Titulu asko eta hiztun gutxi

MAIDER LETURIAGA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu berri du euskararen gaitasuna egiaztatzeko sistema berria, asimetrikoa deitu diona. HABEk jarriko du sistema berria martxan aurtengo urritik aurrerako azterketetan.

Azken urteotan, Europako Markoa izan da erreferentzia gisa hartu den tresna euskararen gaitasuna neurtzeko. Marko horren arabera, bost maila, bost titulu, egiaztatu zitzakeen pertsona batek, maila baxuenetik altuenera jota: A2, B1, B2, C1 eta C2. Ingelesak edota frantsesak erabiltzen duten mailaketa eta titulazio sistema bera, beraz.

Maila horietako bakoitzean lau trebetasun neurtzen dira: ahozko bi eta idatzizko beste bi. Titulua eskuratzeko lau trebetasunak gainditu beharra dago.

Urritik aurrera posible izango da titulazio mistoak edo asimetrikoak eskuratzea, hau da, lau trebetasunak gainditzeko gai ez denak, bi beheragoko eta bi goragoko trebetasun gaindituta, erdibideko titulu bat lortu ahal izango du. Hori ahalbidetzeko, bost tituluren lekuan bederatzi ditugu orain (bost oso eta lau erdibideko): A2; A2/B1; B1; B1/B2; B2; B2/C1; C1; C2/C1; eta C2.

Goragoko hizkuntza gaitasuna eskatzen den lanpostuetan ez dut uste asimetriarekin joka daitekeenik, denek baitute ahoz bezala idatziz dagokien mailan jarduteko beharra

Ez da ahaztu behar asimetria kontu hori administrazioko hizkuntza eskakizunen haritik abiatu zela. Administrazioko lanpostu batzuetan, profil baxukoetan nagusiki (1 eta 2 profiletan), gertatzen da badirela lanpostuak produkzio idatzirik apenas dutenak baina ahozko maila txukuna eskatzen dutenak. Hor daude, esaterako, herri-lanetako langile batzuk (igeltsero, lurperatzaile, kale garbitzaile…), zaintza lanetan dabiltzan etxeko langileak, atezainak, eta abar. Lanpostu horietan ari direnek ez dute idatzizko produkziorik, baina bai harreman zuzena herritarrekin, baita saileko gainerako langile eta arduradunekin ere (ez da ahaztu behar administrazioa euskalduntzea ez dela soilik herritarrei zerbitzua euskaraz ematea, baizik etxe barruan euskaraz lan egitea ere). Uste dut egokia dela kasu horietarako egiaztapen asimetrikoak egiteko aukera irekitzea. Goragoko hizkuntza gaitasuna eskatzen den lanpostuetan, baina, ez dut uste asimetriarekin joka daitekeenik, denek baitute ahoz bezala idatziz dagokien mailan jarduteko beharra.

Sektore Publikoan Euskararen Normalizazioa arautzeko 19/2024ko Dekretuak, ordea, egiaztapen asimetrikoak maila guztietako lanpostuetan ezarri ahal izateko aukera ireki zuen, bai 1 eta 2 profiletakoetan, baita 3 eta 4koetan ere. Malgutasunaren izenean, beherapen usaina zekarren erabakiak.

Orain, berriz, administrazioko lanpostuetara sartzeko egiaztapen sistema hori orokortu egin dute eta herritar guztien eskura jarri. Neurria Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko abian jarri duen Jauzia Gara estrategiaren barruan kokatzen da.

Diotenez, pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza-gaitasunak modu berean garatzen eta horiek ere aukera izan behar dute tituluren bat eskuratzeko (Europako hizkuntzarik zailena izan behar du euskarak, dudarik gabe, beste inon ez baitute antzeko sistemaren bat jartzeko premiarik ikusi). Euskaltegietara jende gehiago erakartzeko ere balio omen dezake, tituluren batekin ateratzeko aukerak areagotu egiten direlako eta, dirudienez, horrek ilusio handia egiteaz gain, ibilbide bat ixten ere laguntzen du: “Honaino iritsi naiz eta badut ziurtagiri bat”. Gutxienekoa da ikasle hori euskaraz moldatzeko, ez dut esaten bizitzeko gai den ala ez. 

Titulu gehiegi geneukan eta hiztun gutxiegi. Hori areagotu besterik ez du egingo erabaki honek. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...