Badago zerbait oso boteretsua etxe-familiar baten oin-planoan; entitate emozional bezala jokatzen du. Planoak etxearen ateak eta gelak bere lekuan kokatzen ditu, errealitatea marrazteko geometria ariketa gisa. Hara non, etxearen delineazioa, familietan esan gabe gelditzen diren horien guztien eta gogor esandako beste horien gordailu da. Familia-harremanak etxeko pareten barnean janaria prestatzen, pizten eta amatatzen direlako. Etxeak ez du ez begi ez belarririk, baina testigu isilaren papera hartzen du. Familia-kideen ahotik ateratako hitzen dirdira gorpuztutako memoriara itsasten denean etxeak gertaera hori betikotzen du, partaideek elkarbanatutako subjektu bihurtzen delako.
Horregatik, etxe familiarraren plano batek badu aukera urte askotan isildutako gatazka bat bat-batean eztandarazteko. Demagun, oinordetza banaketa egoera batean, edo etxearen eraldaketa-prozesu batean. Planoko logela eta pasilloaren aldamenean eta gela bakoitzaren azaleraren atzealdean argitaratzen dira haserreak, inbidiak, jeloskortasuna, amorruak, beldurrak. Mina. Horrelakoetan, planoaren gainean erabaki arkitektonikoen inguruan hitz egitea egoera konplexua suerta daiteke, ze etxearen logela eztabaidagai bada ere, eztabaidaren oinarrian logelarekin zerikusirik ez duten gaiak daude. Argudioak eta emozioak eztabaidan sartzen dira, adostasuna eta ulermena zeharo zailduz.
Etxe familiarraren planoak egoerak pizteko gaitasuna duen bezala, sendatze bideak lantzeko tresna ere izan daiteke. Etxearen planoak zehaztapen bat mugitzen duelako eta batzuetan errazagoa delako metroen eta orientazioaren bidez komunikatzea min historikoen bidez baino. Planoak espazioak ordenatzen dituen bezala ordenatu ditzake argitu edo esan gabekoak, metafora eta errealitatearen kudeatzaile paper bikoitzean.
Argi dago arkitektura bulegoak baduela zenbaitzuetan psikologia zentro baten itxura, eta nire lanbidea gehiago maitatzea egiten du.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.