Akatsetatik ikasten da

Duela 2.000 urteko berunezko lingote akastun hau informazio asko ematen ari da Erromatar Inperioko metalurgiari buruz. Argazkia: LWL/F. Geldsetzer
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Rothaargebirge mendigunea (Germania, Erromatar Inperioa) duela 2.000 urte inguru. Beruna  prozesatzen zen tailer batean, metalurgialari batek lingote akasdun bat atera zela ikusi, eta baztertu egin zuen.

Berriki, Peter Hoffman detektorista baimenduak lingote hori bera aurkitu zuen leku berean, ezustean, eta aurkikutzaren berri eman zien tokiko erakundeei. Landschaftsverband Westfalen-Lippe (LWL) elkartearen eskutara iritsi zen orduan pieza, eta adituek, lehenik, ondorioztatu zuten lingotea Erromatar Inperioko moduei jarraiki egina zela. Eta, jakina, akats nabarmena zeukala.

Batetik, horrek pentsarazi zien lingotea ekoiztu zuten toki berean baztertuta utzi zutela eta, beraz, hantxe bertan egon zitekeela tailerra. Bestetik, Westfaliako inguru haiek aberatsak ziren berun mineraletan, bereziki galenan, eta horrek hipotesia indartzen zuen.
Iragan ekainean, bi astetako indusketa kanpaina nahikoa izan zen hipotesia baieztatzeko: berun zati txikiak topatu zituzten, morfologian eta testuinguruan oinarrituta, metala lortzeko prozesuaren faseekin bat datozenak; eta muturreko tenperaturak jasandako harlauzazko egitura bat ere bai. 

Estratigrafiari erreparatuta ondorioztatu dute lantegia luzaroan erabili zutela. Eta aurkitutako berun kantitate txikiak esan nahi du lingoteak egitera mugatzen zirela, hori zela amaierako produktua eta, gero, beruna beste toki batzuetan lantzen zutela.

Horiek dira indusketa egin berritan atera dituzten lehen ondorio nagusiak, baina aurki informazio xeheagoa lortzeko bidean direla diote ikerlariek. Kronologia zehatzak, erabilitako erregaiak eta, oro har jarduerari buruzko xehetasun gehiago izango dituzte, eta hainbat galderari erantzuteko moduan egon daitezke, esaterako: lingoteak egiten zituzten artisau haiek italiar penintsulan zuten jatorria? Ala erromatarrengandik teknika ikasitako germaniarrak ziren?

Aurkikuntza honek agerian uzten du akatsetatik asko ikasi daitekeela, kasu honetan besteen akatsetatik. Halaber, nabarmen uzten du arkeologiarentzat maiz hain kaltegarria den detektorismoa lagungarri ere izan daitekeela, modu arautuan eta erantzukizunez egiten bada. 


Historia kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...