“Miranderen lan guztiak oraindik ez bilduta izatea lotsaizun nazionala da”

  • Iragan Durangoko Azokaren aurretik publikatu zuen Mikel Sotok 2024ko Tene Mujika bekaren emaitza ezin mardulagoa: Mirande, herriminez, ezin-minez (Elkar, 2025). ARGIAren orrialde hauetan bertan ohartarazi zigun otsailean Jon Alonso idazleak: “Harriak ere mugitu ditu Sotok, azpian zer dagoen guri jakinarazteko (…) Hurrengoan ere gure klasiko Miranderi buruzko eztabaida pizten denean, denborarekin ikerketa literarioan klasiko bihurtuko den Mikel Sotoren liburua toki zentral batean egongo da”. Hitzok gogoan hasi gara Sotorekin hizketan.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Nahitaez, Jon Mirande zein izan zen esan beharra dago: 1925ean Parisen jaio zen, guraso zuberotarrek frantsesez mintzatu zitzaizkion etxean eta bere burua euskaldundu zuen 20 urte zituela; bretoi zalea; hogeitaka hizkuntza ikasitakoa; idazle fin ezohikoa; poema, ipuin, eta era guztietako lanetan garai hartan gai ezohikoak ibilitakoa; haren ideologia, ezohikoa; heterodoxia, ezohikoa… Haur besoetakoa, pedofilia eta beste; euskaldunek baztertua, bretoiek onartua; nerbioetako gaitza urte askoan; 1972an bere buruaz beste egina, zantzuen arabera, bederen, eta mila eta bat kontu!
Mirande existitu zela jende askok daki. Nor izan zen, berriz, besterik da. Horixe gertatzen da Gabriel Arestirekin ere. Jendeak badaki Aresti existitu zela, baina nor izan zen, ez daki. Miranderi dagokionez, nik esango nuke jende askok ezagutzen duela, entzun duela hartaz, baina lau gauza soil baino ez dakizkiela.

Zein dugu zure liburuko Mirande?
Mirande ahalik eta osoena. Beti esaten dut Joseba Sarrionandiaren bidez zaletu nintzela Miranderen lanetara. Lehenbizi, poemak irakurri nituen; gero, bestelako idazlanak. Eta, beti, neure buruari esaten nion: “Mirande? Nazia, heterodoxoa, euskaltzalea, druida…”. Ez nuen ulertzen nola zitezkeen gauza horiek dena pertsona bakarraren barruan. Horretan, Patri Urkizuk Miranderen gutunak argitaratu zituenean, pertsona agertu zitzaidan bat-batean, bere literatur lanetan agertzen ez zen gizona, pertsona diferente bat.

Tene Mujika beka irabazi zuen zure ikerketa proiektuak. Helburu zenuen Mirandek Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertzea, haren lan ezezagun batzuk topatzea, eta haren biografia osatu bat plazaratzea.
Horiek ziren nire asmoak. Nire iritziz, gure klasikoei buruzko ezezagutza handia dugu. Txomin Agirre bera, erabat ezezaguna zaigu! Askotan pentsatu dut zenbat falta zaigun gure klasikoak behar bezala ezagutzeko. Miranderi dagokionez, esate baterako, askotan irakurri dugu bretoieraz idatzi zuela, baina zer eta non argitaratu zuen bretoieraz, ez genekien. Alegia, bretoieraz idatzi zuela sinisten genuen, besterik gabe. Orduan, bila hastea bururatu zitzaidan. Eta bila hasi, eta aurkitu! Eta ohartu nintzen bretoiera, Miranderen kasuan, pentsatzen genuena baino askoz gauza zentralagoa zela.

"Mirande gabe, gure literatura gaur egun non dagoen ulertzerik ez dago"

Eta hasi zinen…
Kalkulu txar bat eginda! [Barre egin du] Uste nuen egitekoa ez zela hain handia izango, ez zela hainbesteko materialik ere egongo, gure 3 urteko semeak hobeto lo egingo zuela… Baina, hasi nintzenez gero, eta Iratiren [Jimenez, bikotekidea] laguntzaz beti, aurrera egin nuen, bekaren helburuak gogoan hartuta. Egia esan, ez nuen uste hainbeste urrats egin beharko nituenik. Esan beharko banu, nire ikerketaren hasieran bada mugarri bat, eta da De viris ilustribus, Goulven Pennaodek idatzitako testua, Mirande hil zenean.

Txomin Peillenen Miranderen idazlan hautatuak liburuan publikatutakoa, alegia.
Baina ez bere horretan, zeren jatorrizkoa kontsultatzen hasi, eta ohartu nintzen idazlan originalak Peillenen liburuan publikatutakoak baino hamasei paragrafo gehiago dauzkala, eta ez, haatik, nolanahiko edukikoak, mamiz bete-betek baizik. “Ostia!”, hots egin nuen, eta “ahal dudan gehiena, hutsetik abiatu behar dut!”, esan nion neure buruari. Miranderen gutunei lotu nintzaien, eta oharrak hartzen hasi nintzen, egiten zituen aipamen guztiak banan-banan idazten. Gutun batean irakurtzen dut Argentinako aldizkari batean lan bat argitaratu duela, baina ohartzen naiz lan hura ez dela inon agertzen eta, beraz, aurkitzen saiatu behar dudala... Horrelako adibideak nahi beste gertatu zaizkit. Miranderen material berriak gauza solte batzuk izango zirela uste banuen ere, bata bestearen ondoren azaltzen hasi zitzaizkidan, ugaritzen. Gauza berriak topatzen nituen toki guztietan! Proiektua aurkeztu nuenean banuen gauza berriak aurkitzeko esperantza, baina ez hainbeste lan berri. Azkenean, lan ineditoak ere liburutik kanpo utzi behar izan ditut, eta hori ikaragarria da... Ineditoak kanpo utzi beharra!

Jon Mirande, 17 urterekin. (Angelié-Mirande sendiak utzitako argazkia)

Zein zen, lehen, zure Mirande? Eta zein duzu oraingoa?
Nola hasi ere ez dakit… Niretzat, Mirande bat da Deabruaren Eskolan material berriak [hainbat testu, bretoieratik euskarara ekarriak] argitaratu aurrekoa, eta beste bat beka aurkeztu aurrekoa. Nik esango nuke Deabruaren Eskolako material haien ondotik hasi nintzela Miranderen lanak sakon ikertzen. Huraxe da, beharbada, hastapena. Asko irakurri dut Mirande, eta hari buruz argitaratu den gehiena ere irakurri dudala esango nuke. Banuen ideia bat Miranderi buruz, oso zabalduta ez dagoena, ezohikoa, baina, hala ere, nire ideia hura zenbait arlotan aldatu dela esango nuke.

Zertaz ari zara, adibidez?
Nazismoaren inguruko informazio handirik ez genuen, adibidez. Nik, berriz, Miranderen testu naziak aurkitu ditut eta, hori ez ezik, baita Mirandek nazismoarekin izandako harremanak ere. Horrenbestez, frogatu dut uste genuena baino naziago zela Mirande, baina, aldi berean, uste genuen nazi mota zela; liburuan diodan bezala, ingurugiroko nazi bat.

Bestalde, esango nuke gutunak irakurrita geratu zitzaidan sentsazioa areagotu zaidala. Gutunak irakurri ez dituenaren sentsazioa izan liteke Mirande beti probokatzen ari zela, sesio bila ere bazebilela. Gutunak irakurri, eta guztiz kontrako Mirande ageri da: denei laguntzen beti, amaren berri emanez lagunei, arazorik denean konponbide bila beti, prest da txarkeriaren bat egin diotenekin lan egiteko ere… Bere gizatasun erraldoiaren sakontze edo froga ageri da gutunetan. Adibideak banan-banan kontatu, eta jendea txokatu egiten da: “Ostia! Hori ez da nik buruan neukan pertsona! Nekizkien lau gauza haietatik urruti dago benetako Mirande”.

“Irakurleek askoz modu naturalagoan hartzen dute Miranderen lana, akademia munduak baino”
Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Jendeaz ari zarela, “baina” asko jartzen dizkio Miranderi. “Baina nazi zen... baina faxista zen... baina…”.
Nire ustez, ulertzen ez dugunez, joera kognitibo bat egiten dugu hartaz. Ez dugu Mirande ulertzen, eta zernahi leporatzen diogu. Komunista zela ere esan zuten. Ulertzen saiatu beharrean, etiketa jartzen diogu. Pertsona konplikatua iruditzen zaigu, eta etiketa... Niretzat, baina-k jartze horretan, akademiak ez du askorik lagundu. Esango nuke irakurleek askoz modu naturalagoan hartzen dutela Miranderen lana, akademia munduak baino. Azken boladan, jende asko etorri zait Miranderi buruz hitz egitera, oso modu naturalean hitz egitera ere. Adibidez, batek: “Gustatzen zait abertzaletasunari buruz esaten dituenak. Uste dut oso aurreratua zegoela garai hartarako. Nazismoaz ari denean, aldiz, ez zait gustatzen”. Beste batzuek, Haur besoetakoa-z iritzia eman didate: “Ezin dut Haur besoetakoa irakurri. Badakit hainbat irakurketa maila dituela narrazio horrek, baina niri guztiz gogorra egiten zait”. Irakurleak naturaltasun handiz bizi du Mirande. Aldiz, akademiak, mahai gainean arazoa jarri bai, baina ez du konpontzen, afera konpontzeko moduko denean ere ez du bere lana egiten. Nik askatu ditudan korapiloetako batzuk ez ziren askatzen zailak ere. Pederastia kontu hori-eta... Noiztik dago hor kontu hori? Mende erdia ere igaro da Txomin Peillenek hori lehen aldiz kontatu zigunetik! Zertan egon da akademia arazo horiek konpondu gabe? Zertan gabiltza?

'Mirande, hasiera berri bat'

Mikel Sotok hitzaldi zikloa antolatu zuen liburuaren berri han eta hemen ahal izateko. Iruñean hasi eta Gasteiz, Donostia, Bilbo, Bergara, Lakuntza eta Maulen barrena, liburua aurkeztu du hainbat egile eta autore lagun hartuta. Ezohikoa ere bai, eta Sotok berak azaldu digu arrazoia: “Kezka batetik abiatuta antolatu nuen hitzaldi zikloa. Liburua argitaratu eta bost hilabetera, elkarrizketa bakarra egina zidaten; Diario de Navarra-n. Isiltasun hori interpretatzen ez dakit, baina kezka sortzen zait, ez bakarrik Miranderi buruzko lan honengatik. Badakit zer liburu egin dudan, zer garrantzi daukan, eta badakit, era berean, duela 30, 40 urte halako liburu bat ez zatekeela oharkabean pasako, ez, behintzat, euskal prentsaren muinean. Orain, aldiz, oharkabean joan da liburua”.

“Txalaparta argitaletxeko editore izana naiz urte askoan eta, askotan, baztertua izan naiz: batean, ideologiagatik; bestean, modagatik. Kasu haietan, behintzat, banekien zein zen arrazoia. Oraingo isiltasunarena, aldiz, ez dakit, ez da nire pertsona izan, ez Mirande bera ere. Ez dut uste. Kontua da hitzaldi zikloa abiatu eta hedabide guztiek eman dutela albistea, eta askok elkarrizketa eskatu ere bai. Baina hitzaldi zikloa martxan jarri ez banu, ez banu izan horretarako ezagutza, indarra edo kemena, zer gertatuko zatekeen liburuan jaso dudanarekin? Eta ez diot niregatik, Miranderen lanaren balio handiagatik baizik”.

“Liburu honek orain arteko Mirande aldatzen du. Horixe izan da hitzaldi zikloaren izenburua ere: Mirande, hasiera berri bat. Izan ere, orain arteko Miranderen argazkia desenfokatuta zegoen. Orain, aldiz, oso argi ikusten da Mirande, bere obra bezain garbi, eta hori inportantea da". 

Ineditoak aipatu dituzu gorago. Material berriak aurkitzea zenuen asmo, eta gauzatu duzu.
Eta, hasieran, sekulako ilusioa egiten zidan horrek, zerbait berria aurkitzeak. Gainera, Historia ikasketak egina naiz, Artxibistika egiten ere hasia… eta, beraz, hasieran, ineditoren bat aurkitu, eta sekulako poza hartzen nuen. Azkenean, aldiz, amorrua sentitzen nuen: “Nola da posible? Zertan egon gara orain arte, lan berriok azalera gabe?”. Gainera, iruditzen zaigu euskal literatura guztiz ikertuta dagoela, lan dena egina dagoela. Baina oinarrizko hainbat testu argira ekartzea falta zaigu oraindik. Terriblea iruditzen zait.

“Oinarrizko testuak” diozu. Adibidez?
[Jose Maria] Satrustegik Norbert Tauerren gutunetan aurkitutako proto-ipuin pornografikoa-eta... Haur besoetakoa ez da pornografikoa, eszena erotikoak baditu ere, baina Mirandek Tauerri bidalitakoa, benetan da pornoa. Eta zer ari da Mirande heterodoxoa ipuin pornoa bidaltzen Tauer katoliko ultraortodoxoari? Heterodoxo, Mirande? Benetan da heterodoxo. Hartu ineditoak bata bestearen atzetik, eta beti da harrigarri Mirande.

“Miranderen matxismoaz, misoginiaz… mintzo dira batzuk, baina Miranderen pertsonaia femeninoen behar bezalako azterketarik inork ez du egin!”

Garaiari aurreratu zitzaiola, esan nahi duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Txillardegik baino lehen, adibidez, nork eman dio abertzaletasunaren barruan hizkuntzari zentraltasuna? Abertzaletasuna era integral batean ulertze hori –Euskal Herri osoa, zazpi lurraldeak artikulatua–  oso gauza modernoa da. Literaturan, [Joxe] Azurmendik arrazoi du: kontua ez da Euskal Herrian Haur besoetakoa bezalako nobelarik ez zegoela, kontua da munduan ere ez zegoela halakorik. Horrek ez gaitu euskaldunok inor baino hobeak egiten, baina bai Mirande guztiz aurreratua zela erakusten. Halaxe ordaindu zuen; hori ere bai.

Iaz, Miranderi buruzko jardunaldiak egin ziren Iruñean. Liburutto bat ere argitaratu zuen Alberdania argitaletxeak mahai inguru bateko hizlarien hitzak bildurik, Zer egin Miranderekin?.
Euskal literaturaz arduratzen direnek –izan irakasle, ikerlari nahiz kritikari– beren lana egin behar dute, eta dagokion garrantzia eman Miranderi. Mirande gabe, gure literatura gaur egun non dagoen ulertzerik ez dago. Haren ideologiaz eta pentsaeraz pentsatzen duguna pentsatzen dugula ere, Miranderen obrak duen garrantzia eta eragina aztertu behar da. Irakurleek, aldiz, ez dute ezer egin behar, irakurri baizik, hala nahi badute edo horretarako gogoa badute. Esan dut, irakurle bat baino gehiago etorri zait “ezin dut Mirande irakurri!” esanez, eta erantzuten diet: “Bada, utzi. Literatura oso gauza zabala da, hala euskal literatura nola nazioartekoa: irakur itzazu zeure gustuko liburuak”. Nik, behintzat, halaxe jokatzen dut, gustuko ditudanak irakurtzen ditut, eta gauza bera egiteko aholkatzen diet galdezka etortzen zaizkidan irakurleei.

Eta Mirandez den bezainbatean?
Mirande zale naizenez gero, inor galdezka etortzen bazait, Mirande irakurtzeko esaten diet, jakina. Izan poemak, gutunak, artikuluak… nahi duena! Eta haren obran gustukorik aurkituz gero, irakurtzen jarraitzeko. Amua irentsiz gero, zaila da Mirande uztea. Mirande da, Aresti alde batera, gure belaunaldi artekoena. Gazteak etortzen zaizkit esanez Mirande irakurtzen ari direla. Hori ez da Txillardegirekin ez mila euskal idazle handirekin gertatzen. Oso gauza berezia da Miranderengan. Horregatik du, edo beharko luke, dagokion garrantzia. Gainerakoan, esan dut, irakurleek ez dute Mirande irakurri besterik.

Mirande, 1957an, Veneziako San Markos plazan. (Angelié-Mirande sendiak utzitako argazkia)

Egin duzu liburua, ondo mardula ere. Zein dituzu hurrengo pausoak?
Orain arte publikoki egin ez dudan aitortza bat egingo dizut: uste baino ahituago utzi nau lan honek. Hurrengo urrats logikoa da Miranderen lan guztiak bildu eta argitaratzea. Familiaren adostasuna dugu horretarako. Euskal Editoreen Elkarteari gutuna ere idatzi diogu asmoa agertuz –begi onez ikusi dute–, eta iazko Durango Azokaren ondoren bilera egingo genuela agindu genion elkarri. Nik neuk bilduko nituzke lan guztiak. Baina ez dugu bilerarik ez urratsik egin, oso hustuta gelditu bainaiz lan handi hau egin eta gero. Nire ustez, hala ere, oinarrizkoa litzateke lan guztiak biltzea. Hortxe daude batzuek eta besteek aurkitu ditugun idazlanak, barreiatuta dauden gutunak –Javi Cillerok aurkitutakoak-eta, Miranderen eta Robert Laxalt idazlearen artekoak, adibidez–. Jendeak uste du Miranderen gutunak irakurri dituela, baina orain arteko bildumetan dozenaka gutun falta dira. Poemak agertu dira; ipuinak falta dira. Guretzat hain zentrala den idazle baten lan guztiak ez bilduta izatea oraindik, lotsaizun nazionala da.

“Lotsaizun nazionala”.
Bai. Eta oinarrizko lan hori eginda ere –lan guztiak biltzea, alegia–, haren lana aztertzea ere behar-beharrezkoa da: haren ipuinak, adibidez, batere ez dira aztertu. Miranderen matxismoaz, misoginiaz… mintzo dira batzuk, baina Miranderen pertsonaia femeninoen behar bezalako azterketarik inork ez du egin. Ipuinak, narrazioak eta poemak hartu, eta emakumezko gehiago ageri dira bertan, gizonezkoak baino. Emakume tipologia hain da aberatsa Miranderen lanetan: serial killer bat, sorginak, belagileak… Joxe Azurmendik esaten zuen Mirande misoginoa zela edo emakumearen etsaia zela esaten dutenek, badutela egiaren partea, baina besterik gabe horrela bakarrik esanda, faltsifikazioa dela. Eta ados nago.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Mirande, herri minez, ezin-minez duzu liburuaren izenburua, “Neskatxak” poematik hartu duzu…
Ezin hobeto erakusten baitu Miranderekin gertatutakoa. Joan den mendeko 1950eko hamarkadaren hasierako poema da. Eta zein da hasierako eszena? Bi neska gazte, belarretan etzanda, elkar musukatzen eta maitatzen… Eszena erotikoa da, bukolikoa aldi berean. Eta, bat-batean, azkenaurreko paragrafoan dio Herriminez, ezin-minez / erdiratzen zait bihotza / arrats luzetik goizera / lo gabean. Poema amaitzen ari da, eta badirudi une batean Mirandek pentsatzen duela: “Baina nora noa ni, Euzko Gogoa-ren aurreko ale batean Orixek esana badu Ovidioren Ars Amandi euskarara ekartzea gure hizkuntzaren akabera dela? Zer gertatu behar da poema hauek argitaratuta? Zer gertatu behar zait?”. Nire ustez, Mirandek bazuen gertatu behar zitzaionaren kontzientzia oso tragikoa. “Herri minez, ezin-minez” horrek primeran laburbiltzen du poema, eta poema ez ezik, zer den Mirande bere horretan: bere literaturaren indarra eta pertsonaren ezina. 

Urtebete

“Behin eta berriz esan dut: Iratiren [Jimenez] laguntza izan dudalako egin ahal izan dut lan hau, hainbat ordu egin baititu berak gure semearen ondoan, nik lan hau egin ahal izateko. Eskerrak bera ere Mirande zale sutsua den eta beti adoretu nauen, batez ere Miranderen lan berriak agertu diren guztietan: ‘Mikel, aurrera!’. Une batean, ohartu nintzen liburua asko hazten ari zela, eta kontsulta egin nion: ‘Irati, hasiko naiz zirt-zart handik eta hemendik kentzen? Kenduko dizkiot 200 orrialde liburuari?’. Eta berak, ezetz: ‘Hau ez da Miranderen apalategirako liburu bat gehiago. Zu Miranderentzat etxe berri bat eraikitzen ari zara. Liburu honetatik beste asko aterako dira: ez hasi gauzak kentzen’. Urtebetean egin dut, eta esan behar dut oso gaizki biziz egin dudala lan hau: lo gutxi eginda, ordu asko sartuta, handik eta hemendik denbora lapurretan ibilita… Esfortzu handia izan da, lana eginda dago, eta oso pozik nago, baina hasieratik esan izan balidate zer zetorren, ez dakit egingo niokeen".

 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...