72 egun eta soineko bat
Pep Molist eta Ina Hristova
Itzulpena: Itziar Diez de Ultzurrun
A fin de cuentos, 2024
--------------------------------------------------
Nelly Bly kazetariak eraldaketa soziala eragin zuten testu edo kronika asko argitaratu zituen, Ten days in a Mad House, adibidez. Ezagutzen zaion balentriarik handiena, ordea, hemen komentatuko dugun liburuan kontatzen dena da. “Bidaiatzea" ekintza masibo bihurtu den garaiotan zaila izan daiteke 1889an abentura horri ekiteak suposatu zuen espektatiba neurtzea. Eta emakume ugarik bakarrik “bidaiatzen” dugun garaiotan zaila egin dakiguke Nelly Blyk bakarrik bidaiatzeko hautuak suposatu zuen harridura irudikatzea. Baina hala egin zuen berak: 72 egunez eta soineko bakarrarekin munduari bira eman zion.
Zenbaitzuk esango didazue Phíleas Fogg izan zela munduari bira ematen lehenengoa. Baina hura Jules Verneren liburu bateko pertsonaia mitiko bat zen –ez hezur haragizkoa–. 80 egun behar izan zituen. Eta gainera, gizona zen.
Liburua sarreraz eta amaierako atalaz gain, bederatzi kapituluz osatuta dago. Nelly Bly nor izan zen ulertzeko oinarrizko informazioa eta munduari bira 72 egunetan egiteko ekintza gogoangarriaren anekdota eta kuriositateak tartekatzen ditu: biografia eta bere lanaren kronika txiki bat maletan sartu zituen elementuen zerrendarekin, adibidez.
Liburuaren erdialdean, Ibilbidea kapituluan, orriak kanporantz zabaltzen dira. Hedagarri ikusgarriak lekua egiten dio mapa zabal bati, Phileas Fogg eta Nelly Blyren ibilbideak kolore bereiziekin markatzen dituena eta alboetan bakoitzak zapaldu zituen hirien zerrenda erakutsita.
Ilustrazioak zoragarriak dira. Laranja, marroi eta hori koloreak bikain erabiltzen ditu irudigileak, kontrastean urdin elektriko ukituekin. Originala da kolore paleta, ezohikoa agian. Baina iraganera bidaiarazteko gaitasuna du modu moderno batean. Kalitatezko edizioa da, eta zaindua; A fin de cuentos argitaletxeak ohi duen moduan.
Eskola liburutegietarako gomendagarri izendatu dute liburua. Ulergarria da: emakume ausart eta interesgarri baten biografia modu pedagogikoan eta erakargarrian erakusten du. Hala ere, eskolan zein etxean, eta haurrak izan edo ez, apalategian edukitzeko moduko liburua iruditu zait niri. Udan, munduari bira emango ez dionak irakurtzeko liburu aproposa. Txiki zein handi.