Ortografia idazketaren kortesia dela irakurri nion norbaiti. Manera onak. Eta badakigu, edukazioa gero eta gutxiago ageri da bazterrotan. Zer esanik ez, ortografia. Irakasleon begiek hemorragiak izaten dituzte ikasleen horroreak ikustean. Ez dakit zelan ez garen honezkero odolustu.
Zehatz eta maratz zuzenduz gero, gertatzen jakena gertatzen jake, eta 0,0 da emaitza. Zuzentzaile fin eta ekinek, baina, ei daukate errua, mania dietelako. Beste batzuek, otoika baxoa euskaraz egiteko, eta borroka egin behar. Paradoxak.
Eusko Jaurlaritzak ere ortografian kale egin duela begitantzen zait arrandiaz aurkeztutako Jauzia Gara ekinbidean. Uste dut Jausiak Gara jarri nahi ziotela, baina baten batek zeta eta esea nahastu zituela, teklatuan gertuegi daude eta.
Jausita gaudelako, edo hobeto esanda, jaurti dizkiguten boxeoko gantxoen kulpaz erorikoz eroriko gabiltzalako, KOra ailegatu barik.
Kortesia dela ortografia aitatu dut, baina ez dago gureganakorik. Queensberry markesaren arauak aplikatzen dituztelakoan, gerripeko ukabilkadak etengabeak dira.
Boxeolari zaharrak dirudigu, baina ez dugu toalla jaurtiko.