‘Verdens verste menneske’ edo kostu hondoratua

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Verdens Verste Menneske (Munduko pertsonarik Txarrena)
Joachim Trier (2021)

Zer: Filma
Herrialdea: Norvegia
Iraupena: 117 minutu
Non ikusi:  Hego Euskal Herrian: Filmin (euskarazko azpitituluekin) eta RTVEPlay. Ipar Euskal Herrian: Mubi

-------------

Erresuma Batuko Gobernuak 1956ko urrian Morien Morgan ingeniari galestarrari ikerketa talde bat sortzeko eskatu zion: Garraio Supersonikorako Batzordea (STAC bere ingelesezko siglengatik). Hasieran milioi bateko aurrekontuarekin, talde horren helburua soinua baino azkarragoa izango zen garraio bat sortzea zen. Proiektuan laguntzeko sozio bila, Frantziako Gobernuarekin batu ziren. 1962an bi herrialdeak elkartu ziren Ozeano Atlantikoa lau ordu azpitik gurutzatuko zuen hegazkin bat sortzeko helburuarekin. Concorde deitu zioten aparatuari. Kalkulatutako aurrekontua: 170 milioi libera. 1973an proiektuaren garapen kostuak 1.065 milioi libera ingurukoak ziren. 1976ko urtarrilaren 21ean Concorde-k lehenengoz egin zuen hegan. Ordurako Erresuma Batuan eta Frantzian ondo zekiten proiektua sekula ez zela izango errentagarria, hala ere dirua galtzen jarraitu zuten 2003ko apirilaren 10ean hegazkinak azkenengoz lur hartu zuen arte. Jarrera horrek ondo erakusten du kostu hondoratuaren falazia (Concorde-ren falazia bezala ere ezagutua): zerbaitetan aurrera egiteko joera iraganean inbertitu duguna alferrik ez botatzeko.

Verdens Verste Menneske pelikula norvegiarrak 30 urte betetzear dagoen Julie (Renate Reinsve) aurkeztuko digu. Emakume arrunta da, lan arrunt eta bikote arrunt batekin. Hala ere, bere bizitza desastre existentzial bat da. Gau batean ezezagunez betetako festa batera sartuko da, eta bertan atentzioa izugarri emango dion Eivind (Herbert Nordrum) ezagutuko du.

Juliek hartuko dituen erabakien parte egingo gaitu filmak: bikotekideekin dituen aferak, lan aldaketak, aitarekin bizitako egonezinak eta abar. Erabaki bakoitzean protagonista epaitzeko eta kondenatzeko aukera izango dugu (hala nahi badugu behintzat), ez baitugu ikusiko bere perspektiba hutsa, argazki zabalago bat baizik. 

Julie ez dago egina begiko izateko. Egoista da, nartzisista; eta edozein harreman serio jartzen den momentuaren beldurrez bizi da. Ez da gai dituen harremanetan inbertitzeko, jarritakoa galtzearen posibilitateak zeharo izutzen baitu. Bere inguruan egon diren batentzat baino gehiagorentzat munduko pertsona txarrena izan liteke.

Beharbada hala da, beharbada Julie parean topatu dezakegun pertsona toxikoenetakoa da, bere egonezina atzera kontaketako bonba bezala jaurtitzen diona aurrean duenari. Baina agian ez da dena horrela, posible da markatua izaten dugun bidea ez duela gustuko, eta bertatik nola irten ez jakitea. Agian Julie, beste guztion antzera, bere ahaleginik onena egiten ari da hitzeman ziguten bizitza zoriontsuaren plan hori betetzeko. 

Bizitza ez da zuria edo beltza izaten, eta, batzuetan, hobe izaten da gauzak instintuz uztea leku berean urteak egoteagatik geratu beharraren sentsazioarekin bizitzea baino, hegazkin supersoniko bat nahi ez badugu behintzat.  


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...