Marta Echaves idazle eta pentsalariak ketaminari buruzko saiakera bat idatzi du, baina berez ez da ketaminari buruzkoa, ketaminatik abiatuta gure garaia azaltzen baitigu areago, eta berez ez da saiakera bat bakarrik, dokumentazio mordoa eskaintzeaz gainera kontzeptu berriak eta fabulak proposatzen baitizkigu, eta kimika-klase aurreratu samar bat, eta raveetako musikaren bilakabideari buruzko zantzu zenbait. Marta Echavesek, bere liburuan, eskutik garamatza, k-zuloan [ketamina bidaia] eror ez gaitezen.
Filosofia ikasi zuen, eta PEI Ikasketa Independenteen Programa egin zuen gero MACBAn (Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoa). Caja Negra argitaletxearen jarduerak koordinatzen ditu, eta kultur programatzailea da orobat. Arnas luzeko proiektuak egiten ditu, hainbat formatutan: erakusketak, ez-fikziozko irrati-piezak, hitzaldi performatiboak, hezkuntza-programak eta saiakerak. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, honako argitalpen hauek: La potencia afectiva libururako testu bat, McKenzie Warken Raving liburuaren hitzostea eta María Ruído eta Antonio Gómez Villar-ekin batera editatu duen Working Dead. Escenarios del postrabajo. Azken horretan bilduta dago bere liburuari abiapuntua eman dion testua.
Químicas piedades liburua argitaratu berri duzu cielo santo argitaletxearen eskutik, ketaminaren bilakabidea aintzat hartuz. Nolatan sortu zen liburua?
Argitaletxekoek nahi nuenari buruz idazteko eskatu zidaten, eta nik aspaldiko ikerketa bati heldu nion. 2017an, Confiad en la piedad química (Izan konfiantza erruki kimikoan) izeneko testu bat atera nuen: hamarkada jakin batzuetan eta lan-erregimen zehatz batzuei lotuta substantzia edo kontsumo batzuk nola handitu ziren aztertu nuen, Espainiako Estatuaren markoan. Interesgarria iruditzen zait zer-nolako aukerak ematen dizkiguten substantziek eta drogek marko historiko-politikoak pentsatzeko edo ulertzeko. 2017ko lan hori aro garaikidean amaitzen zen, eta 2020tik aurrera biogobernantzaren eta substantzien biko horretan zer gertatzen ari zen aztertzea erabaki nuen.
Eta zer ari zen gertatzen?
Interesatzen zaizkidan zenbait autore, hala nola Mark Fisher edo McKenzie Wark, drogen metaforologiatik abiatzen dira iruditegi politikoak edo irudimen-praktika politikoak pentsatzeko: posizio eraldatzaile batetik, edo errealismo kapitalistaren kanpoaldeetatik hitz egiten dute azidoari edo ketaminari buruz. Baina, aldi berean, Iparralde globaleko elitezko unibertsitate batzuek, Silicon Valleyko start-up bioteknologikoek eta industria farmazeutikoak bat egiten dute, hainbat substantzia hartzen dituzte –ordura arte legez kanpo egonak eta bereziki aisiaren erabilerarekin lotuak, hala nola substantzia psikodelikoak eta MDMA–, eta ikertzen hasten dira ea zer-nolako potentziala izan dezaketen halakoek depresioa, estres postraumatikoak, adikzioak, elikadura-nahasmenduak eta abar artatzeko. Eta talka horri erreparatuta –batetik, substantziak irudimen politikorako baliatu nahi dituzten korronteak; bestetik, substantzia horiek neutralizatzeko eta kaptatzeko ahaleginak– mamia zuela iruditu zitzaidan.
Zergatik erreparatu zenion ketaminari bereziki?
Alde batetik, une horretan ketamina onartuta zegoen jada. 2019an, FDAk –substantziak eta erabilera farmakologikoak legeztatzen dituen AEBko erakundeak– ontzat eman zuen ketamina baliatzea depresio tratagaitza duten pertsonekin. Psilozibina eta MDMA, berriz, proba klinikoen fasean zeuden oraindik.
Bestalde, LSDak eta azidoak badute beren kultura, argiki, eta MDMAk berak askoz ibilbidea luzeagoa egin du, raven historizazioa tarteko, baina ketamina substantzia bitxiago bat da, bazuen halako fama txar bat itxuraz –zaldien anestesikoa, k-hole delakoa [ketamina hartuta sor daitekeen disoziazio-egoera iragankor intentsoa]–; bazuen iruditegi ilunago bat, eta horregatik deigarria egiten zitzaidan zer-nolako marketinga egiten ari ziren ketamina substantzia atsegin gisa aurkezteko.
Azken batean, nire ikerketako galderarik handienak zedarritzeko modua ematen zidan ketaminak.
Zuritasunak substantziekin duen harremanaren kritika bat ere badakar liburuak.
Sadie Plant-en lanari jarraituz, drogaren irakurketa transfeminista bat egiteko asmoa neukan, baina aurrera egin ahala ohartu nintzen auzia ez zela hainbeste generoa, baizik eta zuritasuna. Ketamina erabat sintetikoa da: Gerra Hotzaren testuinguruan ekoitzi zen lehen aldiz AEBetako laborategi batean, eta substantziak eragindako lehen ikuskariak telebistarekin, zinemarekin eta zientzia fikzioarekin lotuta zeuden. Hortaz, beste substantzia enteogeno edo psikodeliko batzuen aldean, zeinak estu lotuta baitaude historikoki erabili izan dituzten lurraldeetako iruditegiarekin, ohartu nintzen ketaminaren kasuan ez zegoela halako ezer. Mutil gazte zuri bat Latinoamerikara joaten denean aiahuaska hartzera, oso kritika argia egin diezaiokegu estraktibismo-praktika bati, baina ketaminarekin jakintza horien ebasketa ez zen hainbeste agertzen; kontrara, substantziaren beraren erritualtasun zuria –hura ulertzeko moduak– agertzen zen.
Drogaren zuritasun moduko horrek gure usadio eta ohituren inguruan gogoeta egiteko bidea eskaintzen zidan, eta hori interesgarria iruditzen zitzaidan, zeren, nire ustez, zuritasunaren gaiari ihes egiten diogu maiz; pentsatzeko askoz zailagoa gertatzen zaigu, eta horretaz pentsatzen dugunean ere halako autoflagelazio edo erru batetik aritzen gara. Aldiz, substantziaren inguruan jarduteak gure kultura zuria bere berezitasunen barruan ulertzeko modua ematen digu.
"Ahaleginetan ari dira psikodeliarik gabeko psikodelikoak –halaxe esaten diete– aztertzen eta sintetizatzen: alegia, neuroplastizitateari eragingo diotenak, baina haluzinaziorik sortu gabe"
Eta zein dira drogen kultura zuriaren berezitasunak?
Esan genezake drogaren kultura zuria honakoa dela: droga bera botika bihurtzea, eta botika horrekin dirua irabaztea patenteei esker. Edo, bestela, drogak kontrol mentala edo mendekotasun kimikoa sortzeko baliatzea, eta substantziak erabilera horren arabera sintetizatzea eta zirkularaztea, dela mehatxu nuklear baten testuinguruan –Gerra Hotzean, adibidez–, dela erakunde psikiatrikoaren markoan. Edo, halako logiketatik ihes egiten denean ere, aisialdiko erabilerak, askotan, aisialdi neoliberalaren logikarekin lotuta daude.
Liburuan, zera galdetu nahi nion gure buruari –iparralde globalari–: nola hautematen ditugun drogen erabilerak eta ohiturak, eta zergatik ez garen gai izan gure gizarteetan drogak integratzeko askoz dimentsio transzendentalago edo espiritualagoak emanez, beste kultura batzuek egin duten bezala. Mundu horiekiko gertatu den haustura sekularra aztertu nahi nuen; azken batean, drogak, zenbait kosmobisio kentzen bazaizkio, askoz zerikusi handiagoa du kapitalaren pilaketarekin, esplotazioarekin eta indarkeriarekin, beste ezerekin baino.
Drogaren erabilera zuri eta kapitalista horri droog deitzen diozu; baina, horren aurrean, bada beste zerbait: pharmakomistika.
Drogei buruz pentsatzen edo idazten dugunean, eta ez ditugunean moralismoa edo estigmatizazioa sustatu nahi, drogen alde onak aurkeztu ohi ditugu, modu akritikoan; batzuetan, zereginik errazena pharmakomistika bilatzea izaten da, droog-a bilatu ordez.
Nire kasuan, alderantziz egin nuen, alderdi gatazkatsutik hasi nintzen, baina, jakina, badira beste hamaika istorio, badira hamaika komunitate, erabilera eta erritu kontrakulturalen sortzaileak, eta hori ezin da ezabatu; ondare horrek, azken batean, kontrajakintza autogestionatu bat osatuko luke, bizimodu antikapitalisten aurrekaria, edo gutxienez konplexu industrial-militarraren eta industria farmazeutikoaren jakintzari eskapo egiten ahalegintzen dena.
Zer da, zure ikuspegian, pharmakomistika?
Kontzeptuak badu kontu polit bat: nire ustez, jakintza popular mordo bat dago –legezko zein legez kanpoko– substantzien inguruan. Garai batean GIBaren krisia ikertu nuen, eta hortxe konturatu nintzen autogestioaren garrantziaz: gaixotasuna zeukaten pertsonek zein haien gertukoek osasunari buruzko jakintza eskerga bildu zuten, sistema medikuak ez baitzuen garaiz erantzun eta jendea hiltzen ari baitzen.
Pharmakomistika-ren kontzeptuaren bidez, aitortza bat egin nahi nuen: zenbait gauza kudeatzeko gai gara, kutxa beltzak diruditen arren; badirudi sendagileak pilula bat ematen digula eta ez dakigula horrek zer daukan barruan, baina, gaixotasun bitxien edo kronikoen kasuan argi ikusten den moduan, gaixotasuna daukaten pertsonak dira aditu nagusiak, eta taldeak sortzen dituzte, hain zuzen, elkartzeko eta trikimailuak trukatzeko. Betidanik egon dira osasunari eta substantziei lotutako kultura autogestionatuak, eta aldarrikatu egin behar dira.
Drogak, Sadie Planten proposamena aintzat hartuta, barne-teknologiak dira; horri tiraka, zenbait ezaugarri dituen teknologia bat aipatzen dut, eta, horretaz aparte, pharmakomistika legoke, teknologia autogestionatua, do it together (egin ezazue elkarrekin), biguna, leuna, hezea… beti irekia izango dena, beti saiatuko dena erabilera demokratizatzaileagoak sustatzen, eraldaketa politikorako grina daukana, eta abar.
Nola ikusten duzu ketaminaren egoera gaur egun?
Nik ahalik eta informazio gehien eman nahi nuen, irakurleek beren irizpideak eraiki ahal izateko. Uste dut ketaminak, LSDak eta antzeko substantziek aukera terapeutikoak eskain ditzaketela, baina gaur egun substantzia horiek ematen diren modua –zein baldintzatan, zein testuingurutan, zer-nolako jarraipena egiten zaien– problematikoa da: azken batean, zu leku batera zoaz, sudur-espraia hartzen duzu, tartetxo batez hor geratu, eta etxera itzultzen zara. Baina, eta bidaia txar bat badaukazu? Jendeak bidaia txarrak izaten ditu eta. Ez da hain sinplea. Nire ustez, laguntza gehiago behar da, baliabide gehiago behar dira, erizain gehiago prestatzeko, bestelako langile batzuk kontratatzeko, halako esperientzietarako egokiagoak diren gelak prestatzeko, argiak egokitzeko: hainbat gauza hartu behar dira kontuan, eta gaur egun ez dira zaintzen.
Eta, jakina, drama nagusia patenteak dira. Alde batetik ketamina generikoa daukazu, ospitaleetan gaur egun erabiltzen dena eta euro bat balio duena, baina depresioa artatzeko ematen dutena Spravato deitzen da, eta 700 euro balio ditu. Hortxe dago arazoa: nork ateratzen dion etekina egoera honi.
Ketaminarekin gertatzen ari dena joera zabalago baten parte da, etortzear dagoenaren aurrekari bat.
Gaur egun, ahaleginetan ari dira psikodeliarik gabeko psikodelikoak –halaxe esaten diete– aztertzen eta sintetizatzen: alegia, neuroplastizitateari eragingo diotenak, baina haluzinaziorik sortu gabe. Orduan, botika hiperdiseinatuak jaiotzen ari dira, kontrol zorrotz baten pean sintetizatuak, eta neure buruari galdetzen diot zer gertatuko den honekin guztiarekin urte batzuen buruan. Horrekin batera, badago jende multzo bat bizitza luzatzearekin eta hilezkortasunarekin erabat obsesionatuta, eta horren haritik beste iruditegi bat daukagu, non aberatsek osasun bikaina izango duten, eta baliabiderik gabeko jendeak, berriz, askoz kaskarragoa: medikuntza pertsonalizatuaren ideia, azken finean.
"Betidanik egon dira osasunari eta substantziei lotutako kultura autogestionatuak, eta aldarrikatu egin behar dira"
Berpizkunde psikodelikoak erakusten digu zer-nolako mutazioak datozen; uste dut kontuan hartu behar ditugula, eta adi egon behar gatzaizkiela, osasun publikoa gero eta pribatizatuago dagoen garai hauetan. Liburua oso estatubatuarra da, ikerketa ia guztia han kokatzen delako, eta hemengo osasun-sistema desberdina da, baina AEBetako eredurantz hurbiltzen ari gara. Hortaz, han gertatzen denak hemengoaz pentsatzeko balio dezake.
Beste zerbait esan nahi zenuke?
Liburuaren amaiera aldean asko interesatzen zaidan ideia bat proposatzen dut: substantziek, beren literaltasun materialean ez bada ere, beste sentikortasun-modu batzuen irakaspena dakarkigute; estetikak dira, gure hautemate sentsoriala eraldatzen duten neurrian: nola sentitzen dugun denbora, espazioa, nitasuna… Egoa desegitearen ideia hori. Fisher-en markoan, komunismo azidoaren harira ez-niaren teknologiak aipatzen dira: izan drogak, izan yoga, izan meditazioa… Estasi-praktikak, finean, zeinetan nia deuseztatzen baita. Halakoen bidez, nian errotuta ez dauden subjektibotasun-moduei buruzko ikaspenak jaso ditzakegu –kontu aski interesgarria–, eta honek guztiak zerikusia du marko terapeutikotik irtetearekin, batzuetan marko horrek nia berresten baitu. Laguntzen zaitu, bai, baina nia egonkortzen du aldi berean. Orduan, badago nitasunetik haragoko politikaren alderdi hori, munduan nitasunetik at egoteko modu hauek.
Bestalde, ketaminari dagokionez interesgarria iruditzen zaidan beste kontu bat zera da: ketamina hartzen duen jendearen lekukotasun ugari bildu ditut, eta maiz aipatzen dute ezen, ketamina hartuta daudenean, gauza bihurtzen direla, gauza bizigabe eta inorganiko. Esaterako, molekula bihurtzen dira, edo tunel, edo petrolio, halako iruditegi asko dago. Orduan, nik proposatzen nuen ketamina izan daitekeela materiaren beste egoera eta eskala batzuekin –hala nola gizakiak ez diren beste izaki batzuekin– konektatzeko eta haiek ulertzeko propedeutika bat. Bestelako sentikortasun-erregimenak, giza eskalatik kanpokoak, asko interesatzen zaizkit, bai eta marko newtondarretik ateratzen diren hautemate tenporalak ere, marko kuantikotik gertuago daudenak; zuritasuna eta gizakia baino gehiago biltzen duten hautemate-erregimenak. Azken batean, honek guztiak zuritasuna pentsatzeko aukera ematen digu, argi baitago beste kontestu, lurralde eta koordenatu batzuetan ez daudela nian hain zentraturik eta gizaki ez direnekin harremanetan jartzeko bestelako bideak dituztela. Horretarako guztirako ez dago ketamina hartu beharrik, jakina, baina fikzio erregulatzaile baten funtzioa dauka, beste frekuentzia batzuekin sintonian jartze aldera.