Teknologiak sortzeko astia

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Teknologia ulertzeko ondo etorri zait teknologia “asmo, teknika, prozesu eta ezagutza multzoa” bezala nire buruari azaltzea. Teknologiari loturiko dudan analogia gogokoena sukaldaritza da: osagaiak daude, prozesuak daude, ezagutza teknikoak daude (tenperatura, pisua, denbora...), asmoa dago eta hori dena errezeta batean jaso daiteke.

Bada, ordea, teknologiaz diharduenean hori dena banatzeko beharra duenik. Bada teknologiaz aritzean, modu banatuan, tresna eta gailuez ari denik, edota ezagutza teknikoen inguruan diharduenik, soilik prozesu eta antolaketa moduen inguruan dabilenik, edota sorkuntzarako asmoen inguruan bakarrik pentsatzen duenik.

Duela zenbait urte, sendabelarren inguruko lantegi batean parte hartu nuen eta han erakutsi ziguten belar horiek non aurki genitzakeen, nola hartu, nola erabili... Baina nire arreta guztiz harrapatu zuena gela baten baitan gertatu zen, hartu genituen belar haien propietateak argizari eta oliora transmititzeko teknologiak ikasteko prozesuan. Berez ez zen prozesu konplexua, baina horretara heldu egin behar da, teknologia hori sortzeko astia hartu behar da.

Aspaldiko lan batean, lihoa lantzen zuten emakume batzuk ezagutu nituen, eta bazuten aitzinean lihoa ekoizteko emakumeengandik sorturiko teknologiak berreskuratzeko proiektu eder bat. Garai bateko emakumeek teknologia horiek sortzeko hartu zuten denboraren bizipena errepikatu ahalko balitz bezala.

Bi kasuetan teknologiek euren baitan dituzten garai bateko mundu ikuskerak, bizimoduak eta asmoak argi bereizi ditzakegu. Egungo teknologietan arreta jarrita, mundua gobernatzen duten mundu ikuskerak, asmoak eta bizimoduak ikus ditzakegu. Beharbada horregatik da hain interesgarria teknologiak sortzeko astia hartzen jarraitzea, xumeak eta gure egunerokoari loak izan arren. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...