“Askotan, Ekialde Hurbilean tsunamia dirudiena apar hutsean geratzen da”

  • Almerian (Andaluzia) jaio (1972), Marokon hazi eta 22 urterekin hasi zen kazetari Ilya Topper; ordutik, Ekialde Hurbila bihurtu da haren lanaren ardatz. Istanbulen (Turkia) bizi da 2011z geroztik, EFE Agentziaren berriemaile. Zera du helburu beti, etengabeko indarkeriak astindutako eskualde baten dinamikak identifikatzea, eta, batez ere han bizi diren pertsonen errealitatea azaltzea.

Argazkia: Eka Konjaria
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Askotan aipatzen da Iranen aniztasun etnikoak tentsio politikoak sor ditzakeela. Baina nola ulertu behar da aniztasun hori, arrisku gisa ala historikoki eraikitako Irango identitate zabalaren parte gisa?
Mosaiko konplexua da Iran. Kurduen sektore handi batek independentziaren aldeko tradizio politikoa ageri du, baita hego-ekialdeko balutxeek ere. Edonola, Irango biztanleriaren gehiengoa persiar nazioaren parte sentitu ohi da. Izan ere, buruzagi gorena zen Ali Jamenei azerbaijandarra zen, baita Masoud Pezeshkian presidentea ere. Azerbaijandarra izatea ez da kontrajartzen persiar nazioaren parte izatearekin. Areago, Iran gobernatu duten dinastia ia guztiek turkieraz hitz egiten zuten eta guztiek lagundu dute nazio irandar-persiar baten eraikuntzan. 

Xiiten eta suniten arteko banaketak funtsezkoa izaten jarraitzen al du Ekialde Hurbileko politikak definitzeko? 
Banaketa nabarmen indartu da azken hamarkadetan, baina ez dut uste Ekialde Hurbileko politikaren faktore erabakigarria denik egun. Iraken, adibidez, komunitate xiitak eta sunitak betidanik egon dira, baina 2003ko inbasioaren ondoren bihurtu zen banaketa hori gatazka politikoaren ardatz nagusietako bat. Eskualde osoa ulertzeko, ezin da dena xiita-sunita banaketara mugatu.

Mundu sunitarrean, zenbaterainokoa da Turkia-Qatar ardatzaren eta Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen inguruan osatutako blokeen arteko lehia?
Duela hamar urte baino gutxiago, bazegoen lehia geopolitiko argi bat: Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek Qatar blokeatu zuten, eta Turkiak Qatar babestu zuen. Azken urteotan harremanak normaldu egin dira. Turkia Saudi Arabiarekin adiskidetu da, eta Qatarrek bere ingurukoekin harremanak berreskuratu ditu. Egun desadostasunak egon badaude, baina ez dira lehengo bloke egituratuen arteko konfrontazio baten parte. Eskualdearen panorama malguagoa da, aliantzak interes estrategikoen arabera aldatuta.

Argazkia: Eka Konjaria

Hala ere, badago bien artean marra gorri argi bat: Abrahamgo Akordioak. Emirerriek, Bahrainek, Marokok eta Sudanek Israelekin harreman diplomatikoak normalizatu dituzte, eta Saudi Arabia ere talde horretan sartzekotan zen Gazaren aurkako erasoa hasi arte. Turkia edo Qatar bloke horretara batu litezke epe labur edo ertainean?
Turkiak 1950ean aitortu zuen Israel. Ez du Israel estatu gisa auzitan jartzen, Netanyahuren gobernua baizik. Hori guztiz bestelako prozesua da 2020ko Abrahamgo Akordioekin alderatuta; izan ere, horien bidez hainbat herrialde arabiarrek lehen aldiz aitortu zuten Israel. Ankarak harremanak berreskuratuko ditu Gazan konponbide bat ikusten hasten denean.

“Gaza bonbardatzen duten pilotuak Konyan trebatu zituzten; hegazkinentzako erregaia Iskenderundik iristen da, eta soldadu israeldarren janaria Alanyatik bidaltzen da”. Hori leporatu zion oposizioko parlamentari batek Recep Tayyip Erdoğan presidenteari. 
2023ko azaroan izan zen, urriaren 7ko erasoa eta hiru astera. Diputatu hark salatu nahi zuen Turkiaren eta Israelen arteko merkataritza-harremanak indarrean zeudela. Handik sei hilabetera, 2024ko maiatzean, Ankarak Israelekiko esportazioak eta inportazioak debekatu zituen. Dena den, beti daude zirrikituak eta trikimailuak haiek bideratzeko. Ankara beti izan da oso pragmatikoa, eta ez Israelekiko bakarrik.

Iranek aliatu zuen Siria eskuz aldatu ondoren, Ekialde Hurbileko potentzia nagusietakoa izaten jarraituko al du Iranek? 
Benetako aliatua ez, Irango protektoratu modukoa zen Siria. Damaskok gutxi eskain ziezaiokeen Irani, baina Teheranek Bashar al-Assaden erregimena babesten zuen arrazoi geopolitikoengatik eta Hezbollahrekin lotura mantentzeko. Siriako gerra zibilean, Hezbollahk Assaden alde esku hartu izana logika geopolitiko horren barruan ulertzen da. Ikuspuntu ideologikotik ez luke zentzurik Hezbollah bezalako milizia islamista batek ia laikoa zen Assad bezalako dinastia baten alde egiteak. Iranek eskualdeko potentzia garrantzitsua izaten jarraituko du, Ormuzko itsasartearen kontrolagatik, bere tamainagatik eta 90 milioi biztanletik gorako populazioa izateagatik.

Israel indartsu dago: Zisjordanian, Libanon eta Sirian bere hedapen politikak geldiezina dirudi... Nola eragingo du horrek eskualdeko orekan?
Neurri handi batean, itzulezina da Israelen dinamika. Etengabeko aurrerakako ihesaldia dugu: konfrontazio, gerra eta indarkeria gehiago bilatzen ditu, ez oreka edo konponbide iraunkorrik. Dinamika hori aldatzea zaila da, bake-konponbidea bilatzeak muga berriak ezartzea eskatuko lukeelako. Israelek hori saihestu nahi du, ez dagoelako prest Zisjordaniari uko egiteko. Nolanahi, egun ez du hiru milioiko biztanleen entitate bat anexionatzeko gaitasunik. Gatazka iraunkorreko egoera du helburu. Baina kontrolatzen oso zaila den indarkeria espirala sortzen du horrek.

Eta Libano? Zenbat gehiago iraun dezake Hezbollahk?
Israelek ez du Libanoko lurralderik anexionatu nahi. Herrialdearen zati bat kolonizatzeko deia egiten duten aktibista batzuen aldarrikapenak ez dira pragmatikoak. Helburua gatazka zabalik mantentzea da, Israelek gerra-egoeran jarrai dezan. Hezbollah ere logika berean sartzen da. Bere egitekoa Israel ahultzea dela uste du, baina gatazkak Benjamin Netanyahuren gobernua indartzen du, eta, egia esan, Israelgo edozein gobernu ere. Denek jarduten dute konfrontazioan oinarritutako dinamika horretan.

Irak da itzalpean maiz gelditzen den beste herrialdetako bat. Bere gehiengo xiitak eta Iranen eraginak ere estu hartzen dute, ezta?
Gerra zibila amaitu zenetik eta herrialdea pixkanaka egonkortu den neurrian, Irak Iranen eraginpean egon da, nahiz eta bere sistema politikoa ez den aiatolen erregimenaren parekoa. Gerra zibilean ez zegoen armada bateraturik; lurralde osoan sakabanatutako milizia ugari baizik. Denborarekin, milizia horiek egitura ofizialean integratu ziren, baina beren aginte-kateei eutsiz. Ez ziren desmobilizatu armada berri bat osatzeko; estatuaren aterkipean jarduten hasi ziren.

Auzi kurdua ere Turkiaren gai nagusietako bat da. Zein puntutan dago iaz hasitako Ankararen eta kurduen arteko azken bake prozesua?
Prozesua erabat blokeatuta dago. Benetako lehen bake saiakera 2013an izan zen: Abdullah Öcalanek, kartzelatik, borroka armatua uzteko eta kurduak Turkiako sistema demokratikoan integratzeko deia egin zuen. PKKk onartu zuen, baina 2015ean gatazka berriz piztu zen, neurri handi batean Erdoganen barne-politikako kalkuluengatik. 2024an proposamena berriz mahai gainean jarri zen, eta Öcalanek mezu bera helarazi zuen: indarkeriaren amaiera, armak uztea eta kurduak Turkiako nazioaren parte oso gisa aitortzea. Baina hori gauzatzeko lege-esparru bat behar da, PKKko kideek armak utzi eta bizitza zibilean berriro txertatu ahal izateko. Oraingoz, esparru hori ez dago definituta.

Argazkia: Eka Konjaria

Siriarekin eta Rojavarekin ere lotura zuzena du horrek. Jihadista ohi bat gobernuan buru, etorkizunari baikortasunez begira diezaiokete kurduek?
Zaila da jakitea Ahmed Sharaa bezalako jihadista batek norantz bidaliko duen Siria. Kezka sortzen du, baina une honetan ez dirudi beste alternatiba errealik dagoenik; harekin lankidetzan aritu beharko da eta egoerak hobera egingo duen ikusi. Edonola, Sharaa ez da lider karismatiko edo ahalguztiduna. Bere boterea hainbat milizia eta talde armaturen arteko orekan oinarritzen da. 

Gerra zibil berri bat piztu liteke?
Ez, behintzat, Assaden erregimenaren hondarrekin, gerra galdu berri baitute. Kurduak ere ez dira gai Sharaaren aurka nagusitzeko. Gainera, Turkiak bortizki aurre egingo lieke. Bestalde, Barzani familiaren gidaritzapean, Irakeko Kurdistanek jarrera kontserbadorea du eta PKKri edo Rojavari lotutako sektoreen aurka dago. Irakek berak ere ez du estatu kurdu independentea sortzeko interesik eta Siriako gainerako lurraldea ere guztiz aurka legoke. Amerikako Estatu Batuek ere ez dirudi horrelako proiektu bati eutsiko lioketenik. Horregatik, kurduek ez dute beste aukerarik: Damaskoko gobernuarekin moldatzeko bidea bilatu behar dute. Islamista izan arren, lortutako askatasunak, kultura eta hizkuntza ahalik eta gehien babesten saiatu beharko lirateke. Bestalde, Sharaa ere saiatzen ari da bere irudia moderatzen. Itxura aldatu du, eta bere gobernuan emakumeak eta gutxiengo erlijiosoetako ordezkariak sartu ditu, nazioarteari bestelako irudi bat helarazteko.

Urtarrileko Damaskoko azken erasoaren ondoren, Rojavak baikortasunez begiratu al diezaioke etorkizunari?
Rojavaz zer ulertzen dugunaren araberakoa da. Estatu edo sasi estatu independente gisa planteatzen bada, ez dut bideragarritzat jotzen. Aldiz, Siriako Kurdistan zentzu zabalago batean ulertzen badugu, hau da, Siriako biztanleria kurdu gisa, orduan bai egon liteke nolabaiteko egokitzapena, nahiz eta erraza ez izan. Kurduak bloke garrantzitsua dira, eta edozein botere zentralek akordioren batera iritsi beharko du haiekin. Sharaari berari ere ez litzaioke komeni beste barne-gatazka bat. Horregatik, arrazoizkoa da pentsatzea akordio moduren bat bilatuko duela. Akordio horrek nekez ekarriko du independentzia –izan ere, hori ez da inoiz izan aldarrikapen publikoa–, ezta gerra zibilean izan zuten autonomia maila bera ere.

Nola ikusiko luke Ankarak Irango Kurdistanen ahalduntzea? Ez al litzateke Rojavaren proiektua errepikatzea?
Turkiaren erabateko oposizioa jasoko luke horrelako proiektu batek. Hala ere, oso egoera sinesgaitza iruditzen zait. Irango mugako eremu osoan zehar milioika kurduren altxamendua beharko litzateke, eta ez dago argi Irango kurduen artean independentziaren aldeko gehiengo sozialik dagoenik. Erbestean dauden talde batzuek aukera hori defendatzen dute, baina benetako babesak zalantza handiak sortzen ditu.

Ukrainako gerra batetik eta Assaden erorketa bestetik, zein da gaur egun Errusiaren benetako pisua Ekialde Hurbilean?
Errusiaren rola Ekialde Hurbilean mugatua izan da beti, eta Siria zuen oinarri. Baxar al-Assaden erorketak euskarri hura lapurtu dio Moskuri. Gaur egun ez dirudi beste gatazketan protagonismo berezirik hartzeko moduan dagoenik, eta litekeena da bere ahaleginak Afrikan kontzentratzea, Libia bezalako herrialdeetan presentzia sendotuz. Ukrainako gerrak ere bere jarduteko gaitasuna mugatzen du. Hala ere, petrolio esportatzailea den heinean, Ekialde Hurbileko ezegonkortasunak eta energiaren prezioen igoerak mesede egin diezaiokete; horregatik, haun juxtu, ez du interes berezirik Iranen inguruko tentsioa baretzeko. 

Zuri entzun ondoren, pentsa liteke inflexio puntu baten aurrean gaudela Ekialde Hurbilean. Hala da? 
Trump agintean dagoela, iragarpen geopolitikoak egitea oso zaila bihurtu da. Urtebete barru gauzak oso desberdinak izan litezke, ala ez... Gazako gerrak ohiko indarkeria-maila eta nazioarteko arreta handitu ditu, baina horrek benetako aldaketak ekarriko dituen ez dago argi. Momentuz, Palestinan dena lehen bezala dago, baina okerrago. Libanon ere ez dago berritasun handirik. Agian Hezbollah desagertzera iritsiko da etorkizunean, baina ez dut uste berehala izango denik. Benetako funtsezko aldaketa bakarra Assad dinastiaren amaiera izan da Sirian, eta Iranen aliatua izatetik kontrako blokera igaro izana. Baina hori bera ere ez da 2003an Saddam Husseinen erorketa Iraken izan zena baino aldaketa handiagoa. Askotan, Ekialde Hurbilean tsunami bat dirudiena apar hutsean geratzen da. 2011ko Udaberri Arabiarra funtsezko eraldaketa zelakoan geunden… Egun, askatasunari eta demokraziari dagokienez, negu gorrian jarraitzen dugu.  


Irakurri gehiago: Ekialde Hurbila Nazioartea
Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...