Astean behin ondoko probintziara joaten zara klasera. Seguruena klase aurretik kafea hartuko ez bazenu, ez zinateke hain gustura joango. Edo ez zinateke joango, batek daki. Beharbada norbaitek erreparatu dio zure taldeari, ez baituzue, agerian behintzat, lotzen zaituzten ezer, ingelesez aritzeko nahia kenduta. Eta horrela da. Ez diozue elkarri aparteko ezer kontatzen. Eta beharbada adiskidetasuna hori da, hain zuzen ere: zu entzuteaz pozten den norbait izatea ondoan, edo telefonoaz beste aldean. Lagunak galtzeaz pentsatu duzu maiz. Non dagoen traizioaren muga lagun bat baztertzeko. Ea abandonatu zintuzten horiek, mindu zenituen horiek, alegia, zutaz akordatzen diren tarteka. Damu ote diren. Denborak erakusten dizu bila ari zaren hori inoiz ez dela zure bila ari. Beti ari zarela norbaiti idazten, erantzuten ez duenean ere bai, batez ere erantzuten ez dizunean. Eta zenbatzen hasten zara zenbat aldiz idatzi duzun izango ez dena, irudikatzeko noizbait izango dela. Baina bizitzea askoz gauza singleagoa da: on egiten dizun horretan irauten saiatzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.