“Gizarte mugimenduetatik borroka eginez gero, agian lortu daiteke turistifikazioa Bilbo osora ez zabaltzea”

  • Haurtzaroa Bilbon eman arren, Daniel Pardo Rivacobak (Zaragoza, Espainia, 1976) hogei urtetik gora daramatza Bartzelonan bizitzen, turismoak jandako hirian; bertakoen ekonomia pobretu eta ingurua suntsitzen dituen turismo eredu basatiaren aurkako mugimenduan murgilduta dago, hain zuzen ere. Bartzelonako El Prateko aireportuaren handitze planaren inguruko hitzaldia eman du Bilbon, Derioko Marikobaso plataformako kideekin batera, TURISMOA S.A. espolio baten kronika jardunaldietan. Abandoko tren geltokian elkartu da ARGIArekin, trenez egin baitu joan-etorria Pardok. 

Hibai Agorria/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

AENAren 2027-2031 plan estrategikoak, besteren artean, Loiuko aireportuaren handitze plana jasotzen du. Ezaguna zaizue hori Bartzelonan, El Prateko aireportua handitzeko plana aspaldi baitago mahai gainean. 

Hain zuzen ere, orduan sortu zen Zeroport kolektiboa, 2018-2019 aldera, hainbat erakunde eta talde El Prateko aireportuaren handitzearen aurka bildu zirenean. Lehen saiakera hura geldiaraztea lortu genuen; kanpaina indartsua egin genuen, eta 2021ean manifestazio jendetsu bat antolatu genuen. Halere, bagenekien berriro saiatuko zirela, eta hala izan da: duela urte eta erdi inguru egin zuten iragarpena. Itxuraz antzekoa da, baina oraingoan planteamendua are gordinagoa da, lurralde suntsipen are basatiagoa aurreikusten baita.

Izan ere, aireportuaren handitzearen eraginak bi multzotan sailka daitezke: eragin ekologikoak eta eragin sozialak. 

Gure kanpainaren zatirik ezagunena lurraldearen defentsa izan da. El Prateko aireportua Llobregateko deltan dago, Bartzelonako metropoli eremuan geratzen den azken inguru naturalean; proiektuak babestutako eremu naturalei eragiten die. Hori da aurreko saiakeraren gakoa. Oraingoan, lurraldearen defentsari garrantziarik kendu gabe, eredu ekonomikoaren alderdian jarri dugu fokua. 

Zer eragin du aireportua handitzeak herritarren bizitzetan?

Hasteko, monolaborantzan oinarritutako eredu ekonomiko batek ondorio tamalgarriak ditu herritarrentzat. Hau da, hiriko ekonomia guztia turismo sektorean kontzentratzen da. Politikariek ukatu nahi duten arren, turistei bideratutako aireportua sustatzen ari dira. Azpiegituren handitzeak automatikoki handitzen du turista kopurua, dagoeneko guztiz saturatuta dagoen hiri batean. 

"Turismoa kapitalismoaren
kontsumo zurrunbilo
basatitik askatu behar da"

Zenbakiei erreparatuta, zer nolako dimentsioa du planteamenduak?

Guk eta beste erakunde batzuek egin ditugun kalkuluen arabera, funtsean, urtean 55 milioi joan-etorri egitetik 80 milioi inguru egitera pasatzea litzateke. Hau da, El Prateko aireportuaren ahalmena %50 handitzea. Bartzelonak dagoeneko urtean 30 milioi turista inguru hartzen ditu, beraz, erokeria litzateke kopuru hori puzten jarraitzea. Tokian tokiko inpaktuaz gain, bestelako inpaktuak ere eransten zaizkio. Askotariko krisi bat bizitzen ari gara: ingurumena, klimatikoa, materiala, erregaien krisia... ez du zentzurik. Aireportuen edukiera nola murriztu eta beste mugikortasun molde batzuk nola sortu pentsatzen egon beharko ginateke, baina, tamalez, XX. mendeko hazkunde garaian aplikatzen zen eredua jarraitzen ari gara, errealitateari bizkarra ematen.

Horren aurrean, zein espazio duzue esku hartzerako?

Testuinguruari erreparatuta, gauzak aldatu egin dira 2021etik hona. Batez ere, testuinguru politikoari dagokionez. Duela bost urte, aurreko proiektua gelditzea lortu genuenean, udalean, Generalitatean eta Espainiako Gobernuan alderdi politiko ezberdinak zeuden. Orain dena da monokromatikoa, hiru mailetan agintzen du Alderdi Sozialistak. Lehen tirabira politiko batzuk zeuden, zarata handia sortzen zuten, eta aireportuaren bueltako edozein mugimenduk zarata mediatikoa sortzen zuen. Guri oso ondo zetorkigun arrakalak irekitzen joateko.

Zirrikituak itxi egin dira orain?

Isilik daude, baina piezak mugitzen ari dira. Hori da jolasa: ezer egin gabe, egitea. Aurrekoan olatua zegoen, eta guk olatu hori baliatu genuen gure mezua zabaltzeko. Orain, aldiz, edo guk sortzen dugu olatua, edo itsasoak bare-bare jarraituko du. Ezkutuan, ahopeka egiten ari dira zabalpena. Baina egiten ari dira.

Izan ere, berez, handitze plana proiektu fasean dago, diseinuan.

AENAk iragarri duen hurrengo bost urteetarako planean El Prat aeroportua handitzeko zenbait ekintza jasotzen dira, baina azalera handitzea aurrerago izango litzateke, hurrengo planean; 2032tik aurrera. Halere, oraingo planean jada zabaltze horretara bideratutako gauza batzuk egiten badira, gero praktikoki atzeraezina izango da.

Adibidez?

Gaitasun operatiboa handitzea. Azpiegitura gehiago eraikitzeaz gain, estrategia desberdinak dituzte, Kataluniak, oro har, ahalmen operatibo handiagoa izan dezan. Garbi daukaguna da, baita ere, gizartearen gaitzespena aktibatzeari ekin behar diogula. Horretan ari gara: irailaren 20an mobilizazio handi bat egingo dugu. Bartzelonako gizarte-mugimendu guztietako hainbat erakunderekin elkarlanean ari gara, uste dugulako beste mobilizazio historiko bat antolatzea beharrezkoa dela.

Hibai Agorria/ARGIA CC BY-SA

Norantz egin beharko genuke bidea?

Aireportuak zabaltzera bideratzen ari diren milioiak, adibidez, tren bidezko mugikortasuna sustatzera bideratu beharko lirateke. Ordu eta erdi berandu heldu naiz gaur Bilbora, eta horrelako atzerapenak etengabe gertatzen dira trenbide sarean. Milioiak AHTak eta aireportuek jasotzen dituzte, turismo-industriak erabiltzen dituzten garraiobideek. Herritarrek, ordea, egunerokoan beste garraiobide batzuk erabiltzen dituzte. 

Hori da defendatzen duzuen eredua?

Mugikortasun ereduaz ari bagara, jakina. Guk hegaldi kopurua murriztea defendatzen dugu. Hasteko, jet pribatuak eta gaueko hegaldiak deuseztatu beharko lirateke. 

Desazkunde turistikoaz ari zarete. Nola definituko zenukete?

Gure ustez, turismo sektoreak ekonomian duen pisua murriztea eta sozialki eta ingurumenarekiko justuagoak diren beste sektore ekonomiko batzuk sustatzea da desazkunde turistikoa. Tokian tokiko herritarren bizitzarekin eta lurraldearekin bateragarriak diren sektoreak sustatu behar dira.

Zer ikusten duzu hemen, Bilbon?

"Gaur egungo
turismo ustiapen maila
hazten ez bada ere,
herritarrak kanporatzen
eta bizitza higatzen
jarraitzen du"

Duela bospasei urte Bilbora etortzean iruditzen zitzaidan hiriak oraindik eutsi egiten ziola. Orain, aldiz, denbora tarte oso laburrean amiltze izugarria egon dela iruditzen zait. Frankiziak nonahi, inbertsio funtsen gorakada… Dena den, auzoka ezberdina da. Bilboko zenbait leku jada oso erreta daude, Alde Zaharra adibidez; baina esango nuke oraindik ez duela hiri osoa erasan. Ez dugu lasaitu behar, baina gizarte mugimenduetatik lan eta borroka ona eginez gero, agian lortu daiteke Bilbo osora ez zabaltzea. 

Turismoaren bueltan pil-pilean dagoen beste kontuetako bat da tasa turistikoa. Katalunian dagoeneko indarrean da, Euskal Herrira datorren urtean helduko da. 

Fenomeno bitxia da. Jatorriz, ekintzaileen aldarrikapen bat izan da. Beraz, gobernuak hori arautzen duenean, zerbait ez doa ondo. Baina tasa turistikoa ez da  turista kopurua murrizteko tresna bat, ez gaitezen tranpan erori. Ez da turismoak sortzen dituen gaitzen irtenbidea. Bildutako diruaren erabileran jarri behar da fokua. 

Nola funtzionatzen du Katalunian?

Bartzelonaren kasuan lotsagarria da. Lehen are okerragoa zen, baina gaur-gaurkoz biltzen den diruaren hiru laurden turismoa sustatzera bideratuta dago. Hori da gakoa. Bartzelonan hoteletako lobbyak ahalegin betean ibili dira tasa turistikoa ezarri ez zedin. Estrategia aldatu zuten arte: “Ados, aurrera tasa turistikoarekin, baina guk ezarriko ditugu baldintzak”. Emaitza: bildutako diruaren zatirik handiena turismoa gehiago sustatzera bideratzea. 

Noiz arte? Turismo basatiak toperik al du? 

Muga fisikoa dela esan dezakegu: datuen arabera, turistek Bartzelonara ez bidaiatzeko duten arrazoi nagusia da turista gehiegi daudela. Halere, gaur egungo turismo ustiapen maila hazten ez bada ere, herritarrak kanporatzen eta bizitza higatzen jarraitzen du. Guk ekonomiaren dibertsifikazioa defendatzen dugu, pertsonen bizitza eta lurraldea kontuan hartzen dituen ekonomia. Zaila da hori marko kapitalistaren esparruan egitea, turismoa egungo kapitalismoaren abangoardia baita. Esperimentuak egiteko laborategi moduko bat da, probatzeko eremua. Gu ez gaude turismoaren aurka, gaur egun turismo gisa ulertzen den ikuspegi hegemoniko eta inposatuaren aurka gaude. Ez gaude oporren aurka, ez gaude atsedenaren aurka. 

Hegemoniaren kontra, ba al dago alternatiba eraikitzeko aukerarik?

Turismoa kapitalismoaren kontsumo zurrunbilo basatitik askatu behar da. Hurbilago begiratu behar dugu, mantsoago, atseden hartzeko beste modu bat bilatu. Halere, gure egunerokoa gero eta frenetikoagoa da, eta horrek atsedenerako gero eta behar handiagoa sortzen du. Baina oporretan gaudenean askotan ez dugu atseden hartzen. Korrika goaz, presaka, ihesi. Beraz, ez dut uste aldaketa kontzientzia hartzetik helduko denik. Aldaketa, egongo bada, turismo ekoizpen ereduaren iraultzak baimenduko du. Eredua aldatu beharra dago, eta guk horren alde egiten dugu. Hori, edo krisi batek dena pikutara bidaliko du. Gure ideia da aldaketa planifikatua sustatzea, era ordenatuan eta beste sektore batzuen garapena bultzatuta.

Badago adibiderik? 

Amsterdamgo Seapol aireportuan, adibidez, hegaldi kopurua murriztea erabaki dute. Kostata emandako urratsa da, eta oso murrizketa diskretua da, baina bada zerbait. Aurrekari bat izan daiteke.
Aire bidezko garraioan asko zentratzen naiz, egungo gakoetako bat hipermugikortasuna delako. Bidaiatzeko beharra sortu egiten digute, eta hori sostengatzeko merkantzien eta kontsumitzaileen hipermobilizazioak uneoro sustatu behar dira, etenik gabe. Horiek gabe, kapitalismoak ez du funtzionatzen.   
 


Irakurri gehiago: Turismo masiboa Ekonomia Turismoa
Turismo masiboa kanalean gehiago
2026ko apirilaren 7
Barra warroak
Sex on the beach

2026ko martxoaren 11
Makillajea

2025eko irailaren 17
Gurutzatuta

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...