2054an gaude. Kapitalismoari lotutako zapalkuntza gehienak gainditu dira: jendeak lan gutxiago egiten du, klima aldaketa geldotu da... Baina gazteak ez daude konforme, eta Sorbatza osatu dute, artearen bidez mundu libreagoa eta justuagoa eraiki guran. Testuinguru horretan, heriotza misteriotsu bat gertatuko da, eta haren osteko ikerketa-dokumentuek emango digute argilunezko mundua ezagutzeko aukera. Horiek osatzen dute Markel Sanchezen (Durango, Bizkaia, 1991) lehenengo nobela, Sorbatza (Elkar, 2026).
Utopia, antiutopia, distopia... Mugak ez daude beti argi. Non kokatzen da Sorbatza?
Utopiaren argi-ilunetan, esango nuke. Gurea baino askoz hobea den etorkizun batez ari gara: kapitalismoaren zapalkuntza nagusiak gainditu dituzte, teknologikoki aurreratu da... Utopia da. Baina bestalde, gatazka nagusiaren oinarria utopia hori bertatik bertara bizi dutenek egiten dizkioten kritikak dira, bizimodu berri horrek haiengan sortzen duen zalantza, harago joan nahia. Hala, esan liteke utopia bat proposatzen dutela utopiaren kontra, edo utopiak utopia izateari uzten diola. Antiutopikoa ere izan daiteke, utopiaren ideia estatiko eta idilikoa zalantzan ipintzen duelako.
Bestalde, batzuentzat utopia dena distopia izan daiteke beste batzuentzat. Kontua da non kokatzen zaren zu. Adibidez, Elon Muskentzat utopia dena distopia da gutako gehienontzat [barreak].
Betidanik izan duzu genero espekulatiboarenganako joera?
Betidanik irakurri izan dut, baina ez beste generoak baino gehiago. Kontua da nik banituela zalantza batzuk militantzia politikoaren inguruan, artearen inguruan, eraldaketaren inguruan... Baina gatazka horiek testu literario batean modu zuzenean jartzen hasten nintzenean, korapiloa sortzen zitzaidan. Ez nuen lortzen horrela ateratzerik. Ez nuen nahi istorioa gaur egungo eskema politikoekin loturan irakur zedin. Horrekin batera, fabulatzen hasi nintzen noizbait: etorkizun bat, kapitalismoa gainditu duena... Eta erosoago nengoen hor. Utopia den ezlekuak askatasun handiagoa eskaini dit aipatutako kontu horiei heltzeko.
Belaunaldien arteko talka da eleberriaren ardatza. Berez utopikoa den mundu bati egiten diote kontra Sorbatzeko gazteek. Gizarte idealean ere, beti existituko dira tentsio sozial horiek?
Bai. Irudika dezakegunik eta mundu askeenean ere egongo dira, giza harremanak tentsioa eta gatazka baititu oinarri. Beste kontu bat da gatazka horiek zelan kudeatzen diren. Gaur egun uste dut badagoela gatazka gauza txarra delako pentsaera orokor bat. Politika instituzionalean, kasu, kontsentsua da beti helburua, dena egin nahi da akordio bidez, arazoa elkarrizketa falta izango balitz bezala, eta ez existitzen diren egiturazko zapalkuntzak.
Edonola ere, gatazka azaleratzen da zapalduta dagoen sektore batek bere egoera azaleratzen duenean eta hori debate publikora eramaten duenean. Hori da politikaren une gorena, nolabait esatearren. Gatazka eza, berriz, antipolitika da; eta hori hala da hemen edo utopian.
Sorbatzak artea du eraldaketarako bidetzat. Zer lotura dago artearen, kritika sozialaren eta eraldaketaren artean?
Arteak beste ezerk ez moduan balio du kritika egiteko. Narratiba berriak sortzeko ere balio dezake, eta desira edo grina eragiteko. Baina eraldaketak, egin, mugimendu politikoek egiten dituzte. Arteak ez du horretarako baliabiderik. Ez bada, asko jota, eta norbaitek serio hartuko balu, eraldaketa bati lotutako estetika osoa sortzeari begira.
Izatekotan, kontrara gerta liteke: eraldaketak artea bera eta haren bueltako kontzepzioa alda lezake. Horregatik interesatzen zitzaidan aztertzea, egungo gaitzak gaindituta dituen gizarte batean, artea gauzak eraldatzeko gai izan ote litekeen. Arteak beste funtzio bat izango balu esparru publikoan, beste era batera ikusiko bagenu...
Liburuan, momentu batean, aipatzen da poeten garaipena dela garaipenik eskasena. Izan liteke bestela? Edo, behintzat, poetena joan daiteke beste garaipen batzuen eskutik?
Espero dut baietz! Kontua da, “justizia poetikoa” moduko kontzeptuetan, poetiko abizena baliatzen dela justiziarik egon ez dela ezkutatzeko, nolabait. Eta uste dut horren arrazoia dela, neurri batean, porrotera ohituta gaudela. Literaturan, abestietan, poemetan... Epika batzuk sortu ditugu porrotaren bueltan, ez zaigulako besterik geratu. Porrota bera emankorra dela sorkuntzarako, horretara ohitu gara; baina, bestalde, ez dakit bertan goxo ere ez ote garen geratu.
Artea bada halako kontsolamendu bat.
Bai, eta porrotari ere jakin behar zaio distira ateratzen, eta aldarrikatzen. Baina sinetsita nago garaipenaren, iraultzaren, eraldaketaren bueltan sortutako artea ere egongo dela, eta ederragoa izango dela, eta hortik ere aritu nahi izan dut liburuan. Nahiz eta nekeza den, ez gaudelako ohituta.
Arteari lotua izan arren, Sorbatzekoek ebaki bat egin nahi diote gizarteari, eta haien jarduteko modua bortitza eta zorrotza da batzuetan. Halakoa behar al du ekintza politikoak?
Batetik, ekintza politikoak izan behar du eraginkorra, eta horrek askotan eskatzen du irmoa izatea eta atseginak ez diren gauzak egitea. Baina, horrez gain, liburuak herra moduko bat azaleratzen du, gazteena, aurreko belaunaldiekiko. Zenbait kontu mahaigaineratzen dira, eta tartean bada aurpegiratze bat gaur egun bizirik gauden belaunaldi guztiekiko. Gutxi batzuok jan ditugu erregai fosil guztiak, muturreraino ari gara planeta ustiatzen... Mundu hondatua da hurrengo belaunaldiei utziko dieguna. Horren aurrean, eleberriko gazteek galdetzen dute: “Zelan izan zineten gai etengabe konpontzen aritu behar dugun mundu hau uzteko?”. Eta hori, aurreko belaunaldi hori ere badela eraldaketa abiarazi zuena! Guk, berriz, gaur-gaurkoz, ez dugu halakorik egin. Beraz, bada galdera bat hurrengo belaunaldiek egin ahal izango digutena.
"Gaur egun badago gatazka gauza txarra delako pentsaera orokor bat"
2010eko hamarkadan distopiaren generoak izan zuen halako eztanda bat. Garai interesgarria izan zen, bazirudielako jendearen inkonformismoaren eta aldaketa-nahiaren isla zela hura. Baina, bestalde, distopia horien ardatza errepresioak eta zapalkuntzak zeharkatutako gizartea zen, eta badago etengabe halakoak irudikatzeak etsipena sustatzen duela dioenik, badirudielako gizakiari beti lotuko zaizkiola zapalkuntza eta ustelkeria. Hortaz, zertarako balio du distopiak? Eta utopiak?
Distopia bera oso interesgarria da kritika sozialerako, azken batean egiten duena delako gure gizarteko gaitz bat hartu eta muturrera eraman. Kontua da genero hori pila bat hauspotu dela: liburuetan, telesailetan... Eta, moduren baten, horrek sortzen duela etsipen bat, ematen duelako etorkizuna irudikatzeko dugun modu bakarra katastrofikoa dela. Irudikapen horiek egungo gizartearen isla dira, gainera. Hori bada, nolabait, imajinazio politikoa bera kolonizatua dugun seinale.
Horri aurre egiteko utopiak behar ditugu? Bai. Utopiak beharrezkoak dira, sortu behar dira, eta genero literario moduan aukera handiak ematen dituzte... Baina neurriz, hori bai. Izan ere, distopiak, utopiak eta halako genero espekulatiboak fikziorako generoak dira, arteari dagozkio. Eta, kontrara, azkenaldian ikusten ari naiz eragile eta alderdi politiko zenbait ariketa utopikoak egiten, utopia behar dugula aldarrikatzen. Kezkagarria zait hori.
Utopia beti delako ukiezina.
Hori da. Zure helburu politikoak utopian kokatzen badituzu, hori desmobilizatzailea da nolabait. Etorkizuna hobea izango dela esan dezakezu, utopiaz berba egin... Baina egin behar duzuna da horra heltzeko jardun bat abiarazi. Egiten duzun bakarra bada pentsamendu utopikoaren bidez ariketa fabulatiboak egin, autokontsumorako baikorkeria moduko bat da eskaintzen duzuna, eta arriskutsua izan daiteke.
Lilura elementu garrantzitsua da liburuan. Zer funtzio du lilurak, ekintza politikoari dagokionez? Idealizazioa eta, beraz, kritikotasun falta eragin ditzake?
Argi dago lilurak itsutasuna sor dezakeela, baina uste dut ez dela gertatzen. Nik, ingurura begiratzean, ez dut ia inor ikusten liluratuta. Ez daukagu arazorik lilurarekin; are, kontrara, lilura falta dugu. Izan ere, nik ulertzen dudan moduan, askatasunarekin lotuta dago lilura: ezin da erosi, ezin da planifikatu, ezin da marketin bidez sortu... Horri tiraka, ez dut sekula ulertu Mikel Laboak zergatik itzuli zuen Bertolt Brechten poema Liluraren kontra moduan, kontuan hartuta beste hizkuntza batzuetan lilura horren tokian sedukzio edo engainu eman dela. Baliteke euskaldunok zurrunegiak edo arrazionalegiak izatea lilura elementu positibotzat hartzeko.
Edozein kasutan, nik irudikatu nahi nuen eleberrian agertzen den etorkizuneko mundu horretan, lilura bat. Oso egunerokoa, oso humanoa. Lilura bat ez dena ez engainua, ez sedukzioa. Pertsonaia oso liluraberak, oso liluratuak sortu, eta bilatu lilura bat gure gizartean ez dena kabitzen, baina literaturan beharbada bai. Badakarrena beso-zabalik ematea zeure burua, ea zer gertatzen den. Lilura ezin delako mugatu, eta horregatik delako ederra, eta arriskutsua.
"Epika batzuk sortu ditugu porrotaren bueltan, ez zaigulako besterik geratu"
Egungo gizartean gatazka asko sortzen dituen kontua da norbanakoaren ideia, indibidualismoa. Sorbatzan ere ez da, bere horretan, hori desagerrarazi, eta, horri lotuta, ekintzaile politikoen egoari kritika ere egiten zaio. Norbanakoa dagoen bitartean egoa egongo da?
Uste dut baietz. Kontua da zein neurritan. Eleberrian agertzen den moduan, gauza batzuk oso azkar eralda daitezke, baina giza antropologiak berak beste denbora batzuk ditu. Mundu-ulerkerak ezin dira dekretuz abolitu. Ondorioz, eleberriaren zentroan dagoen gatazkaren aurrean pertsonaien egoteko moduak oso hurbil daude gaur egungo indibidualismotik: botere-harremanak, politikan militatu duen edonork ezagutuko dituen bilera-dinamikak... Horiek hor daude oraindik. 28 urte baino ez direnez igaro, oraindik ez da ikusten mundu berriak erdituko duen gizaki berri hori.
Bestalde, gaur egun, kapitalismoari oso lotuta dago indibidualismoa, eta neoliberalismoak are gehiago bultzatu du hori. Baina uste dut, liburuak planteatzen duen moduko gizartean, posible litzatekeela nolabaiteko indibidualtasun batera heltzea. Norbanakoak izan, hori arazo bat izan barik: lehian oinarritu barik, bata bestearen gainetik egon barik... Esango nuke berdintasun material batek eman lezakeela benetako indibidualtasun sano baterako gakoa.
Teknologiarekiko nolabaiteko optimismoa adieraz dezake liburuak, lan asko desagertu baitira aurrerapen teknologikoek aurrezten dizkigutelako, besteak beste. Posible da hori?
Baiezkoan nago, izan ere, baditugu horretarako baliabideak; neurri batean, baita gaur egun ere. Kontua da, gizarte-ereduaren arabera, teknologia norantz garatzen den eta norantz ez. Bizi gara mundu batean non egiten ditugun lan askok ez duten ezertarako balio, eta, aldi berean, adimen artifiziala jartzen dugun kartelak, ilustrazioak eta abestiak sortzen. Teknologia bideratuta dago irabazi ekonomikorako, eta halako mundua sortzen dabil.
Hala, lana eta aberastasuna orekaz banatuta egongo balira, teknologiaren aurrerapenekin batera, askoz lan gutxiago egingo genuke, eta denbora izango genuke aisialdirako, sorkuntzarako, elkar zaintzeko eta edozer egiteko. Ideia hori ez da beste munduko ezer: nahikoa dira gaur egun ditugun baliabide teknologikoak. Baina horrek eskatzen du teknologia modu jakin batean baliatzea.
Hain zuzen, nobelak ariketa interesgarria planteatzen du, etorkizun hurbilean kokatzen delako. Gauza batzuk irakurri eta esan dezakezu: hau gaur egun gerta liteke. Ukigarria da eta, beraz, mobilizatzaileagoa oso urruneko zerbait proposatzea baino.
Hala da. 28 urte badira urteak, baina, aldi berean, etorkizun hurbila da, irakurle gehienak bizirik egongo baitira hemendik 28 urtera. Biziko dute une hori. Horrek jokoa ematen du, nobelan aldaketa handiak egon baitira tarte horretan zentzu batzuetan, baina beste gauza batzuk apenas aldatu dira. Eta, aldi berean, gure historiari begiratuta, ez da astakeria: azken hamarkada laurdenari begiratzen badiogu, gizakiok zelan aldatu garen, gizartea zelan aldatu den... Egon dira aldaketa handiak, kontua da norabidea kontrakoa izan dela. Bada, zergatik ez dugu pentsatuko datozen urteetan beste noranzko horretan aldatuko garenik?