Bizitza elkarrekin antolatzeko beharra

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Due spicci  (Lau Txakur Txiki)
Zerocalcare (2026)

Zer: Animaziozko mini-seriea
Herrialdea: Italia
Iraupena: 36 minutu
Non ikusi: Netflix

----------------------------

Edukia sortzea eta ondoren narratzea gustatzen zaigu. Hiztegi bat norberarena, konplizeek ulertuko gaituzten lengoaia intimoak etengabe sortu eta zabalduta. Denok uste dugu poeta txikiak izan gaitezkeela eta denok nahi dugu egin politika pixka bat. 

G.-ri entzun nion lehenengoz adulting terminoa. Heldu funtzional batek egin beharko lukeenaren praktikaldiari egin zion erreferentzia. Hiri bat bakarrik bisitatzea edo gurasoak afaltzera gonbidatzea adulting-a praktikatzea litzateke bere hiztegian. Bakartiarena egitearekin nahastu izan da maiz; norberak bere burua jasateko duen gaitasunarekin ere bai. Esango dugu kontzeptuak mundura heldu bezala agertzeko ditugun saiakerak azaltzeko balio digula. 

Hori da Zerocalcareren gaitasun handienetako bat. Adulting-ari barre egitea, noski, eta batez ere ezinegon pertsonalak unibertsalizatzea. 

Artista italiarra aspaldi dabil komikigintzan edota gizarte mugimenduetarako orotariko materiala sortzen. Hala ere, azken urteotako animaziozko lanak egin dira bereziki ezagun. 

2021ean Strappare lungo i bordi (Puntuzko marratik moztea) eta bi urte geroago Questo mondo non mi renderà cattivo (Mundu honek ez nau gaizto bihurtuko) mini-serieak aurkeztu zituen Netflix plataforman. Inguruotan arrakasta handia izan zuten Zero-ren –sortzailearen alter egoaren– istoriotxoek. Eta gure zorionerako, duela gutxi publikatu berri du miniseriearen azken denboraldia: Due spicci. Adi, kapitulu bat amaitu eta hurrengoa ere irunzteko arrisku handia dago-eta. 

Urrunean zelatan dugun mehatxua izateari utzi eta errealitate saihestezina bihurtu zaigu helduaroa. Disimulurik gabeko lerrokatze politikoarekin, tentsio momentuetatik barre algarara eraman gaitu berriz ere Zerocalcarek. 

Pertsonaia batzuk, animaliatxoak legez marrazten ditu beraien izaerak azpimarratuta, oiloak, basurdeak… Nork ez du inoiz lagun artean horretara jolastu? Erreferentzia eta sinbolo orotarikoekin murgilduko gaitu bakarrizketetan; ez al dira horiek kontakizun liluragarrienak? Izendegietan hitz-jolasekin xaxatzen gaitu, beti baitago Paturnia (Ozpindu) bat inguruan… Beldurgarriki, badirudi aurreko astean gurekin egon zela hondartzako elkarrizketetan. 

Askotariko krisiak zeharkatuko dira azken denboraldian, beraz: denboraren joana, leialtasuna, desegonkortasuna, adulting-a… Baina aldarri nagusia nabarmen mantentzen da hala ere: bizitza elkarrekin antolatzeko beharra. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...