Eguzkia itzali eta irudimena piztu

Danteren Divina Commedia-ren ilustrazioetako bat, giovanni di paolok egina. Idazleak aipatzen duen eguzki eklipsea eszenaren erdian dago marraztuta.
Danteren Divina Commedia-ren ilustrazioetako bat, giovanni di paolok egina. Idazleak aipatzen duen eguzki eklipsea eszenaren erdian dago marraztuta. Argazkia: British Library
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Paros uhartea (Egeo itsasoa), K.a. 647ko apirilaren 6a. Eguzki-eklipsea gertatu zen, eta Arkiloko Paroskoak horri buruzko poema bat idatzi zuen papiro biribilki batean: “Gertakari ezustekorik, sineskaitzik eta harrigarririk ez da izango, Olinpiarren aita Zeusek eguerdiaz gaua eginez geroztik, Eguzki distiratsuaren argia ezkutatuta. Gizakiei izu hezea etorri zitzaien bat-batean…”.

Eta izu horrek artista eta idazleen irudimena piztu, igarleen poltsikoak bete, jainko-jainkosen haserrea gorpuztu eta interes politikoak asetu ditu historian zehar. Datorren abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen aitzakian, SEA Espainiako Astronomia Elkarteak Un mundo de eclipses atlas interaktiboa jarri du sarean; Antzinako Greziako poema hori eta hainbat toki eta garaitako beste 123 erreferentzia jasotzen ditu: “Eklipsea bada, erregea hilko da” dioen Mesopotamiako idazkun kuneiformea, 1097 urteko eklipsea irudikatzen duen petroglifo anasazia, Maria Clara Eimmart astronomo eta artistak 1706ko eklipseaz egindako marrazkiak…

Antzinako Greziako astronomoek bazekiten eguzki-eklipseak zergatik gertatzen ziren, horiek aurreikusteko metodoa ere topatu zuten eta, besteak beste, Ilargiaren tamaina eta Lurrarekiko distantzia kalkulatzeko gai izan ziren eklipseei behatuta. Eta, Herodotoren arabera behintzat, fenomeno horrek ez zuen beti zorigaitzik ekarri: behin, lidiarren eta mediarren arteko gudu betean, eguzkia itzali zen eta, gertakariak txundituta, bi aldeek bakea adostu zuten; K.a. 585ko maiatzaren 28ko eklipseaz ari zen historialari greziarra.
Erlijio gehienek azalpen zientifikoak baztertu zituzten: AntzinakoTxinan dragoi batek irensten zuen Eguzkia; eskandinaviar mitologian, Sköll otsoa zen izarra jazarri eta estaltzen zuena; kristautasunak jainkoaren gaztiguekin edo Azken Juiziorekin lotu du fenomeno astronomikoa… 632ko urtarrilaren 27an, batera gertatu ziren eguzki-eklipsea eta Mahomaren seme Ibrahimen heriotza. Baina profetak ez zuen kointzidentzia baliatu eta zera esan omen zuen: “Eguzkia eta Ilargia ez dira inoren heriotzagatik eklipsatzen”.
Eklipseek beti eragin izan duten harridura eta izuari esker, fenomenoa ulertzeak boterea ematen du ulertzen ez dutenengan, eta hori ederki baliatu zuen Kristobal Kolonek. 1504ko otsailaren 29an Jamaikan zegoen eta, bere astronomia-jakintzari esker, bazekien egun hartan eklipsea gertatuko zela. Nazkatzen hasiak ziren jamaikarrak beldurtzeko eta erresistentzia saiakerak itzaltzeko erabili zuen hori. Eklipseek ez baitute berez zorigaitzik ekartzen; haien erabilera interesatu eta okerrak, ordea, bai.  


Irakurri gehiago: Historia Denboraren makina
Historia kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...