Bada esaldi bat asko atsegin dudana, baina norena den ez dakidana: “Teknologiak ez ditu beti konponduko gizakion arteko arazoak”. Zientzia eta teknologiari esker, pertsona askok bizitza hobea dugu; dutxa bero bat hartzea teknologiak eman digun luxu handienetarikoa iruditzen zait. Zientzia eta teknologiari esker zenbait senidek bizirik jarraitzen dute, urrun dagoen lagunarekin harremana izan dezaket...
Urtero bezala, Palentziako mendietako herri galdu batera etorri naiz ama eta alabarekin egun batzuk igarotzera. Denbora geldiarazteko nator. Herri galdu hauetan ez dago gauza askorik, nire helburua betetzeko primeran datorkidana. Bertako biztanle gehienak pertsona nagusiak dira, badira ere herrikoak diren zortzi bat haur, ia denak migratzaileen seme-alabak. Eta noski, aiton-amamekin uda pasatzen estatu guztitik datozen beste haur batzuk, migratzaile ohien seme-alabak. Beharrak adin arteko eta kultur aniztasun handiko kuadrillak sortzen ditu. Goiz, arratsalde eta gauaren hasierako orduak kalean dabiltza, bizikletekin, herrian dauden bi harrasketan inprobisaturiko igerilekuetan, pilota jokoan...
Azken urteetan internet seinalea hobetu da herrian; horrek gauza asko aldatu ditu. Dendarik ez duen herri honetan interneta pertsona nagusien senideek sendagaiak edo elikagaiak online erosi eta zuzenean bidaltzea baliatu du, baita harremana maiztasun handiagorekin mantentzeko bideo-deien aukera ekarri ere. Nekazariek euren lanaren parte bat automatizatu ahal izan dute. Baina bada modernitate horrek bertan lortu ez duen gauza bat: pantailekiko mendekotasunaren diskurtsoa ez dut hainbeste sumatzen hemen. Zergatik? Akaso nekazarien lana oso bakartia izanik pantailek bakardade sentimendu hori areagotzen dutelako? Plazan eseri eta edozeinekin hitz egiteko aukera dagoelako? Kalea oso eskura dagoelako? Ia kotxerik ez dagoelako?... Edo beharbada, arrazoi bakarra da herri zaharkitu bat dela.
Azkenaldian, pantaila gabeko aisialdia sortzeko ekimen ugari ikusten nabil gurean. Palentziako herri galdu honetan ez bezala, pantailen inguruan bizi gara, pantailatik aldentzeko ere...
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.