Shibari: sokatik tiraka, genero-rolak hankaz gora

  • Samuraien immobilizazio teknikan inspiratutako arte erotikoa da shibaria, Mendebaldeko arte bisualetako eszena garaikidean errotu dena, baita konexioa eta konfiantza lantzeko talde-dinamiketan ere. Hego Euskal Herrian hiru maisu-maistrak errotu dute shibaria, betiere ikuspegi inklusibo, feminista eta kuirretik. Sugea Rubber, Tiraka eta Pingu Ropes ditugu protagonista.

Sara Sugea Rubber, Londreseko emanaldi batean. (Egilea: Riotparty)
Sara Sugea Rubber, Londreseko emanaldi batean. (Egilea: Riotparty)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Argazkian pertsona bat ageri da Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazitik zintzilik, sokekin helduta hanketatik eta bularretik, begiak itxita, ile luzea airean, soineko zuria dantzan. Performance bat da, Sara (Sugea Rubber) maisu-maistra donostiarrak gidatutakoa. Instagramen argitaratu zuen 2024an. Londresetik Euskal Herrira itzulita, prest zetorren Sara, bertoko shibari eszena kuir eta inklusiboa indartzera.

Ez zen grina hori zuen pertsona bakarra. Donostialdean bertan, Arkaitz (Pingu Ropes) ere badabil espazio irekietan –parkeetan bereziki– loturen artea erakusten. Gasteizen, berriz, Laura (Tiraka) da aspalditik erreferente, besteak beste Harrikada Festibalari lotuta dabilena. Hiru shibari maisu-maistra, hiru ibilbide, estilo eta irrika diferenteekin; amankomunean dute, bereziki, genero arau zurrunei iskin egitea.

Laura, entsegu egun batean Gasteizen. (Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA)

Sara Sugea Rubber dimentsio artistikoak erakarrita gerturatu zen shibarira, Kataluniako sexilioan argazki-posatu artistikoak egiten zituen garai batean. “Bartzelonako BDSM mazmorra zaharrenean, Rosas 5-n, ezagutu nuen gizonezko shibari maisu bat, bere etxera gonbidatu ninduen ni lotzeko; jarraitu genuen praktikatzen, baina liatu ginen, eta hondamen emozionala izan zen haren bikote izatea”. Harreman hori bukatu arren, segitu egin zuen shibarian. Alberto NoShibari maisuarekin trebatu zen, Espainiako lotzaileen lehen belaunaldiko artista, shibaria dantza garaikidearekin konbinatzen dituen obren zuzendaria. Hortik aurrera nazioarteko espazio kuirrak esploratu zituen Sarak, Madrilgo Hitchin' Bitches izeneko shibari jaialdi feministak barne, emakume eta disidentziei zuzendutako espazio ez-mistoak.

Laura Tiraka, berriz, arte martzialen mundutik dator. Bere sensei-ak (maisuak) ezagutarazi zion hojōjutsua, samuraien soka teknika. Iruñeko mazmorretan aritzen ziren pertsonak ezagutu zituen: berretsi egin zuen maite zituela sokak, ez ordea BDSM giroa. Pandemia zen, eta ezin zuen nahi beste bidaiatu prestakuntzak jasotzeko. Hala, online topatu zituen ikuspegi berriak eredu propio bat garatzeko eta, auto-loturetan trebatu ondoren, Gasteizko neska batzuekin elkartu zen bikoteka ere praktikatzeko. Enredadera espazio artistikoa ireki zuten orduan, tatuatzaileekin eta bestelako diziplinetako sortzaileekin batera. Eta oraintsu, Harrikada Elkartearekin batera sortu du Suharri Sorkuntzarako Gunea.

Arkaitz Pingu Ropes, ordea, zirku mundutik dator. Akrobata eta oihal-irakaslea izanda, oso erakargarriak iruditu zitzaion soka-korapiloen bidez pertsonak postura zailetan zintzilikatzeko modua. 2016an hasi zen shibariaren dimentsio artistikoa esploratzen, eta 2021an erabaki zuen maisu izateko prestatzea, Laura Tirakaren antzera, online klase bidez.

Arkaitz Pingu Ropes, sokak tenkatzen (Argazkiaren egilea: Pablo)

Lotua eta lotzailea
Rolei dagokionez ere joera desberdinak dituzte hirurek. Esan bezala, Sugea Rubber bottom (lotua den pertsona) moduan hasi zen. “Burua lehertu zitzaidan lotu ninduten lehen aldian... a zelako bidaia! Oso askatzailea da: sokek laguntzen gaituzte gure gorputzean egoten, tokian lurreratzen, intimitatea eta energia konpartitzen. Oraindik ere oso bottom-a naiz. Opari hau partekatzeko hasi nintzen rigger [lotzailea izendatzeko terminoa] izaten, eta lagunek animatu ninduten prestakuntzak gidatzera”.

Arkaitz Pingu Ropes, aldiz, soilik rigger-a da. Zirku mundutik etorrita, ez zaio berria egiten buruz behera zintzilikatzea; bai, ordea, arnes eta lotura oso landu eta artistikoak sortzea. Hajime Kinoko artistaren lan ikusgarria miresten du: eraikin handiak sokekin inguratzen ditu eta emakumeak zintzilikatzen ditu fatxadetan.

Laura Tiraka, berriz, rol guztiak esploratzearen aldekoa da: “Shibarira hurbildu nintzen lotua izan nahi nuelako, baina gaur egun gehiago kostatzen zait lotua izatea, control freak puntu bat dudalako”. Auto-loturatik abiatzen dira bere prestakuntzak.

Sara Sugea Rubberren irudi bat (Egilea: Erik Reyes)

Arte erotiko japoniarretik, Mendebaldeko eszena kuirrera
Shibari hitzak japoniarrez lotu esan nahi du. Horregatik, berez, lotzearen artea izendatzeko, zehatzagoa da beste termino hau: kinbaku. Nondik dator? Sara Sugea Ruberrek esplikatu du: “Gizon batek bere emaztea lotu eta margotzea erabaki zuen, bere koadroetan sufrimenduaren edertasuna (semenawa) adierazteko”. Eta beste hitz japoniar bat ekarri du: hojōjutsu. Teknika bat zen, XV. mendekoa, samuraien zerbitzura zeuden soldaduek immobilizaziorako eta torturarako erabilia.

XXI. mendean, artetik performancera, ikastaroetara eta jam-etara –korapiloak taldean praktikatzeko topaketa askeagoak dira– zabaldu da shibari garaikidea. Saioak dimentsio artistikora, erotikora edota pertsonen arteko lotura eta komunikazioa lantzera bideratu daitezke. Sexualitate ez normatiboen eszenan kokatu zen nolabait, BDSM akronimoko (Bondage, Dominazio, Sumisio eta Sadomasokismoa) bondage-ari lotuta. Gogoratzen Goseren Bondage abestia? Bondage-a da shibariaren Mendebaldeko baliokidea, immobilizazioan oinarritutako praktika erotikoa, neurri handi batean jatorri kristauko elementuak ardatz dituena, San Andresen gurutzea esaterako.

Arkaitz Pingu Ropes (Egilea: Pablo)

Shibari eszenako maisu gehienak gizonak dira. Lotuak diren gehienak, aldiz, emakumezkoak. Joera hegemoniko horren aurrean, espazio ez-misto kuirrak sortu dira nazioarte mailan: Sugea Rubberek Hitching bitchesen parte hartzen du –Euskal Herritik hurbilen daudenak Bartzelonan eta Granadan daude–, eta Arkaitzek BoundMen Bartzelonan.

Izan ere, Arkaitz Pingu Ropesek, gizon homosexuala izanda, gizonak lotzen ditu gehienbat, eta hori bereziki ezohikoa da shibari eszenan. “Gaur egun oraindik oso praktika heterosexuala da”, dio. Gizonak lotzeak, azkenerako, teknika tradizionalak moldatzea eskatzen du: “Japonian, lotuak diren neskek 50 kilo pisatzen dituzte; nik lotzen ditudan gizonek 80 kilo. Hortaz, arnesak egokitu behar ditut. Bost axola zait shibari tradizionalaren polizien iritzia!”.

Sara Sugea Ruberrek ere, bisexuala eta ez binarioa izanda, genero rolak hankaz gora jartzen ditu bere tailerretan, eta askotariko gorputzekin lan egiten du performanceetan. Laura Tirakak gidatzen dituen prestakuntzetan ere konbinazio posible guztiak lantzen dira, eta gorputz aniztasuna sustatzen du. Are gehiago, bere frustrazioetako bat da shibari formatzaile gehienen esperientzia emakume finak lotzera mugatzen dela: “450 euro ordaindu ditut eta prestatzaileak ez daki erantzuten nola moldatu arnes bat zakila duen pertsona batentzat edo pertsona lodi batentzat”. Alde horretatik, arte martzialeko irakasleengandik jaso ditu gorputz-paleta zabal batera egokitzeko ezagutzak.

Laura Tiraka (Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA)

Izan ere, mugimenduari eta sentsazioei zentralitate handiagoa ematen die Laura Tirakak soken potentzial estetikoari baino: “Bereziki interesatzen zait gorputzaren aukerak esploratzea, eta konfiantza giro batean arlo sentsorialarekin ere esperimentatzea. Ez dut irakasten arnes edo korapilo bat, baizik eta posizio jakin bat nola lortu; figura baino, gorputzaren sentsazioa axola zait”, azaldu digu.

Sexualitate ez-normatiboen estigma
Arkaitz Pingu Ropesen proiektuaren beste ezaugarri bat da shibari saioak espazio publiko eta naturaletan egitea maite duela, pertsonak zuhaitzetan zintzilikatuta. Horrek aukera ematen dio arte hau ezagutzera emateko: “Jendea gerturatzen da, galderak egiten ditu, eta agian txisteren bat ere bai”. Testuinguru horretan, akroyoga edo zirkuko oihalekin alderatzen du Arkaitz Pingu Ropesek shibaria, BDSM osagaiak saihestuta: “Ez diot modeloari soka bat ahoan edo hankartean jarriko. Lagun batzuk arazoak izan dituzte Alemanian poliziarekin. Lotuta zegoen emakumearengana joan ziren ondo zegoen galdetzera”.

Arkaitz Pingu Ropesi galdetzen diotenean ea egiten duen horrek zerikusia duen Fifty Shades of Grey-rekin (BDSM praktiken ikuspegi oso heteronormatiboa ematen duen nobela eta filma], zera erantzuten du: “Baliteke, baina praktika erotiko bat baino askoz gehiago izan daiteke”. Ikasleei transmititzen die bere tailerrak ez direla alde erotikoa esploratzeko guneak, hori esparru pribatuan landu dezatela.  

Laura Tirakaren lehenengo saioetan “sexualitate jostari bat” zegoen presente, “ez ordea sexualitate esplizitu bat”. Urteekin sexualitatea baino sentsualitatea lantzen du, gorputzen sentsazioak eta intimitate aukerak balioesteko nahitik. Nabarmendu du euskal kultura “kuadrilla-zentrista eta bikotezentrista” izanik, erronka polita dela shibari saioetako taldeetan ezezagun edo lagunen arteko konfiantza eta irekiera lantzea. Hala, pertsona asexualentzako eta beste modu batzuetan harremandu nahi direnentzako gomendatzen ditu bereziki bere tailerrak: “Sexu harremanak edo sexu erakarpena duzun pertsona batekin praktikatzen baduzu ere itzela izango da beste modu batean ukitzea, konfiantzatik eta zaurgarritasunetik”.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Horrek ez du esan nahi sexualitatea tabu bihurtzea. Tailerretan bai aipatzen du posizio jakin batek izan ditzakeen aukera sexualak, beti ere gorputz-kontzientzia sustatuta: “Arnesa moldatu daiteke jostailu bat jartzeko, edo masturbaziorako, edo spanking-erako [ipurdian zaplaztekoak ematean datzan praktika erotikoa], anatomikoki interesgarria den posizio bat lortzeko. Zoru pelbikoa eta arnasketa nola baliatu ere azaltzen diet. Talde batzuetan oso era naturalean mintzo gara horri buruz, baina beste talde batzuetan oso zaila egiten da”.

Laura Tirakak pairatu izan du kinkifobia deitzen den estigmatizazioa; kink ingelesezko terminoa erabiltzen da gutxiengo erotikoak izendatzeko, bondage eta shibari praktika zaleak barne. “Kostatu zitzaidan armairu horretatik ateratzea, esaterako, gurasoei kontatzea shibarira dedikatuko nintzela. Beti daude gaizki ulertuak, komentario maltzurrak…  Ez dut ezkutatu nahi, ez dut esfera pribatuan gorde nahi”. Arabako elkarte batek antolatutako ikuskizun bat eman behar zuen gazteei zuzenduta, eta kartelak agertu ziren feminista abolizionisten mezuarekin markatuta: “Putero, vigila tu espalda” [putero, zaindu zure bizkarra]. “Diputatu batek azalpenak eskatu zituen, ea zergatik agertzen zen irudian emakume bat biluzik lotuta”. BDSM eszenatik aldendu bazen ere, sigla horiek barnebiltzen dituzten praktikak desestigmatizatzeko deia egin du: “Midori izeneko sexologo eta shibari maistrak esaten duen bezala, helduen arteko jolas-esparrua da”.

Sara Sugea Rubber kink komunitateko kidea da (rubber horrek erreferentzia egiten dion latex-zaleen komunitatekoa), eta sexu langile gisa aurkezten du bere burua; izan ere, domina profesionala ere bada. Amorru handiz bizi du mugimendu feministako sektore jakin batzuek BDSM praktikak zentsuratzeko duten joera, dominazio-sumisio jolasak berez matxistak diren ustetik abiatuta. “Nola izango da, bada, patriarkala nire laguna lotzea eta luze besarkatzea? Edota oinetan tortura jostagarriak eraginda elkarri barre egitea? Sexualitatea eta desira oso askotarikoak dira, askotariko garapenak dituzte. BDSM-a ez da porno patriarkalaren asmakizun bat, kultura milenarioa baizik; shibaria adierazpen, konexio eta zaintza praktika bat da niretzat”.

Sara Sugea Rubber (Egilea: Sergio Haro)

Pribilegioak identifikatu, zaintzak sustatu
Señoroek shibari eszenan duten gailentasuna arrakalatzeko antolatzen dira Madrilgo Hitchin' Bitches nazioarteko jaialdi feministak. Izan ere, soken maisu izateak dakarren estatus eta botere sinbolikoa baliatzen dute zenbait gizonek abusuak eragiteko edota, tradizioaren izenean, dominazio-sumisio eredu heterosexista betikotzeko. Sarak ikusten duen joera bat da gizon zis heterosexualak asmo sexual batekin gerturatzen direla.

Laura Tiraka eta Arkaitz Pingu Ropes bat datoz diagnostikoarekin. “Festa batera noa eta agian ni naiz rigger bakarra. Lotuak izan nahi duten pertsonen ilara izango dut aurrean, haien fantasia gauzatzeko irrikan. Badira botere horretaz aprobetxatzen direnak”, azaldu du Arkaitz Pingu Ropesek. Laura Tirakak gaineratu du, rigger batentzat jendea lotzea ez dela bereziki preziatua, ez badu bere interes propioak aplikatzeko aukerarik, eta hori lortzeko “manipulazio dinamikak, ez beti kontzienteak” baliatzen dituztela askok. Shibari komunitateak txikiak eta, maiz, hermetikoak izateak maisu horiei mugak jartzea zailtzen du: “Gauza jakin bat tematuta eskatzen badit, eta ezetza ematen badiot, harreman txarra sortu daiteke”. Kontrako egoera ere gerta daitekeela erantsi du: rigger-a sentitzea nolabait presionatuta gustuko ez duen jendea lotzeko: “Ezetza errespetatzeko beharra gero eta errotuagoa dago Euskal Herriko jendartean, baina ez hainbeste baietza ematerakoan baldintzak eta beharrak argi adieraztea”.

Joera horren aurrean, Sara Sugea Rubberrek emakumezko shibari prestatzaileen zerrenda partekatu du sare sozialetan eta Madrilgo Hitchin' Bitches topaketa ez-mistoak ere ezagutzera eman ditu. Berak gidatzen dituen tailerretan garrantzi handiagoa ematen dio komunikazioa, adostasuna eta botere dinamika intersekzionalen identifikazioa sustatzeari, korapilo konplikatuak egiteari baino: “Arlo teknikoa beste nonbait ikasi ahal izango duzu, baina shibari prestakuntza gehienetan ez dizute esaten nola zaindu beste pertsona, kontuan izanda lotua izateak dakarren zaurgarritasuna”. 

(Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA)

Sokekin jolasterakoan, “biluzte psikologiko” oso fuertea ematen dela azpimarratu du Laura Tirakak. “Mina, desioa, boterea edo zaurgarritasuna oso modu indartsuan sentitu daitezke, eta batzuetan sentsazio horietatik bueltatzea zaila izan daiteke”. Arkaitz Pingu Ropesen ustez, BDSM komunitatetik har daitezke tresna oso baliogarriak, hala nola segurtasun hitza egoera jakin bat eteteko, semaforoaren teknika lotua dagoen pertsonak jasan dezakeen intentsitate maila koloreen bidez adierazteko, edota aftercare delakoa (saio-osteko zaintzarako tartea). Soka-lotzaileak argi izan behar ditu aldez aurretik beste pertsonaren mugak eta zer beharko duen bidaiatik bueltatzen denean: “Batek agian besarkada luze bat eskertuko du, beste batek ura hartu eta bakarrik egotea”.

Halako kontzientzia eta trebakuntza maila garatzeak denbora eta dirua eskatzen du. Alabaina, Euskal Herrian Tirakak antzematen du shibariarekiko jakinmina handia piztu den arren, jendeak tailer solteak egiten dituela, eremu pribatuan jolasteko. Japonian, ordea, ez da horrela. “Japoniako kulturako jarrera metodikoa miresten dut”, gaineratu du.

Horrek muga jakin batzuk suposatzen ditu, Euskal Herrian komunitate sendo bat errotze aldera. Baina badira gero eta aukera gehiago lehen kontaktu horretarako. Iruñean Harrinawa espazioak antolatzen ditu ikastaro eta jam-ak 2022tik. Bilbon, 2023an abiatutako Shibari Zen proiektuak autoezagutzara, erlaxaziora eta meditaziora bideratzen du kinbakua; Dani bere sustatzaileak depresioa duten edota autismo espektroan dauden pertsonei gomendatzen die bereziki.Shibaria ezagutzeko mila bide daude, ulertuta fantasia erotiko-exotiko bat baino gehiago dela pertsonen ongizaterako, gozamenerako, sormenerako eta konexiorako.


Irakurri gehiago: Artea Kultura Japonia Nazioartea Asia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...