“Lehen mailako arretara jo, eta tratatu gabe geratzen gara”

  • Aspavit bitiligoa duten pazienteen elkarteko Arabako ordezkaria da Manuel Prados Villarraso (Gasteiz, 1966). Duela hogei urte diagnostikatu zioten bitiligoa. Gaixotasun autoimmune eta kronikoa da, eta azalean orban zuriak agertzen dira despigmentazioaren ondorioz. Gaitzari lotutako mitoak deuseztatu, presio estetikoa mahaigaineratu, osasun emozionalean duen garrantziaz ohartarazi eta onarpena susta dezaketen praktikak azaldu ditu.

DOS POR DOS / ARGIA CC BY-SA

2026ko uztailaren 22an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bizitzako edozein etapatan ager daiteke bitiligoa, eta munduko biztanleriaren %1ari eragiten dio. Ezaugarri nagusietako bat despigmentatutako orbanak agertzea da. Melanozitoak gorputzari kolorea emateaz arduratzen diren zelulak dira, eta horretarako melanina ekoizten dute. Despigmentazioa melanozitoen funtzio galeraren edo desagerpenaren ondorioz gertatzen da. Gaitz autoimmune eta kronikoa da, eta faktore hereditarioa ere badu. Manuel Prados Villarrasok dio agerraldiek estresarekin lotura dutela: "Orbanek ez dute minik ematen; bai, ordea, azkura. Askotan, azkura abisu bat izaten da".

Gorputzeko edozein ataletan ager daitezke orbanak, baina maiz besoetan eta aurpegian azaltzen dira. Oro har, presio estetiko "handia" pairatzen dute, eta gaixotasunak ondorio emozional eta psikologikoak ditu. "Pertsonaren arabera arriskua handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina kontuan hartu behar dugu depresio eta suizidio saiakera kasuak egon direla", ohartarazi du. 
Pradosen kasuan, urtaroaren arabera aldatu egiten da nola sentitzen den: "Udazkenean eta neguan arropa gehiago janzten dugunez, ematen du maila psikologikoan gutxiago eragiten duela. Udaberrian eta udan, aldiz, gehiago nabaritzen dira orbanak. Onarpen kontua da, baina gauza bat da asumitzea gaitza duzula, eta beste bat onartzea. Bigarrena konplexuagoa da".

“Gaizki begiratzen gaituzte, nahiz eta batzuetan norberaren pertzepzioa baino ez izan”

Norberaren lanketaz gain, uste du kanpoko eragileek ere lanketa egin behar dutela. Horregatik, maila sozialean, familian zein lan eremuan gaitza ikusarazi eta kanpoko begirada landu behar dela dio. Izan ere, mito asko daude oraindik: "Gaizki begiratzen gaituzte, nahiz eta batzuetan norberaren pertzepzioa baino ez izan. Horrez gain, niri ez zait gertatu, baina pertsona batzuei behiak direla esan diete. Batzuek uste dute kutsakorra dela, baina hori okerra da. Horrek guztiak eragiten du bitiligoa duen pertsona baztertzea, estaltzea eta ezkutatzea". Egiteko asko geratzen den arren, emeki-emeki ikusgaitasunean aurrerapausoak ematen ari direla dio.

Presio estetiko horrek guztiak harreman sozialetan eragiteaz gain, lan munduan ere badu ondoriorik. Pradosek ez du zentzu horretan arazorik izan, baina badira elkartean kezka hori adierazi duten pertsonak: "Ezin dugu jakin ezezkoa itxuragatik den edo ez, baina egia da lanean estetikak garrantzi handia duela".

Badira txikitatik gaixotasuna duten pertsonak ere. Nabarmendu du eskoletan ere landu beharko litzatekeela. Uste du haurrek erraztasun "handiagoa" dutela horrelako egoerak normalizatzeko. Aldi berean, helduen jarrera eredugarria izan daiteke edo kontrako efektua eragin: "Gurasoak beldurtzen badira, beldur hori haurrari transmititzen diote, eta arazoak sortzen dira".

Minaren negozioa

Bitiligoa kronikoa da, eta ez dago gaixotasuna desagerrarazteko tratamendurik. Hala ere, badira agerraldiak arintzeko tratamenduak. Duela bi urte krema bat merkaturatu zuten hantura murrizteko eta pigmentazioa berreskuratzen laguntzeko. Bitiligorako berariaz sortutako tratamendu bakarra da, nahiz eta beste batzuk garatzen ari diren. Orain arte erabiltzen ziren tratamenduak, berriz, dermatitiserako eta psoriasirako ziren. Beste tratamendu eraginkor bat fototerapia da, pigmentazioa berreskuratzen laguntzen duelako: "Gasteizen medikuek fototerapia baztertzen dute, beste gaixotasun batzuk lehenesten dituztelako; adibidez, psoriasia. Erabakia mediku taldearen araberakoa izaten da. Nik jaso izan dut Gasteizen, baina orain beste arduradun bat dagoenez, ez didate ematen".

Oro har, Osakidetzan kasu gutxi egiten dietela eta gaixotasunari garrantzia kentzen diotela salatu du. Adibidez, gaixotasun autoimmune bat duten pertsonek beste gaixotasun autoimmune batzuk izateko probabilitate handiagoa dute; hala ere, dioenez, ez dute hori aztertzen: "Dermatologiako kontsultetan bitiligoari garrantzia ematea nahi dugu,  nahikoa ahaztuta dago-eta. Halaber, lehen mailako arreta indartu behar da, hortik bideratzen gaituztelako espezialistarengana. Gaur egun lehen mailako arretara jo, eta tratatu gabe geratzen gara. Esaten digute ez dagoela deus egiterik".

Gaixotasunaren inguruan dagoen merkantilizazioa eta negozioa ere gaitzetsi ditu. Kontatu du asko direla sufrimendu psikoemozionalaz baliatu, eta interneten mirarizko sendagaiak saltzen dituztenak: "Bakoitzak bere diruarekin nahi duena egiten du, baina guk gomendatzen dugu sendagaiak eskaintzen dituzten saltzaileei kasurik ez egitea. Interes ekonomikoak baino ez dituzte. Hor badago usain onik ematen ez duen zerbait". 

Gorputzeko atal bat?

"Aurpegia, ikusgarriena delako. Aurpegia ez da zerbait estetikoa soilik. Aurpegiak gauza asko islatzen ditu". 

 


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...