Donostia, 1926ko uztailaren 10a. 102 afrikar iritsi ziren hirira, uda hartan Igeldoko atrakzio parkean erakusgai jarriko zituztenak. Biharamunean, La Voz de Guipúzcoa egunkariak xehe jasoko zuen gertakariaren berri. Gehienak senegaldarrak ziren, baina sudandarrak ere bazeuden, eta urrira arte geratuko ziren “udatiar exotiko eta bitxi” haiek.
Aurreko hamarkadan irekitako Igeldoko parkeak zoologiko txiki bat bazeukan ordurako, eta bildumari gure espezieko ale batzuk gehitzea erabaki zuten. Baina ideia ez zen berria; arrazismo zientifiko betean, Europako hiri nagusietan halako giza zoologikoak antolatu zituzten XIX. mendearen amaieratik aurrera, beti ere zientziaren izenean. Baina behin ere ez zitzaien bururatu erakusketa haietan europar alerik sartzea.
La Voz de Guipúzcoa-ko artikuluari aitortu behar zaio, behintzat, ez zela justifikazio pseudozientifiko antzuetan erori, eta garbi adierazten zuela turistak erakartzeko ikuskizuna zela hura. Gainera, artikuluak aitortzen zuen giza talde hura ez zela “autentikoa”, zazpi “arraza edo tribuk” osatua baizik; hamar urte lehenago Verdungo guduan parte hartu zuen Mustal Sow soldadua, adibidez, erakusketaren parte zen.
Lan baldintza kaxkarrak izan ziren giza zooen amaiera eragin zutenak. 1958ko Belgikako Erakusketa Unibertsalean ia 600 kongoar jarri zituzten ikusgai; bi hilabeteren buruan, baldintza prekarioen eta umiliazioen eraginez, protestan hasi ziren eta azken giza zoologikoa bertan behera geratu zen
Halaber, artikuluak agerian uzten du afrikar haiek kontratupean ari zirela lanean. Gisa honetako lehen zooa 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalean jarri zuten ikusgai, eta horretarako, Suaren Lurraldetik 11 lagun bahitu zituzten. Horietatik soilik sei itzuli ziren etxera bizirik. Baina, handik aurrera, esklabotza ofizialki abolitua zegoela aintzat hartu eta soldatapean aritu ziren gehienetan.
Horrek ez du esan nahi lan baldintza egokietan aritzen zirenik. Igeldoko kasuan, artikuluak Arsenio Abiel Fharall ingeniariaren lana goraipatzen du, hamar egun baino gutxiago behar izan zituelako afrikarren herrixka eraikitzeko –24 etxola, buruzagiaren etxea, biltegiak eta dantzaleku bat–. Pentsatzekoa da presaka prestatutako instalazio horiek nekez beteko zituztela bizi baldintza duinak. Eta, hain zuzen, lan baldintza kaxkarrak izan ziren giza zooen amaiera eragin zutenak. 1958ko Belgikako Erakusketa Unibertsalean ia 600 kongoar jarri zituzten ikusgai; bi hilabeteren buruan, baldintza prekarioen eta umiliazioen eraginez, protestan hasi ziren eta azken giza zoologikoa bertan behera geratu zen. Horren atzean ez zegoen hausnarketarik edo arrazoi etikorik. Ikusgaiak nazkatu egin ziren, eta ikusleak aspertu. Besterik gabe, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, aisialdirako –eta arrazakeriarako– beste modu batzuk nagusitu ziren.
La Voz de Guipúzcoa-ko artikuluak ere harro eta kritika izpirik gabe eman zuen “erakusketa antropologikoaren” berri. “Lehen aldia izango da beltzen kolonia bat ezarriko dela mendi euzkaro batean”, zioen, kolonizatzaileen eta kolonizatuen rolak inolako lotsarik gabe trukatuta. Donostiaren iragan esklabistarekiko koherenteak izan ziren behintzat.