Baina oraindik asko ez dira ohartzen/Euskalduna izateak zer esan nahi duen. Pantxoak eta Peiok ez zuten atzo goizean kantatzen kantu hori eta datorren urtean, agian, berriro kantatzeko aukera baliatuko dute, Bilboko jaialdian.
Iparraldean baxoa euskaraz egiteko helburuarekin ahaleginak eta bi egiten ari dira ikasleak, hori bai, Seaskako ikasleak. Beste eskoletakoak ez dakit. Hegoaldeko hiru probintzietan, berriz, euskaraz egin dezakete, baina aukera modura hartzen dutelakoan nago, izan ere, euskarazko azterketan zero emaitza ateratzea, hemezortzi urte euskaldun egiteko hezten saiatu eta gero... Ez gara ongi ari. Eta Nafarroa hegoaldea geratzen zaigu, zonifikatua, zatitua… Chivite prest azaldu omen da euskara bertako hizkuntza gisara jasotzeko Foru Hobekuntza Legean, eta herritarrekin harremanetan aritu behar duten administrazioko langileak euskalduntzeko, baina egungo zonifikazioari eutsita, Nafarroa osoan euskara ofizial izateak lekarzkeen ezberdintasunak saiheste aldera.
Ezinezkoa iruditzen zait beste gaietan emaitza itxurosoak eskuratzea euskarako azterketa hain zailtasun gutxikoan maila hori duenak
Zeroen inguruan, nire galdera hau da, A eredua izanik zero horien jatorriko eredua, zer egiten dugu eredu horri eusten oraindik? Zailtasunak aitzakia harturik, zero horien zergatia arrazoitzen hasi arte itxaron behar al dugu? Zero horiek dituztenek azterketa gainditu al dute beste gaietan? Ezinezkoa iruditzen zait beste gaietan emaitza itxurosoak eskuratzea euskarako azterketa hain zailtasun gutxikoan maila hori duenak. Beraz, ez dakit nola gainditu duen batxilergoa.
Iruditzen zait euskarako zero hori gehiago izango dela ekipoan egindako jardunaren emaitza, hau da, etxean eta lagun artean nahiz inguruko bizipenetan, euskara gutxiesteko joera nagusitzen ari delako, eta hori larria da. Horri buelta emateko ados jarri beharko genuke denok gizartean, politikan, hezkuntzan... eta gure hizkuntza gustagarri, atsegin, praktiko bihurtu, jakin eta erabiltzeko gogoa pizten duena. Eredu izan beharko genuke ahalegin horretan eskolan ez ezik, herrian, lagun artean, erabilera indartzeko bideak eta bidezidorrak eskura jartzeko. Lehen hitza euskaraz egiteak ate asko ireki diezaguke eta hartzailea egoskor jartzeak ez gaitu maila berean aritzera eraman behar, arrazoiketa argia landuta edukitzera eta praktikan jartzera baizik.
Egundoko poza eman dit aurten selektibitatean euskarako azterketan Lazkao Txikik sehaskari botatako bertsoa jarri izanak. Ez al da izango berak petralaldi batean bota zuenaren iragarpena: “laster euskaraz ari garelakoan erdaraz ariko gara”. Animo, petraltzearekin ez dugu ezer lortuko eta, eutsi goiari, segi lanean guztiok eremu guztietan, euskara guztiona da eta. Edo behar luke eta nahi nuke behintzat!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.