Ez hutsik egin

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ekainean, atmosferako tenperatura bezala, eztabaida soziolinguistikoaren tenperatura ere zerotik (ikastolerook huts esaten genuen) oso gora ibili da. Hil amaieran, Enplegu Publikoaren Legearen erreforma onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, eztabaidaren gakoa izanik lanpostu publikoetarako euskara eskakizuna legez bermatzea, orain arteko dekretuekin ez baita aski izan, tartean espainolistek epaitegietan jarritako salaketengatik. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohi eta legebiltzarkide Markel Olano pozik azaldu da, “arazo bati konponbidea emango” omen diolako. Bada, ez, Olano jauna, ez; ohiko marketina egiten saiatuko zarete, baina dagoeneko ikusten hasiak gara lege berriaren hutsak.

Gipuzkoako Foru Aldundia da herri erakundeetatik aurreratuenetakoa euskararen erabileraren normalizazio prozesuan. Orain, ordea, lege berriaren irizpideak ezartzeari ekin dio eta, horren ondorioz, euren lanpostuetarako euskara eskakizuna dagoeneko lortua zuten zenbait langilek jakin dute sei urte atzeratuko dietela euskarako eskakizunaren betebeharra, derrigortasun data aspaldi igaroa zuten lanpostuak izanik ere (espainolezkoa ez, horrek bere horretan jarraitzen du lehen unetik bete beharrekoa izaten). GFAk huts egin die langile horiei, egindako ahalegina gutxietsi baitie, eta EAJk euskaldunoi, beste behin ere, iruzur egin digulako.

Euskarak iraungo badu, euskaldunok izango bagara, euskaraz bizitzea ez da aukera bat dagoeneko, exijentzia baizik. Gainerakoa euskaldunoi huts egitea litzateke

Aurrekoaz gain, Olanok aipatu du bere ustez euskararen biziberritze prozesua “elkarrekiko errespetuan” oinarrituko den “espazio zentral” baten beharrean dagoela. Hitz horiekin, euskaltzaleoi huts egin digu, hegemonia aitortzen ari baitzaie espainolistei, zeini eta euskaldunon gainean bazterkeria, nagusikeria eta erasoak lotsagabe praktikatzen ari diren horiei, haiekiko sumisio iraingarria erakusteaz gain. Abertzaleon arteko lankidetza estrategikoa bultzatu ordez euskaraz bizitzeko aukerak biderka ditzagun, atzera urratsak eragingo dituen lege hau irentsarazi nahi digu arinkeriaz, eta kalkulu elektoralistek eta beldur eszenikoek agindu dutela ezkutatuta. 

Aitzitik, berriki, ELA sindikatuak adierazi du sektore hitzarmenak euskaraz negoziatuko dituela aurrerantzean, eta espainolistek ederki ulertu dute erabaki horren sakontasuna. Bide beretik, abertzaleok ere ahobizi jarrera landu beharko genuke, marketina eta otzankeria baztertuta. Euskarak iraungo badu, euskaldunok izango bagara, euskaraz bizitzea ez da aukera bat dagoeneko, exijentzia baizik. Gainerakoa euskaldunoi huts egitea litzateke. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...