Black Storm Saioak
Sugramas
Autoekoizpena, 2026
--------------------------------
Kantu hauek entzutean kolpean burura etortzen zaidan lehen inpresioa da ea ingelesez abestuta dauden. Ez ba! Jon Gurrutxagak hain barneratuta dauka rockaren dikzioa ematen duela ingelesez abesten duela, paperean erabat murgiltzen delako. Hala, rocka euskarara edo euskara rockera eramatearen adibide argia da, Gurrutxaga baita –berak esango ez duen arren– Euskal Herriko ahots onenetariko bat.
Aurretik ezagutu ez duenarentzat, Elgoibarko (Gipuzkoa) Jon Gurrutxagak urte pila daramatza pasio duen musika lantzen. Aspaldi hasi zen bateria jotzaile eta abeslari lana uztartzen blues-a euskaraz errinbidikatzen zuen Arima Beltza talde aitzindarian. Horrez gain, Andraka-n, UEK-n eta bestelako taldetan aritzeaz gain, 2010ean Jon&Sugramas proiektua sortu zuen 70eko hamarkadako musikari merezi duen lekua egiteko. Talde horrek eten luzea izanda, bitartean aritu izan da Urbil Artolarekin zein bakarka ahotsa muturrera (eta maisuki) landutako bestelako proiektuetan: esaterako, Queen-en kantuak zuzenean interpretatzen.
Orain bueltan dator Sugramas proiektua taldekide berriekin berpiztuta. Alboan ditu, oraingoan ere, puntako musikariak: Miguel Moral baxuan (Positiva, Rápida), Andoni Etxebeste baterian (Señor No, Belar Hostoak) eta Xabier Badiola gitarran (Sotomonte, bakarlari).
Bi kantu berri aurkeztu dizkigute Black Storm estudioan zuzenean grabatuak, hain justu Sugramas-en aurreko etapako taldekide izan zen Ekaitz Garmendiarenean. Lubaki izakiak-ek 1970eko hamarkadako DNA dauka goitik behera: erritmo pisutsu eta irmoa, ukitu epiko justua, ahots ikaragarria eta gitarra ñabardurak dotore marraztuta. Are gehiago, tempo erdiak ere erabilita, gai da psikodeliak eta rockak elkar ezagutu zuten garaiko esentzia gurera ere ekartzeko.
Eta Erretratu bat entzutean irudikatzen dugu laukotea instrumentuak kanpora aterata berau interpretatzen. Askoz ukitu "hegoaldeko" bluesero-agoarekin Gurrutxagak baladak sortu eta interpretatzeko duen abileziaren ispilu eta bere paleta soinu zabalaren erakusle da pieza hau.