“Boikota funtzionatzen ari da, Israelgo unibertsitate sistema itota dago”

  • Maya Wind antropologian doktorea da, eta militarismoan, kolonizazioan eta goi-mailako hezkuntzak biolentziarekin dituen harremanetan espezializatuta dago. Jerusalemen jaio zen eta egun AEBetan bizi da. Bere Towers of Ivory and Steel (Marfilezko eta altzairuzko dorreak) liburuak American Educational Research Association-en bikaintasun saria jaso zuen, Israelgo unibertsitateek Israelgo kolonialismoan errotuta dagoen zapalkuntza sistemekin daukaten lotura estua erakusteagatik. Bilboko Anti liburu-dendan izan da Wind berriki, eta Euskal Herriko unibertsitateetan arlo honetan egin daitekeenaz hausnartzeko aukera paregabea izan da.  Herri palestinarraren askapen borrokaren historian hezkuntza erdigunean egon da, baita nazioartean ere. Horren isla da gurean EHU Palestina elkartasun mugimendua.

Argazkia: Adur Galdos
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zergatik aukeratu zenuen ikerketarako unibertsitateek militarismoarekin, kolonizazioarekin eta zapalkuntzarekin daukaten lotura?
BDZ mugimenduaren antolakuntza politikotik eta Palestinaren askapenerako mugimendutik heldu nintzen akademiara. Hamabost urte eman ditut AEBetako unibertsitateetan. Mundu euro-amerikarrean Israelgo unibertsitateei buruz dagoen ikuspegiaren eta palestinarrek aspaldidanik esaten dutenaren arteko alde handiak harritu ninduen.

2004an sortu zen PACBI, Israeli Boikot Akademiko eta Kulturalerako Palestinako Kanpaina, Israelgo unibertsitateek zapalkuntzan duten konplizitateagatik boikota eskatzeko. Eta horri lotuta ekin nion ikerketari eta liburua idazteari, narratiba nagusiari aurre egiteko. Alegia, Israelgo unibertsitateak liberalismo eta demokraziaren gotorleku direla dioen ideiaren aurka egiteko. Bereziki Mendebaldean aintzat hartzen den ideia da eta, hain zuzen, horretan oinarrituta, aukera ugari dago Europa eta Ipar Amerikako unibertsitateetan Israelgo unibertsitateekin egiten den ikasle-truke programetarako, finantzaketarako eta lankidetzarako. Batere aukerarik ez, ordea, Palestinako edo eskualde horretako beste unibertsitateekin horrelakorik egiteko. Israelek tratu berezia jaso du denbora luzez.

Zeintzuk dira ezagutza, boterea eta indarkeriaren arteko harremanari buruz ulertu beharreko puntu nagusiak?
Gure unibertsitateak indarkeriaren guneak dira. Sistema kolonial eta inperialen menperatze sistemetan errotuta daude. Israelgo unibertsitateak ez dira salbuespena. Asentamendu kolonialeko estatuetan (Australia, Zeelanda Berria, Kanada, AEB eta Hegoafrika, besteak beste) unibertsitateak erdigunean egon dira kolonizazio prozesu orotan; zehazki, jatorrizko herritarren ezabatze eta ordezkatze prozesuan, proiektu sionistarekin gertatzen den bezala.

Unibertsitatean gaudenontzat, batzuetan badirudi guztiak filosofoak garela, ideien munduan murgildutako pertsonak. Baina gure ezagutzaren ekoizpena ahalbidetzen duten baldintza materialak daude. Finantzaketa, unibertsitatea eraikita dagoen lurra bera, instituzio-lankidetzak… Gure ezagutzaren ekoizpenaren baldintza materialen inguruan denbora luzez izandako elkarrizketa baten parte da liburu hau.

“Liburu honen egikaritze materiala nire kolono izaerak ahalbidetu zuen”, diozu liburuan. Zein muga du instituzio bat kanpotik aztertzeak, zu ere gatazkaren parte zarenean?
Gure kokapen sozialak gure ikerketaren berri ematen digu eta gure ezagutza beti dago kokatuta ezagutza ekoizten dugun unibertsitateari dagokionean, baita gure posizionamenduari eta ikerketari egiten diogun ekarpenari dagokionean ere.

Nire kasuan, kolono israeldar gisa dudan erantzukizuna serio hartzen dut. Jordan ibaiaren eta Mediterraneo Itsasoaren artean eman dudan bizitza horrek bermatu zidan hango erakundeei buruzko ezagutza kritikoa sortzea. Bereziki serio hartzen dut Israelgo Estatuaren indarkeria aztertzeko dudan sarbidea erabiltzeko betebeharra. Zentsuratutako eta militarizatutako espazioak diren agiritegi estatal eta militarretara sartzeko aukera izan nuen. Horietara sartzea zaila da judua ez den israeldar batentzat. Jatorrizko hizkuntzan ikertu ahal izan nuen, gobernuko dokumentuak aztertu eta behaketetarako campusetan sartzeko.

Aitor Bikandi eta Maya Wind Bilboko hitzaldian. Argazkia: Adur Galdos

Ofizialki, Espainiako Estatuko unibertsitate askok harremanak eten dituzte Israelgo unibertsitateekin. Badakigu, hala ere, Horizon proiektuetan elkarlanean jarraitzen dutela, baina zer eragiten dute horrelako erabakiek Israelgo unibertsitateetan?
Erabateko ikara. Israelgo Unibertsitateko Buruen Elkarteak gutuna idatzi zien Espainiako unibertsitateei kezka sakona adierazteko. Boikot akademikoaren aurkako erabateko erasoaldia dago martxan, kontramatxinada kanpaina bat, Israelgo Estatuak eta unibertsitateek antolatuta, Europan eta Ipar Amerikan unibertsitateetan boikotaren alde lan egiten duten ikasle eta irakasleei aurre egiteko.

Baina gure campusetako administratzaileen bitartez presioa egin arren, Israelen kanpaina horrek ez du funtzionatzen. Gure mugimendua esponentzialki hazi da. Orain dela hamabost urte, boikot akademikoa aipatzen genuenean, nekez zen benetako aukera. Orain jarrera nagusia da, eta dagoeneko eragin materialak ekarri ditu. Israelgo unibertsitate sistema itota dago. Eta mugimendua eraikitzen jarraitzen dugun bitartean, Israelen arraza-agintearen zutabe hori desegonkortuko da. PACBIk aurreikusi bezala, boikota funtzionatzen ari da.

Nola erantzun beharko luke unibertsitate batek okupazio eta zapalkuntza egiturekin loturak aurkitzen dituenean? 
Lehenik, ikuspegi marxista-feminista batetik, instituzioek ez dituzte, besterik gabe, beraien buruak erreproduzitzen. Erakunde horretako kide diren pertsona guztien eguneroko lanak erreproduzitzen dituzte. Unibertsitateak erreprodukzio sozialerako proiektutzat hartzen baditugu, hor sortzen diren kultura eta lana ez dira abstraktuak. Gure lana da horiek erreproduzitzen dituena. Unibertsitateari ikuspegi horretatik heltzea garrantzitsua dela uste dut; modu kritikoan pentsatzeko norentzat idazten dugun, zein baldintzatan ekoizten dugun ezagutza…

Indarkeria kolonialaz edo militarraz pentsatzen dugunean, askotan arma enpresak datozkigu burura, edo poliziak, soldaduak... Horiek ageriko biolentziaren adierazleak dira. Baina indarkeria hori batzuetan hain agerikoak ez diren beste biolentzia mota batzuen menpe dago. Eta horrek eguneroko indarkeria mundukoia hartzen du barne. Gure unibertsitateak funtsezkoak dira ikusezin bihurtzen den egiturazko biolentzia mota horretarako.

Unibertsitatean murgilduta gaudenon zeregin kolektiboa da instituzioa errotik berrirudikatzeko eta berregiteko mugimendu sozialean parte hartzea. Proiektu handia da —gure erakundeak desmilitarizatzea eta deskolonizatzea—, baina hori da gure zeregina. PACBIk boikot akademikoarekin eskatu duena zeregin horretara sartzeko leiho eta bide zehatz bat izan da.

Zer duzu esateko Horizon proiektuaz, CAFen jarreraz, eta EHUri buruz?
Gure unibertsitate guztiak, baita Ipar Amerikan eta Europan ere, finantzazio publikoa galtzen ari dira. Eta orain industria militarrek finantzatzen dituzte neurri handi batean. Estatuko finantzaketa eta finantzaketa publikoa ordezkatzeko sartu diren indar nagusienetakoak dira.

Unibertsitate batek egin behar duenaren inguruan galdetzen dugunean, guk egin beharrekoaren inguruan jardun behar dugu. Gure proiektu kolektiboaren parte da. Gure unibertsitateak deskolonizatzeko bidea zailtzen duten baldintza materialei heldu behar diegu.

CAF edo Frontex moduko enpresak armagintza industrian eta Europako militarismoan inbertitzen duten beste enpresa batzuetan gero eta txertatuago daude, Europa Gotorlekua proiektuan. Beraz, gure zeregina ere bada txertatze horretan gure unibertsitateek daukaten parte hartzeari aurre egitea.

Zure liburua irakurri dutenak zertaz jabetzea gustatuko litzaizuke?
Denok asko dugu ikasteko Palestinako askapen mugimendutik, eta zehazki, ikasle eta irakasleengandik. Palestinarrek betidanik aurre egin diote Karma Nabulsik ulertzen lagundu digun eskolastizidioari, alegia, hezkuntza zentroen suntsipen sistematikoari, aginte kolonialen eskutik.

Palestinako unibertsitate eta eskolak askapen mugimenduaren azpiegituraren erdigune izan dira beti. Irakasleen eta ikasleen sindikatuek sekulako ausardia erakutsi dute, eta oraindik ere halakoak izaten jarraitzen dute, Israelen indarkeria beldurgarriaren aurrean. Torturak eta hilketak jasaten dituzte, baina beren hezkuntza-proiektuan inbertitzen jarraitzen dute, askapenerako azpiegitura gisa. Uste dut denok daukagula zer ikasi ikasle eta akademiakide palestinarrengandik, baita zertan inspiratu ere, beraien ausardiari eta taktikei erreparatuta. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Israeli boikota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...