Delfina Acostak Euskal Herrian pasa zuen maiatzeko azken astea. Nik Durangon entzun nuen lehen aldiz, Oihana Arana eta Maria Oses poetekin elkarrizketan. Orduko hartan, jendaurrean jarduten den guztietan bezala, nondik pentsatzen eta hitz egiten zuen argitu zigun ezer baino lehen: bere ekarpen guztiak trabesti guaraniaren posiziotik egingo zituen, hortik ikusten, sentitzen eta ulertzen baitu mundua. Segidan, gonbidapen bat egin zigun, geu ere hurbil gintezen trabesti-izate horretara. Elkarrizketa honen bidez, zuenganaino hedatu nahi nuke gonbita.
Poeta eta aktibista trabesti guarania. Komunikazio soziala ikasi zuen, eta gaur egun doktoregoa egiten ari da Saltako mugimendu trabesti-transaren inguruan, besteak beste trava ancestralidad [antzinakotasun trabestia] kontzeptua landuz. Mugimendu Trabesti Indigenako kidea da, eta iaz bere estreinako poesia-liburua argitaratu zuen: Trava, palabra mala.
Lehenik eta behin, zeure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke.
Orán-en jaio nintzen, 1994an. Lurralde horretan bizi naiz, hiru ibaik inguratzen duten lurralde horretan, eta, egiaz, ez dakit esaten Argentina edo Bolivia den, kontatu diguten historia geografiko markatuaz aparte –zeinaren arabera nire jaiolekua Argentina baita–. Baina nik ez daukat oso argi, eta ez dut argi eduki nahi. Ez dut horretan sinesten.
Bestalde, ni jaio nintzenean garai zaila zen Argentinarentzat. Familia politizatu batean jaiotzeko zortea izan nuen. Gure ama ezaguna da herrian, alderdien politikagintzan aritu izan zelako, hautagai gisa garai batean, eta herrigintzan ere beti oso presente ibili izan delako. Jende askok, egia esan, haren alaba naizelako ezagutzen nau.
Nola deitzen da zure ama?
Hilda Pérez. Senda auzoan hazi zen. Inguru horretako auzoak, berez, komunitate indigenak ziren, baina hiri-egitatearen eraikuntza tarteko, auzo bilakatu dira. Edonola ere, amak, gaztaroan, lagun trabesti asko izan zituen; bizitza osoan gertuko izan ditu. Horregatik, marikoikeria bere familiaren muinean agertu zenean, berak bazeukan tresna nahikoa egoera intimo eta familiar horri eusteko.
Noiz izan zen hori?
Bigarren hezkuntzaren eta unibertsitatearen arteko une horretan lehertu zen trabestitasuna nire gorputzean, orduantxe jaio zitzaidan barrenean trabestiek duten taupada etengabe hori. Amak, orduan, oso zuzen eta zintzo hitz egin zidan, zeren, nire gurasoek oso modu ederrean lagundu ninduten arren, amak bazekien kanpoko mundua ez zela beti halakoa. Hori dela eta, zera esan zidan: “Begira, nik ezin dut zurekin egon denbora guztian, ezin dizut autobusera edo kalera aldiro lagundu, baina, oraingoz, unibertsitateko ikasketak egiteko aukera eman ahal dizut”. Izan ere, unibertsitateak bizitzarako tresnak eman ahal zizkidala uste zuen. Halaxe bidali ninduen unibertsitatera, eta, egia esan, asko eskertzen diot.
"Naziotasun argentinarra eraikitzeko, gure lurraldeen eta gure aiton-amonen gorputzen gainean gauzatu diren indarkeria guztiak bazterrean uzten dira"
Non ikasi zenuen?
Tartagal-en. Saltako probintzian dago hori ere, Boliviarekin mugan. Komunikazio Soziala ikasi nuen, eta ikasketen barruan bazegoen Komunikazio komunitarioa zeritzon ikasgai bat. Irakasleak irrati indigena batera gonbidatu gintuen, eta une hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. Familian lehenago ere egin izan nituen gure indigenismoari edo jatorriari buruzko galderak, baina gai delikatua zen, amonaren minak berpizten zituelako besteak beste, eta ez zegoen mahai gainean denbora guztian.
Orduan, unibertsitateko lehen astean irrati indigenera joan, eta hara non Casandra Sanz ezagutu nuen, Diversamente irratsaioaren gidaria. Trabesti zahar bat zen, bere burua indigena moduan aurkezten zuena gainera, eta oso argia zen transbertsalitateari eta lurraldeari buruzko kontuetan.
Mugarri bat izan zen zuretzat.
Munduak eztanda egin zidan. Ordura arte, trans izateari buruzko nire iruditegia distirarekin, inauteriarekin eta gorputzaren joritasunarekin lotuta zegoen osorik. Eta Casandra ezagutu ostean prozesu bati ekin nion, neure familiaren historia eta gure historia komunitarioa ezagutzen saiatzeko; nondik gatozen, zer gertatu zen bidean… Negar asko egin nuen prozesu horretan, eta Casandrak asko lagundu ninduen. Gero beste norabait joan zen, eta ez dugu berriro elkar ikusi. Baina urte asko partekatu genituen, eta ni bere ikaslea izan naiz hainbat gauzatan, bai uste ditudan gauzetan, bai nire praktiketan.
Zer deskubritu zenuen familiako historiaren inguruan?
Amaren aldetik, nekazari boliviarren mundu hori guztia ulertu nuen. Hortik datozkit erritual eta zeremoniekin lotutako zenbait kontu. Eta gero, aitaren aldetik, bera mundu guaranitik dator, eta hor, mundu indigena guaraniarekin dudan lotura ezagutu ahala, hobeto ulertu nuen zergatik pentsatzen nituen gauzak modu jakin batean, edo zergatik ziren hain garrantzitsuak ametsak niretzat.
Gero, nire historia eta ingurukoena biltzen segitu nuen, bidea osatu ahal izateko. Niretzat garrantzitsua da lurralde hori aintzat hartzea, zeren nik ezin dut hortik kanpo hitz egin. Nik esaten dudan guztia trabestia izango da, pentsamendu trabestia eta pentsamendu indigena izango da. Trabesti guarania naiz, eta hortik abiatzen da nire pentsamoldea, hortik eta urte hauetan guztietan eraiki ditudan harreman eta loturetatik.
Bilgune Feministak gonbidatuta etorri zara Euskal Herrira: Gorputzen Burujabetza IV. Jardunaldietara. Han parte hartu aurretik, Trava, palabra mala (Trava, hitz gaiztoa) poesia-liburua aurkeztu duzu Donostian eta Durangon.
Liburuak baditu halako ardatz oso nabarmen batzuk, trabestitasunarekin lotuak, baina trans hitza apenas aipatzen den, eta aipatzekotan lausotuta agertzen da. Erabaki politiko batzuen ondorioa da hori. Nik trabestitasuna indartzeko erabakia hartu dut. Munduarentzat, trabestia da narrasa, da zikina, da mugakoa, da legez kanpokoa; hala baldin bada, horren jabe egingo gara, baina aldi berean trabestia izango da orobat gu eraikitzen ari garen hau guztia, geure jakintzatik abiatuta idaztea, hitz egitea eta partekatzea.
Bestalde, mundu indigena, eta bereziki mundu guarania oso presente dago liburuan. Argitalpen hau asko gustatzen zait, besteak beste, espazio horietara eramaten zaituelako, mendira, errekara, kontatzen ditudan leku horietara, guretzat ezinbestekoak. Mundua berpentsatzen ari gara, alternatiba bat eraikitzen ari gara ahituta dagoen mundu honentzat. Gure proposamena trava ancestralidad [antzinakotasun trabestia] deitzen da, eta bertan garrantzi handia dute mendiko izakiek –Mendebaldeko ikuspegitik alegiazkotzat jotzen diren horiek–, eta gure hildakoek ere bai: etengabeko elkarrizketan ari gara beraiekin. Horretaz aparte, guk lotura bat daukagu lurralde biziarekin. Argi gera dadin, guk ez dugu ingurumenaren babesa proposatzen; guk harreman bizi bat daukagu Lurrarekin, zaborra dagokion edukiontzian botatzetik harago.
Zaintza eta babes harremana daukazue lurraldearekiko.
Horixe. Niri mendiak ez dit eraso egiten, basoak ez dit eraso egiten, zaindu egiten nau, eta, horregatik, espazio horrekin elkarrekikotasunean jarduten naiz, hura zaintzeko eta babesteko, eta osatzeko ere bai. Gu, lehenik eta behin, lurraldearen zaindariak gara.
Larunbatean prozesu horri buruz hitz egin nahi nuke. Nolabaiteko kritika bat izango da, burujabetzaren ideiari ihes egin, eta osatze-prozesu horretaz jarduteko. Osatzea beharrezkoa da gure gorputzarentzat.
"Nire ama da sexu-lanean neure burua babesten irakatsi zidan trabestia, norekin bai eta norekin ez, non bai eta non ez irakatsi zidana"
Nola irakurtzen duzu zuk burujabetzaren kontzeptua?
Analisirako kategoria moduan, subiranotasuna, nolabait esatearren, gordin samarra da. Orduan, ahalegindu naiz zenbait puntu prestatzen, subiranotasuna birpentsatzeko, kontuan hartuz gu zer lurraldetik gatozen eta zer-nolako borroka garatzen ari garen. Guri zaila egiten zaigu subiranotasunaz hitz egitea. Adibidez, orain dela gutxi, maiatzaren 24aren harira, Argentinako aberriaren eguna dela eta, badago kolektibo trabesti-trans bat zeinak aberri transa aldarrikatu baitu. Nire ikuspegitik, hasteko eta behin, ez da batere beharrezkoa, eta, bigarrenik, iruditzen zait gure borrokari esanahia kentzen diola, guk ez baitugu aitortzen aberri argentinarra bere horretan, naziotasun argentinarra bere horretan. Hori esanda, badakit, noski, sistema-munduan bizi naizela, eta gauza mordo bati ezin diegula ihes egin.
Ikuspegi indigenak munta handia du kritika horretan.
Argentinan komunitate indigena mordoa dago, eta Txilen maputxetasunaren inguruan egiten ari diren berrikusketa ederrarekin alderatuta, halako batasunik lortzea oso zaila izango da Argentinan bertan. Orduan, aberriaren kategoria eta trans kategoria hurbiltzeko saiakera horretan, ezjakintasun handia ere badago, bazterrean uzten baitira naziotasun argentinarra eraikitzeko gure lurraldeen eta gure aiton-amonen gorputzen gainean gauzatu diren indarkeria guztiak, indarkeriak prozesu kolonialaren ostean ere jarraitu baitzuen. Arriskutsua iruditzen zait trans aberriaren kontu hori, instituzionalizazioa zuritzen duelako eta bestetik ez duelako aintzat hartzen gu, komunitate indigenak, aurrez existitzen ginela, lurraldea antolatzeko modu komunitario moduan. Eta trabestiok ere argentinartasun horren aurretik existitzen ginen. Trabestiok komunitate horien barruan geunden, mendian; beharbada ez genuen hitz horixe erabiltzen, baina arrasto historikoek erakusten dutenez, gure gorputzak komunitate horietan zeuden zenbait modutan.
Azkenik, subiranotasuna, kategoria historiko eta geopolitiko moduan, arriskutsua iruditzen zait, berekin ekar baitezake berriro ere sistema kolonialaren praktika eta narratiba beretan erortzea. Uste dut aurrera egin behar dela prozesu batzuetan, eta ez dakit izena autonomia izango den, edo burujabetza, baina gutxienez aurrera egin behar dugu gorputza osatzeko prozesuan. Bide hori askoz interesgarriagoa eta aberatsagoa iruditzen zaigu.
Trava ancestralidad proposamena aipatu duzu lehen. Sakonduko zenuke horretan?
Idazten ari naizenean, kategoria edo nozio moduan aurkezten dut: trabesti-trans gisa pentsatuz epistemologia eraikitzeko aukera moduan. Trabesti indigenontzat, jakintza-molde bat da. Hainbat mugimendu indigenek –Ekuador, Bolivia, Txile eta Argentinakoek, Mujeres por el buen vivir emakume indigenen mugimenduak…– aspaldi adierazi zuten mundu hau krisian dagoela, aspaldi adierazi zuten zer-nolako krisiak dauden indarrean, eta guk horri identitatearen krisia gehitzen diogu. Badakigu zeintzuek eragin dituzten krisi horiek, zeintzuek maximizatu dituzten lurraldeetan. Eta guk dioguna da mundua ahituta dagoela, porrot egin duela, ez baitauka potentzialtasunik gure bizitzetan. Eta sistema-mundu honen porrotaren aurrean, guk, ausart asko, trabesti erara bizitzea proposatzen dugu, proba egitea behintzat, ikusteko ea trabesti erara bizitzea aukera erreal bat izan daitekeen.
Zuentzat, bada aukera guztiz erreal bat.
Bai horixe. Guk sistema honetan bizirik iraun dugu geure tresnei esker, eta tresna horiek zerikusia dute, adibidez, Oránen aurkitu genuen koaderno batekin. Trabesti batek idatzitako koaderno bat da. Diskriminazioaren beldurrez, pertsona hori ez zen inoiz joan erietxera, eta, horren aurrean, landare medizinalen gaineko jakintza eskerga bildu zuen, koaderno horretan hain zuzen. Gure tresnak horiek dira.
Gure tresnak dira, halaber, sexu-langile trabesti batek eman dizkigun aholkuak: “Begira, hamabost peso dauzkat; bost gorde behar ditut eltzekaria prestatzeko, beste bost argia ordaintzeko eta beste bost nire ilobatxoa eskolara bidaltzeko aste osorako”. Hori jakintza ekonomiko bat da trabestiontzat, eta, gainera, horren bidez ahaidetasuna eraikitzen dugu. Gu gertuko ahaideak gara, eta modu esplizituan aldarrikatzen dugu harreman-modu hori; mundu heterosexualean, aldiz, familia odolaren bitartez bakarrik eraikitzen da, baina gure kasuan ez. Niretzat, adibidez, nire ama da sexu-lanean neure burua babesten irakatsi zidan trabestia, norekin bai eta norekin ez, non bai eta non ez irakatsi zidana, 12 urterekin hortxe baikaude, kale-izkinan, zakil bat jaten kafe baten truke. Biziraupen-estrategiak.
"Guk ez dugu uste medikuntzaren, zirujiaren eta hormonen bitartez bakarrik bihurtzen garenik trabesti eta trans; medikuntzaren aitortza ez,
plurigorputzaren aitortza sustatzen dugu"
Besteren bat aipatuko zenuke?
Harremanak eraikitzeko modu hauek, gorputza osatzeko modu hauek, betiere aintzat hartuz bilatzen eta josten gabiltzan antzinako jakituria guztia: horiek ere gure tresnak dira. Guk ez dugu uste medikuntzaren, zirujiaren eta hormonen bitartez bakarrik bihurtzen garenik trabesti eta trans; medikuntzaren aitortza ez, plurigorputzaren aitortza sustatzen dugu. Laburbilduz, erreminta horiek guztiak garatzen ari gara, eta bizitzako estamentu guztietarako aukera moduan proposatzen ditugu, alternatiba gisa. Asko da, badakit, eta ez dakit jaramonik egingo diguten, baina uste dut garrantzitsua dela halako partekatzea, bereziki halako eraikuntza-espazioetan [Gorputzen Burujabetza jardunaldiez ari da].
Hori beste kontu bat da: norekin konpartitu. Leku batzuk ez zaizkigu interesatzen, bai baitakigu ez digutela entzuten, eta ez dutela aldaketarako baldintzarik sortuko egunerokoan, eta gure ustez behar-beharrezkoa da hori.