1.000 egun bete ditu Gazaren aurkako sarraskiaren azken kapituluak. Duela ia urtebete su-etena sinatu zutenean erori zen hedabide handienen lerroburuetatik, nahiz eta genozidioak jarraitzen duen. Hala diote gaia gertutik ikertzen duten adituek. Forensic Architecture erakundea da horietako bat. Londresen bizi den israeldar bat buru duen taldea, Hegoafrikak Israelen aurka Nazioarteko Justizia Epaitegian jarritako salaketaren parte da. Beren armak: arkitektura, kartografia eta lekukotza dokumentatuak. Prisma horretatik begiratuta, argi ikusten da estatu sionistaren helburua beti garbiketa etnikoa izan dela. Eta berdin jarraitzeko asmoa dute.
Londresko Unibertsitatean kokatuta, giza eskubideen urraketa larrien lekukotzak 3D-n berreraikitzen dituzte Forensic Architecture ikerketa agentzian. Beren metodologia propioa garatuta, testigantzak, sateliteetako irudiak, bideoak eta argazkiak konbinatzen dituzte. Talde multidisziplinar honetan elkarlanean ari dira arkitektoak, programatzaileak, abokatuak, zientzialariak, zinegileak, software garatzaileak eta ikerketa kazetariak, besteren artean. Emaitzak, benetan, ikusgarriak dira. Guztien buru, Eyan Weizman arkitekto israeldarra.
“Ni Haifakoa naiz. Hiri berezia da, 1948an ez baitzituzten palestinar guztiak bota bertatik eta, beraz, palestinarrekin harremanetan hazi nintzen. Arkitektoa izan nahi nuen, eta orduan hasi nintzen konturatzen palestinarren bizitzaren froga zen ondarea nola zegoen, juduen auzoek nola inguratzen dituzten palestinarrenak, eta azken batean, nola banatzen duten lurra. Okupazio israeldarrak darabilen asentamendu kolonialaren logikaren aurrean begiak ireki zizkidan arkitekturak”. Weizmanen hitzak dira, Espainiako Estatuko La Marea hedabidean uztailean eman duen elkarrizketan esanak, Ungrounding, the architecture of Genocide (Deserrotzea, Genozidioaren arkitektura) liburuaren kari.
Weizman eta bere erakundea aurretik ere aipatu izan ditu ARGIAk. 2009an sail honetan bertan Pello Zubiriak erreportajea eskaini zien, beren bidez azaltzeko nola ari ziren Jerusalem planifikatzen eta eraikitzen hiri kolonial gisa. Bertan azaltzen zen hirigintza arma bat dela beti, eta Israelek palestinarren itotzeko hirigintzazko trikimailu haboro zerabilela orduan ere.
Mundu osoko injustiziak aztertzen ditu aipagai dugun taldeak, beren webgunean ikus daitezkeenez: 2011n Mediterraneoan noraezean bi astez utzi zituzten migratzaileen kasua, NATOk gainbegiratutako uretan; 1978 eta 1983 artean Guatemalako Ixil jatorrizko herriaren aurka eginiko genozidioa; 2011tik 2024ra Siriako Saydnaya espetxeko torturak; 2006an Berlinen, inteligentzia zerbitzuen aurrean, neonaziek hil zuten Halit Yozgaten kasua; edo 2013an Atenasen neonaziek hil zuten Pavlos Fyssarena; 2014an Mexikoko Ayotzinapako ikasleen desagertze bortxatua; edo ondorengo herrialdeetako askoz ere kasu gehiago: Argentina, Kolonbia, Alemania, Ukraina, Yemen, AEB, Turkia, Pakistan, Ingalaterra, Espainia, Frantzia, Indonesia, Libano... gertatutakoak zehaztasun milimetrikoz berreraikitzen dituzte, gorpu baten autopsia forentsea egiten ariko balira bezala, eta ondorioak, jakina, askoz ere sendoagoak dira, batez ere, hainbeste gezur, manipulazio eta "post-egi" faltsu zabaltzen duten garaiotan. Azken urteetan Palestinarekin loturiko ikerketetan dabiltza buru-belarri. Gazako zerrendan Israelgo armadak eginiko erasoen jarraipen geolokalizatua egin dute, edo kasu zehatzagoetara etorrita, Al Jazeerako Shireen Abu Akleh kazetariaren hilketa edo Gazako Al-Ahli ospitalearen aurkako erasoa zehazki nola izan ziren jorratu dituzte, Israelen inpunitatea borrokatuz. ARGIAko irakurleak ezaguna duen (hemen eta hemen) eta dozenaka gorpuz inguratuta, historian egin den prentsaurrekorik lazgarrienetako bat eman zuen Ghassan Abu Sittah zirujauaren lekukotzatik abiatuta berreraiki zituzten gertaerak. Oilo ipurdia jartzeko modukoa.
Weizman arkitektoak eta bere taldeak argi dute Gazako genozidioa ez dela azken hiru urteetako kontua, sionismoak ehun urtez aurrera daraman proiektu koloniala dela, asentamendu bidez praktikatzen duena –alegia, herriak suntsitu eta kolonia berriak hutsetik eraikita doazela lurraldeak kolonizatzen–. Bulego honetan oso argi ikusten dute Israelen helburua: herri palestinarra osotasunean bere lurretatik botatzea, Gazan eta Zisjordanian.
“Hilabetez hilabete, urtez urte, Gaza desagertzen ari da: hasierako bideoetan atzean ikusten ziren eraikinak desagertzen doaz eta hondar dunak bilakatu dira. Gazatarrak gurekin lanean dauzkagu eta ez dute egungo paisaia errekonozitzen", kontatu du Weizmanek, Democracy Now hedabidean emandako beste elkarrizketa batean. Lekukotzak funtsezkoak dira, baina Israelek ez die Gazan sartzen uzten nazioarteko giza eskubideen ikerlariei eta azken urteetan ehunka kazetari hil dituzte. "Hala ere, palestinarrek jarraitzen dute grabatzen, horregatik beren buruak arriskuan jarri behar badituzte ere, jakitun soldadu israeldarrek kamera batekin enfokatzen dituen edonoren aurka tiro egiteko agindua dutela. Munduak ikus dezan zer egiten dieten. Bideo horiek, beraz, kontu handiz aztertzeko betebehar etikoa daukagu, beste bideoekin, gainerako testigantzekin eta genozidio horri buruz heltzen zaigun informazio fluxuarekin nola konektatzen diren ikusteko. Lekukotzen autentikotasuna baieztatu behar dugu, non eta noiz izan diren filmatuak, Israelen aurkako Hegoafrikaren salaketan aurkezteko”.
Bost kontinenteetan ongi sufritutako kolonizazio esperientziek erakutsi dute desplazatutako herri indigenak beti saiatzen direla beren kultura eta nortasuna garatu zituzten lurraldeetara itzultzen. Horregatik, Nakbaren amaieran, Israelek nekazari palestinarrak beren lurretatik desertura bota, herriei jatorrizko izenak aldatu, hebreerazko berriak jarri eta beren presentziaren froga guztiak ezabatu zituzten. Helburua: 750.000 palestinar horiek ez zezatela izan nora itzuli. Gauzak horrela, erbesteratu palestinarren itzulerarako eskubidea belaunaldiz belaunaldi transmititzen den borroka bat da, beren etxe zaharretako giltzak sinbolo hartuta.
Garbiketa etnikoa burutu eta palestinarrak Gazatik Egiptora masan kanporatzeko asmoak ez dira atzo goizekoak, dena den. 1948ko abenduan bertan saiatu zen Israelgo Gobernu gaztea armada bidalita, baina ez zuen lortu. Berriz ere saiatu zen 1950eko hamarkadan, eta 1967ko Gudan erasoa indartu zuen Israelek Gazako Zerrenda alderik alde okupatu zuenean, Sinaiko desertuarekin batera. Horietan guztietan zibilen aurkako sarraski lazgarriak egin arren, ez zuen helburua gauzatu eta munduko kontzentrazio esparrurik handiena mundu osoko lur eremurik populatuena bilakatzen joan da. "2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoak aukera berria eman zion Netanyahuren gobernuari", ikusten du Weizmanek. Hori horrela ulertu zutela frogatzen dute palestinarren kanporatzeari buruz agintari israeldarrek eta Joe Biden AEBetako presidenteak lehen hilabeteetan eginiko adierazpen ugariek. Hasieratik, Egiptori presioa egiten hasi ziren, eta zortzi hilabetez Rafahko mugan ez zen Israelgo armadarik kokatu, palestinarrak beren herritik joateko atea irekita utziz bezala. Egiptok gogor eutsi zion, ordea, eta soilik baliabide ekonomikoak zituztenei utzi zien muga pasatzen. Argi zuten Egiptora joaten zirenei Israelek ez ziela sekula itzultzen utziko.
Hala, palestinarrek beren etxeetan jarraitu zuten, nahiz eta hauek birrindurik egon, nolabait 1948ko masa desplazamenduak gogoan izan balituzte bezala. “Ez zuela helburua lortuko ikusita, Israelgo Gobernuak B plana jarri zuen abian: palestinarrak oraindik eta espazio txikiagoan kontzentratzea, garbiketa etnikoa burutzeko hurrengo aukeraren esperoan”, idatzi du Weizmanek London Review of Books aldizkarian idatzitako Aurkituko duten guztia harea izango da analisi sakonean. Kontzentrazio esparrutik kanpo, erabateko suntsipena da herritar horiek beren etxeetara ez itzultzeko bermerik handiena, ikerlariaren ustez.
Forensic Architectureko bulegoan Netanyahuren gobernuak Gazan hiru urtez emandako ebakuazio agindu guztiak kartografiatu dituzte banaka-banaka. Hamasen erasoa gertatu eta egun gutxira, Israelek Gaza iparraldea ebakuatzeko agindu zuen. Milioi bat palestinarren bizilekua, Palestinarren bizitza politiko eta kulturalaren hiriburua zen, eta hegoaldera bidali zituzten exodo masiboan. Horren ondoren, mapa interaktibo bat argitaratu zuen Israelgo Gobernuak, non Gazako Zerrenda 623 eremutan banatu zuten Tetris bat bailitzan. "Gazan bizi direnek kontatu digutenez, oso zaila zen jakitea zehazki non zeunden, adibidez, 546 ala 547 eremuan. Mapa bereziki nahasgarria zen. Online publikatu zituzten Netanyahu eta enparauek poblazioarentzat argibideak, internet eta elektrizitate mozketa etengabeak eragiten ari ziren bitartean. Sistema horrek palestinarrak batetik bestera etengabeko desplazamenduan eduki zituen, ziurgabetasun betean". Talde honetako kideek ondorioztatu dute, eta Hegoafrikaren salaketan hala jaso zuten, ebakuazio agindu horiek ez zituztela inor laguntzeko egiten, populazioaren desplazamendua bera zela helburua. "Herritarrek ordu gutxian utzi behar izaten zituzten beren etxeak edo behin behineko bizileku berriak, agindua ez bazuten betetzen, ez zirela izango zibil kontsideratuak mehatxu egiten baitzieten, giza ezkutu edo erresistentziaren parte bilakatuko zirela beren borondatez. Palestinarrek ihes egiteko erabiltzen zituzten 'bide seguruei' etengabe egiten zieten eraso, joaten ziren eremu berriei bezala. Beraz, Israelek Hagako auzitegian dioenean ez dutela Genozidioaren Konbentzioa urratu printzipio humanitarioak aplikatu dituelako, beren milioi bat manipulazioetako bat besterik ez da". Hiru urteotako aginduak mapa batean kokatuta, frogatu dute populazioa bultzatzen joan zirela hego mendebaldera, kontzentrazio esparru txikiago batean itxita utzi arte, kostatik hasi eta hondar dunak hasten diren lekura arte, lur eremu emankorretatik kanpo.
2023ko urriaren 7az geroztik, Gazako zerrendan bizitzarako beharrezkoak diren gauza gehienak suntsitu ditu Israelek bonba toxiko, artilleria, tanke eta zanpagailuekin: hiriak, errefuxiatu guneak, eskolak, unibertsitateak, mezkitak, osasun azpiegiturak, laborantzakoak eta lurra bera. BDS mugimenduak aspaldi salatu zuen hondeamakinak egiten dituen AEBetako Caterpillar enpresa genozidioaren konplize zuzena dela, eta boikot kanpaina zuzenak egin izan dizkiote mundu osoko giza eskubideen aldeko ekintzaileek. Burdinazko makina erraldoi hauek dena suntsitu eta zapaltzen dute, baratzeak, etxeak, errepideak, hilerriak... Eta Tel Avivek intentzio osoz planifikatutako deserrotze horretan, udal planak, mapa historikoak eta jabetza dokumentu ofizialak erabat suntsitu zituzten Gaza Hiriko Artxibo Nagusia bonbardatu zutenean 2023ko azaroan.
Rafah hiria, Beti Hanoun herria, edo Jabalia errefuxiatu gunea, hiru adibide bakarrik aipatzearren, mapatik ezabatu ditu Israelek azken urteotan. Eraikinak bonbardatzean, produktu toxikoak askatu eta pixkanaka filtratzen dira lurpera, hurrengo hamarkadetarako leku horren osasungarritasuna baldintzatuz gainera. Israelgo jeneral ohi Giora Eiland oso garbi mintzatu zen publikoki: "Gaza bihurtuko da gizakia existitu ezin daitekeen tokia”.
Ingurumenaren suntsitze sistematikoak (lurrak, ur putzuak, arrantza) eta lurren lapurretak gazatarrek elikadura burujabetzarako izan zezaketen aukerarik ñimiñoenak ere desagerrarazi dituzte. Weizmanen taldeak dokumentatuta dauka hegazkin israeldarrek nola bota zuten pestizida pozoia Gazako baratze estrategikoetan. Eskola eta mezkiten aurkako erasoekin, bestalde, elkar zaintza eta komunitate gisa antolatzeko espazioak ezabatzen saiatu dira. Horrez gain, biziraun duten pertsonak suntsitzeko baldintzak sortzen jarraitzen du orain Netanyahuk, pixkanaka-pixkanaka gosearen, epidemien eta pobreziaren ondorioz hil daitezen gazatarrak. "Genozidioak aurrera darrai".
Kartografo hauek sakon aztertu dute Israelek darabilen jukutria, laguntza humanitario gisa salduz zibilen aurkako eraso sistematikoak. Israelekin muga egiten duten eremuei buffer zone deitzen diete ingelesez, euskaraz “babes eremua” litzateke. Israeldarrek, ordea, bestela ulertzen dute, hebreeraz shetah hashmada deitzen baitiote, "anikilazio eremua". Bertan sartzen den edozein palestinar tirokatzen dute soldaduek, eta batzuetan hurbiltzea ere nahikoa da zorigaiztoko bala bat jasotzeko. Biktima gehienak haurrak izaten dira, beren etxe izandakoetara edozeren bila joanak. 2023ko urriaren aurretik, Gazako "babes eremu" hori 300 eta 500 metro artekoa zen mugatik barnera. 2018 eta 2019an bertara joanez egiten zuten protesta baketsua ostiralero-ostiralero gazatarrek, "Itzulerako Martxa Handia" lelopean (223 pertsona hil eta 9.000 zauritu zituzten frankotiratzaileek). Hamasen erasotik bi astera, kilometro bateko zabalera hartua zuten israeldarrek, 2025eko udaberrirako bi kilometrokoa eta azkenerako, hiru kilometrokoa izatera pasa da. Eremu horretan geratu den guztia suntsitu dute sionistek hondeamakinekin.
Historikoki, gatazka bateko bi alderen artean su-etena mantendu eta etsaiak elkarrengandik urrun edukitzeko helburuarekin adostu izan dira babes eremuak. Horren adibide, Lehen Mundu Gerraren amaieran, 1919an Versaillesko Itunean finkatutako Alemaniako Renaniakoa; 1991ko Golkoko Guda ostean Irak eta Kuwait artekoa; Ipar eta Hego Korea arteko gune desmilitarizatua; edo Txipren eremu greziarraren eta turkiarraren artekoa. Israelek, ordea, eremu hauek okupaziorako erabiltzen ditu beti, desplazamendurako eta ezabaketarako.
“Asentamendu bidezko kolonialismoaren logika zirkularra da: koloniak eraikitzen dituzte estatuaren muga markatu eta babesteko, baina horrek erasoak jasotzeko zaurgarri egiten ditu leku horiek, eta beraz, beste segurtasun eremu bat ezartzen dute urrunago, herri horiek babesteko. Ondoren, lur eremu horretan kolonia gehiago eraiki eta areago eramandako eremuekin babesten dituzte, horrela lurraldeak bereganatuz etengabe”.
Herritarren kanporatzea izugarri azkartu zuten 2023ko urriaz geroztik Gazan eta Zisjordanian, eta oraindik gehiago areagotu dira AEBen eta Iranen arteko guda hasi zenetik, Israelgo armadak sustatutako kolonoen pogromekin. Jokamolde hori sistematikoa da fronte guztietan. 2024ko abenduan, Siriako presidente Bashar al-Assaden erorketaren ostean, Israelgo armadak zabaldu egin zuen bere “defentsa eremua” Siriako Estatuan barrena, aurrez ere nazioarteko legedia urratuz anexionatuta zeuzkan Golango gainetatik harago. Eta Libanon ere, azken inbasioaren eraginez, 600.000 herritar bota dituzte “segurasun eremu” berritik kanpora, Weizmanek salatu duenez. Israelek bonbardatu ditu Libanon Litani izeneko ibaiaren gainean eraikitako zubi guztiak, mugatik 30 kilometrora, lur eremu hau komunikaziorik gabe utzi eta bertako herriak eraisten hasteko. Sareetan zabaldu dira, Gazan egiten zuten bezala, nola urrunetik detonatu dituzten han ere herri osoak, asko Israel sortu baino mila urte lehenagokoak. Helburua hori baita: suntsitzen doazena pixkana anexionatzea, mugak zabaltzea.
Palestinarrak –edo libanoarrak edo siriarrak– inoiz saiatzen badira kanporatuak izan diren eremuetara itzultzen, “ez dira ariko inora itzultzen". Hala adierazi zuen Israelgo hondeamakinekin lehen lerroan lanean aritutako Avraham Zarbiv erreserbistak. Gizon hau, gainera, errabino ultrakontserbadorea da, sionista askorentzat erreferentea eta bere muturreko adierazpen publikoengatik ezaguna. "Dozenaka milaka familia paperik gabe, haurtzaroko argazkirik gabe, nortasun agiririk gabe, ezer gabe geratu dira. Itzultzen badira, ez dute jakingo beren etxea non zegoen ere. Aurkituko duten guztia, harea izango da”, aldarrikatu zuen harro. Soldadu israeldarrek sortu duten tortura psikologiko berriaz ere mintzatu zen: gerraren hasieran bahitutako palestinarrak begiak estalita eramatea beren herrietara. “Begietako zinta kentzean –kontatu zuen Zarbivek– erabat desorientatuta geratzen dira, ez dute ulertzen non dauden, ezin dute”. Hondakinez beteriko itsasoa dute aurrean. Krudelkeria, bere gorenean.
Gazako azken su-etena 2025eko urriaren 10ean sartu zen indarrean –eta Israelek ehunka aldiz urratu du–. Bertan jasotako terminoen arabera, Gaza bi eremutan banatu du Tel Aviv eta Washingtonetik diseinatutako Lerro Horiak, Israelgo armadaren kontrolpean utzita Gazaren %54, erreportaje hau ilustratzeko kokatu dugun infografian ikus daitekeenez. Israelgo goi agintari Eyal Zamirrek adierazi zuen Lerro Horia dela Israelen muga berria Gazan. Abendurako, aldebakarrez, muga hori mendebalderago mugitu eta beren kontrolpeko lurra %58ra igo zuten. Ekain amaierarako, %65.
Kolonoen mugimendua jada gogor ari da Netanyahuren gobernuari presio egiten, bereganatu duen lurralde horretan has daitezen behingoz eraikinak egiten. Baina Donald Trump ofizialki horren aurka agertu izan da, eta beraz, Israelgo Gobernuak bertan gune militarrak eta errepideak eraikitzeko baliatu du denbora. Azpiegitura horiek zibilen kolonia bilakatzeko, mundu mailako arreta beste norabait desbideratzera itxaron beharko dute.
Gaza alde guztietatik itxita geratutako eremu bat izaki, Israelek kontrolatzen du zenbateko laguntza sartzen den bertara. “Israelek Gazako bizi baldintzak kalkulatzen ditu. Nahi dutena da palestinarrek ospa egitea edo mantso hiltzea", ondorioztatu du Weizmanek. Baina gazatarrak, jende burugogorra dira eta ez beren lurra uzten! Sare sozialetan ikus daiteke nola jarraitzen duten sukaldeak partekatzen, sabairik ez duten eskoletan klaseak berrantolatzen edo eraikinik ez duten unibertsitateetara tesiak bideratzen. Aldarri palestinar zahar batek dioen bezala: existitzea erresistitzea da.
.jpg)