Maskak taldeak Ziklikoa izeneko bigarren diskoa atera zuen iragan neguan. Itsasu (Lapurdi) eta Bidarraikoak (Nafarroa Beherea) dira partaideak: Patxi Cazenave (ahotsa), Thomas Saragueta (bateria), Battitt Etchart (teklak) eta Betti Albor (gitarra). Kontzertuz kontzertu dabiltzala, ARGIAk azken biekin egin ahal izan du elkarrizketa.
Buruz buru lehen diskoa (2024), eta Ziklikoa (2025) bigarrena. Aldatu zarete zerbait, ala?
Betti Albor: Lau kide gara taldean, eta ia bi urte horietan gu ere garatu gara. Ohartu ginen laurok maite genuela musika elektronikoa. Estilo horrek hunkitzen gaitu, eta estilo aldaketa aski naturalki gauzatu da. Ez genuen bakarrik rock estiloan blokeatuak izan nahi.
Ziklikoak albumeko lehen pista 00:00 deitzen da. Estilo aldaketa erakusteko da, zerotik hasi bazinate bezala?
Battitt Etchart: Bai. Lehen pista horrek biribiltzen du ondotik disko osoan entzungo dena. Ez da hitzik entzuten, eta sortze berri bat bezalako soinua proposatzen dugu.
Albor: Lehen pista aski progresiboa da. Sintetizadore soinuak entzuten dira, eta arnas berri bat irudikatzen duen giro batera eramaten gaitu. Enbrioi bat garatzen dela sentitzen da.
Etchart: Taldea sortu genuelarik, rocka eta elektronika nahasi nahi genituen, baina ez genekien nola egin. Sortu genuen lehen maketan lehen partea rocka zen, eta zubi baten ondotik rocka utzi eta elektronikoa zen osoki. Horregatik, pop-rock estiloa zuen lehen diskoak. Bigarren albumerako, aldiz, denbora gehiago hartu dugu musika elektronikoa lantzeko.
Estilo aldaketaz aparte, zein da lan berriaren mezua?
Albor: Kantuetan harremanak aipatzen ditugu. Ohartu gara harreman guziek ziklo bat ukaiten ahal dutela. Adibidez, dolua hogei aldiz sentitzen ahal duzu zure bizian eta doluaren etapa ezberdinek ziklo bat osatzen dute. Hastapenean ez duzu egoera ulertzen, gero haserre zara, hurrena triste eta azkenean doluarekin nola bizi ikasten duzu. Kantu guziek biziaren etapa bat aipatzen dute. Albuma hasten delarik, lehen pistan enbrioia zara, bizia hasten da, eta zu ere garatzen zoaz kantuz kantu.
Erran ote daiteke album kontzeptuala dela?
Albor: Bai, zerbait kontatu nahi dugu-eta. Helburua ez da kantu bat entzutea, eta besterik gabe beste pistara pasatzea. Kantuen arteko hari bat bada.
Etchart: Lagun baten oharrak plazer egin dit: erran dit aspaldi ez zuela ukan hasieratik bukaerara entzun behar zen albumik.
Anakronikoa ote da, beraz, hasi eta buka entzuteko lan bat argitaratzea 2026an?
Etchart: Egia da gaur egungo plataformek ez dutela album kontzeptualaren ideia laguntzen. Spotify bezalako plataformetan kantu zerrendak sortu ahal dira artistak, estiloak eta garaiak nahasita, baina nik uste, artista bat benetan ezagutu nahi baduzu, hobe dela bere lana osorik entzutea eta ez bakarrik like gehien dituztenak. Inportantea iruditu zitzaigun Ziklikoa hasieratik bukaerara osorik entzun behar izatea gure lana ulertzeko.
Kantuen arteko haria mantentzeko, hitzek garrantzia dute beraz. Zuek idazten dituzue?
Albor: Gaitasunik ez dugu literaturan. Hiru idazlerekin egiten dugu lan: ene arreba Haize Albor, Antton Larrandaburu eta Ahetz Etxarte.
Zure arreba kantari gisa ere ageri da.
Albor: Gure gorputzen oihua kantuan kantatzen du. Besteen begiradagatik, gure gorputzarekiko dugun ikuspegia nola aldatzen ahal den kontatzen du kantu horrek. Pentsatzen dugu are larriagoa dela emazteentzat, eta horregatik ez genuen nahi gizon baten ahotsa izatea kantu osoan. Beraz, arrebak hitzak idatzi zituenez, berari galdegin genion gurekin kantatzeko.
Aita ere musikaria duzu: Philippe Albor. Talde anitzetan ibilitakoa, eta musikaren transmisioan lan egiten duena. Musikan hezi zaitu segur aski, ez?
Albor: Bai, aitaren pasioarekin handitu naiz. Etxean badira hamar gitarra, eta inkontzienteki beharbada zaletasun hori transmititu dit. Ez dut sekula kurtsorik hartu berarekin. Ez dit gitarra erakatsi, ezta kantua ere, baina ingurune horretan handitu naiz eta naturalki egin da, nahiz eta kolegio garaian ez nuen musika maite. Baina pasioa benetan piztu zen berantago, lizeoan. Gitarra kurtsoak hartzera animatu ninduen aitak, eta musika maitatzen hasi nintzen berriz.
Eta zu, Battitt, musika familia batetik heldu zara?
Etchart: Batere ez. Baina txikitatik dut musika maite. Sei urte nituela bateria ikasten hasi nintzen, gero gitarra ere bai. Lizeoan ohartu nintzen ordenagailu batekin musika egiten ahal zela, eta teklak ikasten hasi nintzen ene baitatik. Gauza txarrak egiten nituen hastapenean, ustelak. Baina Bettik talde bat sortzeko proposamena egin zidan, rock elektroniko estilokoa. Berak gitarra bazuen, Thomasek bateria zuen, eta teklak behar zituzten. Erran nien ez nekiela ontsa jotzen, baina joko nuela erran zidaten.
Aipatzen duzuen hastapen taldea, Kakolak ote da?
Albor: Hala da. Covid garaian hasi ginen lagun artean bildu eta musika jotzen. Berri Txarrak, System of a Down... Ongi ibili zen. 40 data egin genituen bi urtez Ipar Euskal Herrian. Eszena mundua deskubritu genuen, eta ez genuen utzi nahi izan. Beraz talde berri bat sortzeko asmoa izan genuen, eta Battitt jin zen gurekin.
Etchart: Sekulakoak egin nituen jadanik haiekin. Oroitzen naiz egun batez alboka jo behar izan nuela fandago bat emateko. Horrela hasi zen dena.
Eta ez duzu alboka jo nahi Maskakekin?
Etchart: Gurasoek erraten didate beti entseatzeko, baina esplikatzen diet ez dela gure norabide artistikoa. Hastapenean Euskal Herriko musika tresnak ezarri nahi genituen taldean, trikitia bezalakoak, baina fite ohartu ginen ez zela guretzat egina.
Beraz, ongi ulertu badut, Maskak sortu aitzin, halako segitzaileak bazenituzten jadanik?
Albor: Sare sozialak bagenituen, eta izena aldatu genuen. Kakolak izan ordez, Maskak zen, eta egun batetik bestera 1.500 pertsonak Maskak ezagutu zuten. Ez da gaizki.
Sare sozialak aipatzen dituzuenez, taldearen irudia anitz zaintzen duzuelako inpresioa ematen duzue. Hala da edo ez?
Etchart: Taldea sortu genuenetik saiatzen gara kalitatezko lana erakusten arlo guzietan, ez musikan bakarrik, komunikazioan ere bai, jantzien eta argazkien aldetik, edo eszena gainean argiekin. Haitian Olhagarayk laguntzen gaitu anitz horretan. Albumaren azala egiteko deitu genuen hastapenean, baina gero argazkiak hartzeko galdegin genion, eta orain, Haitianek taldearen irudi osoa kudeatzen du.
Albor: Gaur egungo garaian biziki garrantzitsua da irudi ona erakustea. Kasik musika baino garrantzitsuagoa dela erranen nuke. Ez baduzu irudia aski ongi zaintzen, entzule gutxiago ukanen dituzu.
Etchart: Talde anitzek musika bikaina jotzen dute, baina ez dute komunikaziorako denborarik hartzen, eta ez dira aski ezagunak. Alta, musika bikaina jotzen dute.
Fenomeno hori berria ote da benetan?
Albor: Bai, berria da. Garai batean klipek garrantzi handia zuten, baina orain taldeek sare sozialak behar dituzte.
Etchart: Ikerketak izan dira, eta zure bideoak hiru segundo baditu erakargarri izateko. Beraz, guk gure irudia anitz lantzen eta zaintzen dugu sare sozialen bidez Maskak ezagutarazteko.
Albor: Entzun dut gero eta musikari gehiagok hiru eta hogei segundo arteko musika pasarteak konposatzen dituztela sare sozialetan entzunak izateko. Horraino ere sare sozialek baldintzatzen dute musika ekoizpena.
Eta diskoei buruz zer erran daiteke? Albumak ekoizten dira oraindik ere, baina plataformen bidez entzuten da musika nagusiki.
Etchart: Etxeetan eta autoetan kasik ez da gehiago diskoak irakurtzeko tresnarik, baina hala ere, musika talde gisa, garrantzitsua da albumak ateratzen segitzea. Gure lana borobiltzen du, eta balioa ematen dio gure ibilbideari.
Albor: Hala ere, gero eta disko gutxiago grabatzen dira. Single-ak ateratzen dira bata bestearen ondotik, entzuleek gero eta denbora gutxiago hartzen baitute album osoak entzuteko. Musikari gisa frustragarria da hamabi kantu konposatzea, horiekin albuma ekoiztea, eta jakitea plataformetan bakarrik hiru kantu ibiltzen direla eta beste bederatziak pikutara doazela. Hitz egin dugu jadanik horri buruz, baina horregatik erabaki genuen album kontzeptual bat sortzea, kantu guztiak entzunak izateko.
Zuek ongi saltzen ote dituzue albumak?
Etchart: Urtean zehar ez hainbeste, baina Durangoko Azokan bai. Aitortu behar da, baita ere, jende batzuek gure albumak erosi dizkigutela gure proiektua sustengatzen dutelako.
Albor: Hori da euskal kulturaren errealitate bat. Kultura, hizkuntza eta bien artean egiten diren proiektuak sustengatzen ditu oraindik ere euskal gizarteak. Sustengu hori ez balitz, diskoak are gutxiago salduko ziren Euskal Herrian. Frantziako hiri handietan, hemendik hurbil Bordelen adibidez, talde gutxik ateratzen dituzte albumak fisikoki, hemen dugun sostengua ez dutelako han.
Musikari esker bizitzeko gogoa duzue. Intermitente izateko bidean zarete. Intermitentzia zer den azaltzen ahal duzue?
Albor: Musikari edo teknikariei ematen zaien dirulaguntza da intermitentzia. Frantziako Estatuan atzematen da. 507 lan oren deklaratu behar dituzu urtean, gure kasuan musikan, eta indemnizazio bat jasotzen duzu. Azkenean, musikari eta intermitentziari esker, hilabetero lansaria duzu. Musikari zarenean, usu lan egiten duzu hiru hilabetez udan gelditu gabe, anitz akitu arte. Intermitentziari esker, neguan kontzertu gutxiago dituzularik, indemnizazioa baduzu eta zure proiektu berriak lantzen ahal dituzu.
Zaila ote da musikari esker bizitzea, musika hori euskaraz egiten delarik?
Albor: Bai eta ez. Eszena aberatsa bada Euskal Herrian, eta publikoak euskarazko musika eskatzen du. Euskal Herrian fiteago ibiliko da euskarazko proiektu bat erdarazko bat baino. Hala ere, halako muga bada, nahi ala ez, hizkuntzagatik. Euskal talde gutxik egin dute munduko itzulia.
EITBren Gaztea irratian erran zenuten Maskak euskaraz izanen zela edo ez zela izanen. Euskaraz kantatzea engaiamendua da, ala naturalki egiten duzue?
Etchart: Taldean euskaraz kantatuko genuela aski naturalki egin zen hastapenean. Betti eta biok Seaskatik pasatu ginen, Patxik euskara etxean jaso zuen, eta Thomas euskara ikasten ari da intentsiboki. Euskaraz kantatuko ote genuen ala ez, ez zen halako galderarik izan. Euskaraz eginen genuen, eta euskaraz egiten dugu.
Iduri du kontzertu gehiago dituzuela Hegoaldean, Iparraldean baino.
Etchart: Aurten egin dugun hautua da Hegoaldeko kontzertuei lehentasuna ematea. Iparraldeko talde batentzat zaila da Hegoaldean jotzea. Horretarako, Tolosako (Gipuzkoa) Bidean ekoiztetxean sartu ginen, eta horri esker ateak irekitzen zaizkigu gehiago Hegoaldean.
Hala ere, Ziklikoa albumaren aurkezpen kontzertuan Ezpeletan (Lapurdi) egin zenuten.
Etchart: Eta bikain pasa zen. Kasik 1.000 lagun etorri ziren gu entzutera. Adin guztietako pertsonak baziren, ez bakarrik gazteak. Aitatxi eta amatxi batzuk ere baziren, guraso anitz.
Albor: Rave edo tekno mundua Ezpeletara eraman nahi genuen, eta lortu dugu. Herriko gela transformatu genuen gure kontzerturako. Apainketa berezia gauzatu genuen. Murgiltze moduko bat
izan zen publikoarentzat.
Musikari esker bizitzeko gogoarekin segitzeko, 24/7 kantuan lan munduari buruz hitz egiten duzue. “Bizitza ez dut bizi. Bizitzak hiltzen nau” diozue.
Etchart: Anitzek pasatzen dute bizi osoa lanean goizetik arratsera. Erretretan direlarik, gazte denborako ametsak bete nahi dituzte, baina ohartzen dira zaharregiak direla. Guk orain bete nahi dugu gure ametsa. Lehen, tornularia nintzen.
Albor: Geografia, ingurumena eta zientzia politikoetan lizentzia dut, eta musikarekin lotuak ez diren lan anitz egin ditut. Lantegietan lan egin dut, hargintzan, zurgintzan, biper ekoizpenean, baratzezain eta Xalbador kolegioan musika irakasle ibili nintzen ere bai. 24/7 kantuan, kapitalismoaren kontrako haserrea aipatzen dugu. Guk ulertu dugu aski fite ez genuela lanaren errutina horretan sartu nahi maite ez genuen lan bat egiteko.
Badira musika eskoletan noizbait talde bat sortzeko eta musikari esker bizitzeko ametsa dutenak. Zer erranen zeniekete?
Albor: Egin nahi duten gauzetan sinesteko...
Etchart: Zerbait lortu nahi badute, pasionatuak izan behar dute, eta bizi osoa horretan ezarri behar dute. Eta pertsona onak entzun.
Albor: Eta zurrumurruei kasurik ez egin. Guk entzun dugu, Maskak taldeari buruz, Iparraldeko musikariak ez zirela prest gurea bezalako proiektuetan sartzeko. Gure hautu hori biziki kritikatua izan da. Batzuek diote kodeak badirela musikan nahiz eta nik ez dudan sinesten horretan. Erran omen dute kodeak ez ditugula errespetatu, eta kritika anitz izan ditugu. Beraz, kritikak entzun behar dituzu konstruktiboak direla, besteak filtratu behar dituzu.