Ez gara VIP

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hemen, Euskal Herrian, zenbat aldiz ez ote dudan desiratu nik hainbat antzokitan sofa txiki bat, ispilu bat, ur pixka bat, aldagela txukun bat… atseden tarte txiki bat hartzeko? Ez dakit ba! Askotan! Zenbat lagun antzezlek, dantzarik, margolarik, idazlek utzi behar izan dituzte bazterrean haien ametsak? Ez dakit ba! Gehiegik! Zenbat kulturgune itxi behar izan dira azken urteotan? Ez dakit ba! Dezente! Zenbat asmo gelditu dira argia ikusiko ez duten proiektuen kutxa ilunean? Zenbat ideia zoragarri eta kreatibo desagertu dira pixkana, denboraren joanak higatuta? Ez dakit ba! Zenbat artistak jarraitzen dugu geure apustuari eusten, jakinik gure bizi baldintzak nekez hobetuko direla? Batzuek hainbeste eta besteek hain gutxi.

Arteak orokorrean, eta antzerkiak zehazki, inoiz ez du leku pribilegiaturik izan, ez hemen, ez inon. Antzerkia beti izan da kontraboterea. Antzerkia ez da estadioak betetzen dituen moda, ezta antzokiak betetzen dituena ere. Antzerkia mugimendu politiko, sozial eta kulturalen mende egon da beti. Bazterrekoa izan da, zapalkuntza eta bidegabekeriak pairatu ditu historikoki, jazarpena eta zentsura, baina bizirik iraun du orain arte.

Mundu klasikora jauzi egin behar dugu, antzerkia ulertzeko modu guztiz ezberdina aurkitzeko. Antzinako Greziako antzerkiak izugarrizko ospea zuen. Funtsezko zutabea zen espiritualitatea lantzeko, gizabidezko hezkuntza eman eta jasotzeko, eta komunitatea kohesionatzeko. Entretenimendu hutsetik haragoko jarduera sakona zen, mitologiaz, politikaz eta gizakiaren izaeraz hausnarketa kolektiboa egiteko ariketa. Hain garrantzitsua zenez, estatuak herritar pobreenen sarrera finantzatzen zuen, guztiek parte hartzeko aukera izango zutela bermatzeko.

Antzerkia, zalantzarik gabe, bizipen kolektibo transzendentala da

Gaur egun zer da antzerkia? Zer leku ematen diote instituzioek? Zer leku ematen dio jendeak? Instituzioen laguntzak direla eta, orokorrean jasotzen duguna apurrak dira eta apur horiek ez dira sortzaile guztientzat, gainera, aurrekontuak oso mugatuta daudelako. Diru publikoa zaindu egin behar delako, diotenez. Dirulaguntzak ez dira sortzaileei egiten zaien oparia, sormen lana egiteko ezinbesteko baldintza baizik. Denok ordaintzen ditugun zergetatik ateratzen da diru publiko hori, eta, jakina, ongi kudeatu behar da. Pastel hori, baina, gaizki banatuta egoten da. Noiz izango dugu antzezleok pastel horren behar bezalako zatia? Gainera, zor historikoa dela esango nuke, apurrekin bizitzen ohituta gaude urtetan. Batzuek hainbeste eta besteek hain gutxi.

Batzuek esango dute antzerkia ez dela errentagarria. Errentagarria ekonomikoki? Kapitalismoaren logika basatiak eta ikuspegi hertsiak negozioa besterik ez du ulertzen, ez badugu etekin ekonomikorik ateratzen, orduan ez du ezertarako balio. Erakunde publikoek benetako antzerki kultura sustatuko balute, antzerkiaren eragin guztiak areagotuko lirateke, baita errentagarritasun ekonomikoa ere.

Antzerkia, zalantzarik gabe, bizipen kolektibo transzendentala da. Antzerkiak balio du gizakiak utzi nahi duen ondarea ulertzeko, esanahia eraikitzeko, bere izatea ulertzeko eta bere nortasuna eta iturriak definitzen dituzten lotura sakonak eratzeko. Antzerkia ez da entretenimendu hutsa. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...