Astelehena da. Iratzargailuak esnatu nau eta gosaldu ostean lanari ekin diot. Bazkaldu, deskantsatu eta entrenatzera. Klasean sartu eta Beñat falta dela ohartu da Aitor. Beñatengatik galdetu du eta irakasleak erantzun dio orkatilako mina duela eta bajan dagoela. Aitor murmurrean hasi da, urtero berdina egiten duela esanez, oporrak etorri orduko baja hartu, oporrak luzatzeko.
Entrenamendutik irteterakoan, auzoko Mirenekin egin dut topo. Medikuarenetik zetorren, denbora zeraman eskuan molestiarekin eta baja tramitatu diote, ezin baitu autorik gidatu eta ezinbestekoa du lanera joateko. Hala eta guztiz ere, mutil lagunarengana joateko kotxea hartzera zihoan.
Martitzena, asteleheneko gauza berbera. Oraingoan entrenatzera joan ostean lagunekin kafe bat hartzeko geratu naiz. Kuadrillako batek aipatu digu ez dituela notizia onak. Aitari biopsia egin diotela eta erantzunen zain daudela. Hortaz, antsietateagatik baja hartu omen du berak, aita zaintzeko. Aita autonomoa du eta udako denboraldian lanez gainezka ibiltzen denez, familiari azaldu dio ez duela bajarik hartuko.
Igeltseroak, besoa igeltsatuta. Esan digu ezin duela bajarik hartu, ahal duena esku bakarrez egingo duela eta laguntzaile bila dabilela, baina ez duela inor aurkitzen
Lagunekin pixka batean egon ostean, etxeratu egin naiz, aita-amaginarrebekin afaltzeko. Aitaginarrebak komentatu digu bere sozioari gutxi gelditzen zaiola jubilatzeko, lauzpabost hilabete, eta bien bitarterako, baja hartu duela, lanaz nazkatu dela eta.
Eguaztenean, goizean goiz jaiki naiz, iturgina etorri baita. Gerritik gaizki dabil, ezin du pisurik hartu, baina lana pilatzen ari zaio eta ezin etxean gelditu. Lanak astiro eta tentuz egiten diharduela aipatu digu, duen lan karga guztiarekin momentu honetan ezin baitu bajarik hartu. Iturgina joan da eta igeltseroa etorri da falta zitzaizkion baldosa batzuk jartzera. Horrek, ordea, besoa igeltsatuta. Esan digu ezin duela bajarik hartu, ahal duena esku bakarrez egingo duela eta laguntzaile bila dabilela, baina ez duela inor aurkitzen.
Igeltseroarekin gaudela, aitak deitu digu, ospitaletik deitu diote herniatik operatzeko. Operatu eta pare bat egun ospitalean egin beharko ditu, ondoren, atseden hartzeko gomendatu diote, pare bat astez gutxienez. Aita autonomoa da, eta galdetu diot eta bi aste horietan zer egin behar duen. Astiro eta tentuz lanera joan beharra daukala esan dit, ez duela bajarik hartuko.
Argi dago batzuentzat baja hartzea tramite hutsa den bezala, beste batzuentzat ezinezko ekintza bihurtzen dela.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.