101.693 lagun aurkeztu ziren ekainean Osakidetzako azken oposaketara. 101.693. Kopuru hori ez da sartzen San Mamesen. Sestao hiru aldiz beteko lukete. Eta oraindik batzuk kanpoan geratuko lirateke, ogitartekoa eskuan. 5.425 plaza zeuden jokoan. 19 pertsona lanpostu bakoitzeko.
Europar Batasuneko AD5 administratzaileen oposaketetara 174.727 lagun aurkeztu dira 1.490 posturen bila. Hau da, 117 pertsona postu bakoitzeko. Osakidetzan plaza finko bat lortzea Everest igotzea bada, Bruselakoa Everest bulegoko zapatetan igotzea da: trajea jantzita, maletatxoarekin eta kafea 4 eurotan.
Ulertzekoa da Europakoa. Lanpostu bat lortuz gero, soldatak 6.000 euro ingurukoak izan daitezke. 6.000 euro. Esan poliki: sei mila. Baina galdera bat datorkit segidan: hor ezkutatzen da bizitza ona? Bruselako apartamentu argitsu batean? Kafea olo-esne epelarekin hartzen, kolorez markatutako oporraldiekin?
Zenbat euro behar ditugu bizitza on bat bizitzeko? 1.500? 3.200? 6.000? Zenbat auto eta eguzki panel? Zenbat opor egun eta tablet? Zer da denok benetan bilatzen duguna? Soldata, ordutegi ona, oporrak, baja hartzeko eskubidea errudun sentitu gabe? Segurtasuna akaso?
Ni ere ez naiz segurtasunaren etsai. Gezurra esango nuke bestela: askotan besarkatuko nuke nomina pottolo bat. Gustura ikusiko nituzke bankuetako ateak zabal-zabalik nire aurrean, zuzendaria irribarretsu nire zain. Gustura hartuko nuke astelehenak astelehen izatea eta abuztuak abuztu.
Baina, zer galdu dugu bizitza on bat imajinatzean, gaur egun ametsik desiragarriena funtzionario izatea bada? Zergatik bihurtu da bizitza ona plaza finko baten sinonimo?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.