Mali ez da Mali

  • Bamaré Bokarik gehiegi ikusi izanaren begiak eta inoiz harritzen ez denaren ahotsa dauzka. Mailegatutako ordenagailu baten pantailatik –berea ez dabil argi-mozketengatik– kontatu du duela hilabete baino gutxiago bi gorpu ikusi zituela Niger ibaian flotatzen. "Ibai honek krokodiloak ditu, eta behi edo oilasko bat uretara erortzen denean, minutu gutxiren buruan desagertu egiten da. Horrek esan nahi du gorpuak hurbildu egiten zituztela". Isilune bat egin du. Kanpoan, Bamakon, auzo batzuetan oraindik ez da komeni gauez irtetea.

Azawadeko independentziaren aldeko borrokalariak. AFP
Azawadeko independentziaren aldeko borrokalariak. AFP

2026ko uztailaren 8an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bamarék hotel bat izan zuen. Benetako hotela, Maliko hiriburuaren erdian, Sahara autoz zeharkatzeko eta Mauritanian barneratu aurretik lo egiteko lekua behar zuten bidaiari abenturazaleak zeuden garaian. “Autoak saltzen nizkien. Pasaportea konpontzen nien Maliko burokrazia zailtzen zenean. Autoak saltzeak hotelak berak baino diru gehiago ematen zidan", dio, eta bere ahotsean nostalgia izan litekeen zerbait dago, nostalgiak distantzia eskatzen duelako. Garai haiek joan egin ziren. Urteak dira ez duela autorik saltzen. Ezegonkortasunak turistak uxatu zituen aurrena, gero erosleak, eta, azkenik, ia mundu guztia.

Duela hilabete baino gutxiago gertatutakoa kontatu digu Bamarék. Gaddafi zubia  –diktadore libiarrak 1980ko hamarkadan eraikiarazi zuen zubia, herrialdearen iparralderako irteeretako bat– hutsik zegoen. Noizean behin autobusen bat hura gurutzatzen saiatzen zen. "Autobusa pasatzen ikusi eta berehala ke zutabe bat ikusten genuen, eta gero autobus erren bideoak zabaltzen ziren sare sozialetan. Gobernuaren aldeko gerrilla leialen bat iristen zen ondoren, bidea ireki, eta zikloa berriz hasten zen”. Horren guztiaren atzean zer zegoen azaldu du. “Hiri barrutik, oposizioarentzat lan egiten zuen jendea –tuareg infiltratuak, jihadistaren bat–  handik irteten saiatzen ziren autoak erretzen ari zen. Beren eginkizuna sinplea eta basatia zen: errepide bidezko komunikazio guztiak mozteko, soldadu asko behar dira; eraginkorragoa da barruan jendea edukitzea, barrutik kaosa zabaltzeko. Errusiarren laguntzagatik ez balitz, oposizioak boterea hartuko zukeen".

Kolonialismoaren ondorioak eta tuaregak
Maliko egoera ulertzeko, lehenik ulertu behar da Mali inoiz izan ez dena. Maliko Estatua 1960an sortu zen Frantziatik independizatu ostean, administratzaile kolonialek marraztutako mugak heredatuta eta han bizi zirenei inoiz kontsultatu gabe. Muga horiek tuaregen lurraldea zatikatu zuten  –amazighen herri nomada, Sahara eta Sahelen zehar bizi dena– Mali, Niger, Aljeria, Libia eta Burkina Faso artean. Maliko Estatuari hiriburua atxiki zioten hegoalde emankor eta beltzean, eta inoiz proiektu horren parte sentitu ez zen iparraldeko basamortua eta tuaregak gobernatzea agindu zioten. Haustura hori jatorrizko arrakala da. Gainerako guztia hortik dator.

Tuaregen matxinadak ziklikoak dira, lehorteak bezala: 1990eko hamarkadan altxamenduak izan ziren; 2006 eta 2009 artean ere bai; eta 2011n dena aldatu zen. Gaddafi erortzeak Libiako armadan zerbitzatu zuten milaka gudari tuareg askatu zituen. Armatuta, entrenatuta eta lanik gabe itzuli ziren Malira. 2011ko urrian MNLA sortu zuten –Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionala–, mugimendu laikoa, sekularra, Mali iparraldeko Azawad lurraldearen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuena. 2012ko urtarrilean erasoa jo zuten, eta apirilaren 6an independentzia aldarrikatu.

Baina Azawadeko Estatua jaio aurretik hil zen. 2013ko urtarrilean, Frantziak esku hartu zuen, eta Serval operazioarekin tuaregak basamortura itzularazi zituen. 2015ean, Aljerreko Akordioek bakerako baldintzak ezarri zituzten: iparralderako autonomia, gudariak armadan integratzea eta baztertutako eskualdeen garapena. Paperean, zentzuzkoa zirudien. Praktikan, Maliko Gobernuak ez zituen inoiz inplementatu. Bete gabeko promesa bakoitzak altuagoa egiten zuen horma.

Dominique FLAko (Azawad Askatzeko Frontea) soldadu tuarega da. Signaletik hitz egin du gurekin, ez du aurpegia erakutsi nahi, baina Tombuktutik gertu dagoela erakutsi du argazkiak bidalita. Gurasoak Tamanrasset-eko tuaregak dira, Aljeriakoak. Dominique ez da erabat nonbaitekoa, ez da maliarra ezta aljeriarra ere, eta horregatik ulertzen du gatazka alderdi bakar batetik bizi duten askok baino hobeto. "Ez zait jihadistekin itunak egitea gustatzen, horietako batekin ere ez. Baina estrategikoki beharrezkoa zen, gure etsaia, Bamako, Errusiako Wagnerrekin indartsuagoa baitzen".

Etsai naturalak dira FLAko eta JNIMeko tuaregak –Jama 'at Nasr al-Islam wal-Muslimin, Sahelen jarduten duen eta Al-Qaedako kide den talde jihadista–. Bata estatu laiko eta nazional baten alde borrokatzen da; eta besteak sharia lege bakarra duen mugarik gabeko kaliferria nahi du. Baina, aldi berean, etsai komuna dute: Bamakoko junta militarra eta horri eusten dioten mertzenario errusiarrak. Eta hori, gerraren logikan, nahikoa da.

"Europan zuen pentsamolde inperialistak etsaia edo laguna entitate bateratu gisa ikusarazten dizue", dio Dominiquek. "Mali ulertzeko Mali barruan zer dagoen ulertu behar da. Mali ez da Mali. Beren herrien batura da".

Mapek ez dute egia kontatzen
2020ko abuztuko estatu kolpea izan zen, Assimi Goïta koronelak Ibrahim Boubacar Keïta presidentea agintetik kendu zuenean. 2021eko maiatzean bere boterea sendotu zuen bigarren kolpe batekin. Orduan, Maliko Batzarrak erabaki garrantzitsua hartu zuen: militar frantziarrak kanporatu zituen; Mendebaldetik urrundu eta Moskuren besoetara egin zuen salto. Lehenik Wagner taldeko mertzenarioak heldu ziren. Gero, 2023ko abuztuko mertzenarioen buruzagi Yevgueni Prigozhin hegazkin istripuan hil ondoren, Wagnerren oinordekoak Africa Corps bihurtu ziren, Errusiako Defentsa Ministerioak zuzenean kontrolatutako taldea.

Apustuak funtzionatzen zuela zirudien. 2023ko azaroan, Maliko Batzarreko indarrek, errusiarren laguntzarekin, Kidal birkonkistatu zuten, tuaregen gotorleku historikoa, Azawad proiektuaren bihotza. Bamakon garaipen estrategiko gisa aurkeztu zuten. 2024ko ekainean, Maliko armadak eta mertzenario errusiarrek tuareg zibilen aurkako sarraskiak egin zituzten Abeïbara eskualdean. Gutxienez 70 hildako. Armarik ez zuten pertsonak ziren. Ahazten ez den krimena izan zen, zalantzatiak borrokalari bihurtzen dituen horietakoa.

Erantzuna hilabetera heldu zen, 2024ko uztailean. Tuaregek Moskun inork espero ez zuen garaipena lortu zuten Tinzaouaten, Aljeriako mugatik gertu. FLAko eta JNIMeko borrokalariek segada egin zieten mertzenarioen eta Maliko armadaren zutabeei. Bideoak Telegramen zabaldu ziren. Dozenaka gorpu, gehienak gizon zuriak, basamortuan. Errusiako mertzenarioek "galerak" onartu zituzten, zifrarik eman gabe. Afrikan pairatutako lehen porrot publiko eta dokumentatua izan zen.

Errusiako mertzenario talde bat Malin. Argazkia: Meltdown

Mertzenario estatubatuar, espainiar eta frantsesak
Miguelek (izen faltsua da) 45 urte ditu eta Zaragozan bizi da. Nahiago du anonimatuan geratu. Afganistanen, Iraken eta Espainiako Armada presente egon den beste gatazka batzuetan aritutako espainiar militar ohia da. Afrika Erdiko Errepublikan izandako esperientziagatik jarraitzen du eskaintzak jasotzen.  "Kasu zaila da", dio berak. "Wagnerren eskaintzak jaso genituen Malira joateko, baina badakite beste aldean borrokatu garela, NATOren aldean".

Instagram edo LinkedIn bidez jartzen dira harremanetan. Kontaktu batek beste baten kontaktua ematen dizu, horrek beste batena… kate luzea eta ia aztarnarik gabea da. Ez dago lan-poltsarik, ezta deialdi irekirik ere. Mundu opakua da segurtasunagatik eta, Europari begira, kontratismo pribatuak prentsa onik ez duelako. Miguelek sistematikoki saihesten du mertzenario hitza, nahiago du "kontratista".

"Wagnerretik sortutako Afrika Corps taldeak ez ditu errusiarrak hartzen, Ukrainara bideratuta daudelako", azaldu du. "Eta Mali, Burkina edo Nigerreko gatazkek ez dute Ukrainaren antzik. Informazioa jaso dut eta errusiar gutxi daude. Enpresa pribatua da, eta bere presentzia hutsak alarmak pizten ditu”.

Eskaintzak Dubaitik ere badatozkio. Miguelek mundu honetan urteak daramatzanaren naturaltasunez ematen ditu azalpenak. Kontratisten enpresa guztiak Arabiar Emirerrietara joan direla dio. Jabeak britainiarrak edo hegoafrikarrak izan daitezke, baina handik jarduten dute, fiskalitate arrazoiengatik, eta jatorrizko herrialdeetako legerik zorrotzenak saihesteko. "Wagnerrek 6.500 euro eskaini dizkit hileko, Liechtensteinen dagoen banku baten bidez edo bitcoinetan ordainduta. Dubaitik zerbait gehiago eskaintzen didate, baina ordainketa Madrilen eginda", azaldu du. "Batean zigorrak etor dakizkizuke, eta bestean gehiago”, dio, irribarretsu.

Miguelena ez da kasu isolatua. "Mertzenario estatubatuar, espainiar eta frantsesak ere kontratatu ditu Bamakok", dio Dominiquek. Gerraren ekonomia paralelo oso bat dago, beste edozein merkaturen logika berarekin funtzionatzen duena: eskaintza, eskaria, arriskua, prezioa. Aldea da produktua indarkeria dela, eta kontratua ez dela paperean sinatzen.

Tuaregen eta jihadisten eraso bateratua
2026ko apirilaren 25ean, Malik hamarkadetako segurtasun krisirik larriena bizi izan zuen. FLAk eta JNIMek koordinatutako eraso batek hainbat hiri kolpatu zituen aldi berean: tuaregek Kidal hartu zuten eta aurrera egin zuten; jihadistek Bamako, Kati, Sevaré eta Mopti hiriei egin zieten eraso. Defentsa ministro Sadio Camara hil zuten Katiko bere egoitzaren aurkako eraso batean, hiriburutik hamabost kilometrora. Camarak kanporatu zituen frantziarrak eta Wagnerri atea ireki.

Tuareg matxinoek, gainera, errusiar indarrak iparraldetik erretiratzeko akordio bat iragarri zuten. Kidal, 2023an gobernuak hainbesteko ahaleginarekin konkistatu zuena, Azawaden esku geratu zen berriro. Bamarék barrutik ikusi zuen: infiltratuek autoak erretzen zituzten irteeretan, Gaddafi zubia hutsik, bi gorpu Nigerren…

"Okerrena ez zen beldurra izan", dio Bamarék. "Okerrena izan zen ez nintzela harritu".

Dominiquek esaldi bat du, jokoan dagoena laburbiltzen duena edozein analisi geopolitikok baino hobeto: "Tuaregek iparraldea nahi dute, baina gobernua erortzea ere nahi dute, jihadistek bezala". Ez dira gauza bera. Ez dute gauza bera nahi. Baina etsai bat partekatzen dute. Eta gerran, hori nahikoa da lubaki bat partekatzeko, baina inoiz ez proiektu bera eraikitzeko.

Mali ez da Mali. Herri askoren batura da. Eta batuketa horren emaitza ez da sekula bat izan.  


Mali kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...