Azken aste hauetan, Frantziako hedabide independente frankok salatu du eskuin-muturraren esku hartzea kultur munduan. Le 1 astekariko maiatzaren 27ko zenbakia osoki hortaz zen, ondoko galdera honekin hasita: “Gerla kulturala nola irabazi?”. Artikulu interesgarriez gain, aldizkariak infografia argigarria eskaini du, zoinetan armiarma sare ehule gisa agertzen diren P.-E. Stérin, V. Bolloré, A. Pesey. Harrapatuak dituzten eulien artean, hainbat egitura, ikastetxe, argitaletxe eta hedabide daude: Olympia eta Bataclan ikusgarri gelak, Parisko Kazetaritzako goi-mailako eskola, Canal + telebista katea, Europe 1 irratia, Géo aldizkaria, Fayard, Grasset, Larousse, Le livre de poche, Hachette argitaletxeak…
Eskuin-muturraren hedatze hori, kultura alorrean, Iparraldean berean ikusgai da. P.-E. Stérin miliardun frantsesaren eraginez eskuin-muturreko zaleek Frantzian gaindi muntatzen dituzten “Banquets du Canon français” edo “Frantses kanoiaren bankete” horietarik bat antolatu nahiko lukete aurtengo azaroaren 28an, Miarritzen, “euskal banketea” deitu dutena. Mediabask astekariko Jean-Joël Ferrand kronikariak ekainaren 10eko zutabean zioenez, proiektu horren kontra oldartu direnei erantzun omen diete botere publikoek “ez dutela Herri Urrats debekatzen” eta, ondorioz, ez litzatekeela arrazoirik beren besta zentsuratzeko.
Guretzat, kultura ez da besta folklorikoa, ez da eros daitekeen eliteendako artea. Gurea adierazteko askatasun espazio kolektiboa da
Mediapart-ek, berriz, Nicolas Heimendinger ikerle gaztea elkarrizketatu du. Tesia egin berri du arte garaikidea eta erakunde publikoen arteko harremanez, eta lan hori berriki publikatu du, 656 orrialdeko liburu mardul gisa, L’État contre la norme. Institutions publiques et art d’avant-garde (Estatua normaren kontra. Erakunde publikoak eta arte abangoardista) (CNRS, 2026). Heimendingerren ikerketen arabera, fenomeno berri bat gertatzen ari da Frantzian. 2003 arte, Frantziako Estatuak zuen nagusiki arte garaikidea sustengatzen, bere lurraldean, eta horretan Frantzia salbuespentzat har zitekeen, Mendebaldeko herrialdeen artean. Baina 2003ko Aillagon Legeak mezenasgo pribatuari bidea erraztu zion, abantaila fiskal izugarriak eskainita eta, egun, Frantzian ere arte garaikidea fundazio pribatuen eta miliardunen esku dago –horietarik batzuk atzerritarrak edo eskuin-muturrekoak izanik–.
Testuinguru orokor horretan, nehoiz ez baino gehiago, kultura herrikoi osasuntsu baten beharra dugu. Guretzat, kultura ez da besta folklorikoa, ez da eros daitekeen eliteendako artea. Gurea adierazteko askatasun espazio kolektiboa da. Udan sartuak gara eta hainbat ekitalditan parte hartzea gozatuko dugu: herriko besta, bertsoaldi, dantzaldi, kantaldi, herri-antzerki, kabalkada, pastorala eta beste. Arnas guneak izanen dira, mundu arakneitar honetan.
Eta literatura maite dugunontzat, Bertolt Brecht-en lanak hor ditugu, salbagarri. Preseski, Arturo Ui eta bere gorakada ihardukigarria A. Pateau-ren itzulpen berriarekin agertu da frantsesez, J. Chapoutot historialariaren aitzin-solasarekin; O. Neveux-k Brecht et les mauvais temps nouveaux (Brecht eta garai txar berriak) saiakera argitaratu berri du; I. Bonnaud-k agorrilean Brechten testu antologia bat plazaratuko du, Écrire contre le fascisme (Faxismoaren kontra idatzi) izenburupean, eta udazkenean Ama Kuraia eta bere seme-alabak antzerkiaren frantsesezko itzulpen berri bat argitaratuko du. Arturo Ui-ren historia euskaraz ere dastatzeko posibilitatea izanen dugu, Gazte Konpainiak emanen baitu Bilbon, 2027ko martxoan. Faxismoaren gorakada, “ihardukigarria” edo oztopagarria da, dio Brecht-ek: ez dezagun etsi eta segi dezagun borrokan.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.