Ezer baino lehen, bihoa erabateko elkartasuna baxoa euskaraz egiteko borrokan ibili diren gazteei; desobedientzia oso tresna baliagarria dela erakutsi dute. Baita USaPeko azterketan Euskara ikasgaiko laginak zuzendu dituzten kideei ere, agerian utzi baitute aspaldi dakiguna: soilik murgiltze ereduak euskalduntzen du, eta ez beti.
Esaminak eta irakas-eredu tradizional batzuk bizi-bizi daude gure irakaskuntzetan: derrigorrezko hezkuntzan, batxilergoan, unibertsitatean, Lanbide Heziketan, euskaltegietan.... Gure hizkuntza lotuegi dago askoren iruditerian azterketekin. Zama galanta salto egin nahi duenarentzat!
Egun, Euskal Herrian lanpostu publikoetarako euskara-maila egiaztatu behar da; logikoa eta zilegi. Izan ere, ondotxo dakigu euskaraz artatu ezin gaituen langile batek nolako eskubide-urradura sortzen digun erabiltzaile zein lankideoi.
Baina gaitasun-berme horiek azken-proba batean oinarritzeak albo-ondorio latzak ekarri dizkigu; azterketek gure hezkuntza osoa goitik behera baldintzatu dute, eta, bereziki, helduen euskalduntze sistema. Batxilergoko bigarren ikasturtea makro azterketa-prestaketa jasangaitza da, eta PISAren antzekoek ere erabat baldintzatzen dute irakas-jarduera... Euskaltegietakoa beste maila bat da.
Hezkuntzan gauden guzti-guztiok dakigu azterketen sistemak hutsune handiak dituela: motibazio eskasa eragiten du, ez du gaitasuna bermatzen...
Hezkuntzan gauden guzti-guztiok dakigu azterketen sistemak hutsune handiak dituela: motibazio eskasa eragiten du, ez du gaitasuna bermatzen, irakaskuntzaren ardatz bihurtzen da eta hainbat ebaluatzailerengan ere eragin kaltegarria du. Teoria guztiek eta gure dokumentu didaktikoek, gainera, kontrakoa proposatzen dute, hau da, ebaluazio hezitzailea, genero-aniztasunean oinarrituta, ahozkoa lehenetsita, ebaluazio jarraitua... Egiaztatzea ere horretan oinarritu behar da; ez azterketetan. Eta hor malgutasunak badu lekurik! Jakina!
Badakit Europako Erreferentzia Markoak ezartzen dituela mailak, eta azterketak Europa osoan berdin samarrak direla; eta zer? Gurea hizkuntza gutxitua da, baina komunitate berezia ere bagara. Jar ditzagun indarrak benetako aldaketa sakona diseinatzen, formazioan, materialgintzan eta baliabide digitalak zein ukigarriak eskuratzen eta sortzen. Eta gure irakaskuntza guztiak geure helburuen, beharrizanen eta egiteko moduen arabera antolatu eta ebalua ditzagun.
Akordioa erdietsi dute EAEko parlamentuko alderdi nagusi biek, lege dekretua onartu eta aurrera begirako jarraipena egiteko. Ederto iruditzen zait, ojo! Baina, bira dezagun fokua. Ez gaitezen epaitegiei begira egon. Gu geurera, pizkunde berriak tamainako eraldaketak eskatzen dizkigu eta.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.