Berriz ere euskara eta hezkuntza gurutzatzen diren tokian sua, hara. Gaurgero ez da amaren alabarik izanen kontu horrekin harrituko denik. Izan ere, dirudienez, hainbati beldurgarrietan beldurgarriena zaie hizkuntza, gurea, eta hezkuntza, haiena, topo egiten duten toki hura. Euskarafobo erregional zein erregionalistak, ustezko ez nazionalistak, espainol porrokatuak, progre munduzaleak eta frantses jakobinoak, guztiak ere sukar inperialak hartzen ditu pentsatzen dutenean hizkuntzak, gureak, hezkuntza gureago egiten duela. Hartan, erabaki dute, hezkuntza, haiena, ez dela izanen, hizkuntza, gurea, eman eta zabaltzeko toki bat, ez behintzat arras aise eta arrunt libre.
Eta hain zaie problematiko euskarari arnasgune formal eta instituzionalizatu bat eskaintzea gure hezkuntza gauzatxoak euskaraz egin ditzagun, normal ikasiz, normal irakatsiz eta normal euskaraz biziz ikastetxeko pareten alde honetara, anormalitatea trostan ekartzea erabaki dutela.
Orduantxe hasi da epika, eta, Troian bezalaxe, amarru ekidoetan ere saiatu dira. Behin epiko jarrita, konta zitekeen Troiako zaldia dutela heziguneetan sartuta, Santiagoren moxal zuriarekin antza handia baduela eta kontrabandoan Nebrijaren Gramatika eta Estrasburgoko Zina daramazkiela hertzeetan, baina, atx!, ez ba, ez da. Erdaradun militante hauek guztiak baldarxeago eta zabarxeago ari baitira, irrintzika baino arrantzaka.
Erdaradun militante hauek guztiak baldarxeago eta zabarxeago ari dira, irrintzika baino arrantzaka
Hartan, hor ari zaizkio “emaidak urrea” eta emaidak hau eta emaidak bertzea hezigunean disimuluan sartu nahi izan duten lau hankadun trauskil gaizoari, makilakixkitarrek Pizkunde bat abian jarri dutela usnatu ere egin gabe, eta “emaidak elebakar kuadrilla bat batxilerra akitutakoan” galdezka astoari. Eta hortxe Troiako putxitxoa, gaurgero akaso mando dena, purrut eta plost!: tori A eredua per secula seculorum blindatuko duen Hezkuntza Lege bat, gauekotasun eta maltzurkeriaz adostutakoa, unionismoaren poz eta bozkariorako. Tori baxo bat frantsesez, nahiz eta frantsesa ez den hizkuntza batean ikasi dituzun eskola kontu denak: hasi gometsak lerro-lerro kolatzen eta buka Freuden Ilusio Baten Etorkizunaz hizketatzen. Tori euskaraz batere ez dakien dozena erdi bat irakasle ikastetxearen hizkuntza ohiturak eta funtzionamendu osoa hankaz goiti jartzeko euskara erabat nagusi den ibar berde honetako herri zuri horretako institutu gorri hartan. Tori gela itxierak, berrien ez zabaltzeak eta kontzertu ezak, ahal dela euskaraz ari diren heziguneetan. Tori, tori eta tori, plost eta purrut! Eta ostikada bat, hara.
Eta, ipuinean bezala, urrea izan behar zuen tokian, kaka-plasta erdaldun militante bat datorkigu euskal hezkuntza komunitateko kideoi burutik beheiti, izan gu guraso, senide, ikasle ala sektoreko langile. Nori eta guri, mundura euskaldun sortu, munduan euskaldun egin ala mundurako euskarara etorriko den 300.000 arimetako bat garen guri. Edo, akaso, hain zuzen ere horrexegatik zeini eta eskolari; preseski eskola izateagatik, beraz, euskalduntzearen lehen lerroa. Izan ere, eskolak euskaldun besarkatu ala bilakatu gaitu, eta horretan darraio oraindik ere, datozenen esperoan besoak zabalik.
Agintariak orain arre eta gero so dabiltzan honetan, ea ez dugun astoa saltzen burroa erosteko. Ea gai garen Troiako zaldiarena bezalako amarruak hasiera hasieratik ikusten, kakari kaka deitzen eta, urrea, badelarik, zetabean bereizten. Litekeenez odisea bat izanen da, baina, aizue, ez al ditugu maite guk bidaia luze eta abentura handiak?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.