizajo hauek lan bila etorri dira honaino, bizi ahal izateko! Ez datoz bertan hiltzera! (...) Medikuntzak zauriak sendatuko ditu, istripua izan dutenen mina arindu ere bai, baina inoiz ez ditu sendatuko hilketa hau eragiten duen jendearen diru-gosea eta neurrigabeko irrika”. 

Pablito eta Jazintaren arteko maitasun istorio erromantikoa ere aurki dezakegu. Eta azken harreman horren bidez Bilboko goi mailako giroa ere ezagutuko dugu, dirudunen bizimodua, kultur giroa edo Elizarekiko harremana; izan ere, Jazinta meategietako jauntxo baten alaba dugu, erizain lanetan arituko dena ospitalean. 

Benetako gertakari eta protagonistak –aurretik aipaturiko batzuk, Areilza doktorea, Lehen Gerra Handiaren hasiera eta abar– eta fikziozkoak nahastuta eta egoki uztartuta, irakurlea harrapatuta geratuko da hasieratik komiki zoragarri honetan, ilustrazio lan ikaragarriari esker. Misterioa, langileen baldintzak eta borrokak, bigarren mailako pertsonaien garrantzia, garaiko bizimodua eta maitasunezko istorioa ageri dira, komikiari erritmo bizi eta erakargarria emanez. Horri gehitzen badiogu irudietan nabari den dokumentazio lana (garaiko lantegiak, arropak, makinak, eraikinak…) edo irudietako zuri-beltzak ematen dion giro gris, ilun eta lanbrotsua, are erakargarriago eta benetakoago bilakatzen du komiki paregabe hau. 


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...