Erreferendum xenofoboak, demokraziaz mozorrotuta

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erreferendumak egunerokoak dira Suitzan. Hemen bizi garenetik, eskaera arrazista ugari bozkatzen ikusi ditugu. Ekainaren 14a borroka eguna izan zen: Genevan, G7aren aurkako kontra goi-bilera egin zuten, eta herrialde osoan greba feminista, ordaindu gabeko zaintza-lanak ikusgarri egin eta aitortza eskatzeko. Herrialde honetako zaintza-lanen ia %70 emakumeek* egiten dituzte.

Bi borrokek lotura zuten egun berean bozkatutako erreferendumarekin. Izan ere, duela gutxi indargabetutako Saisonniers estatutua ordezkatu nahi dute, eta, orduan bezala, migratzaileak eta emakumeak* jomugan jarri. Gutxigatik baztertu zuten agenda xenofoboaren beste saiakera bat. Hala ere, gehiengo eskuindarrak bere horretan jarraitzen du. Kezkagarriena da, ordea, ekimenaren aurka dauden ezkerreko sektore askok ere ez diotela Suitzako Alderdi Popularraren (SVP) diskurtso arrazistari benetako alternatibarik eskaintzen.

Horregatik, feminismotik kritikatu behar da Suitzako biztanleria 10 milioira mugatzeko SVPren ekimena. "Migraziorik gabe ez dago zaintzarik" ezin da argudio bakarra izan. Immigrazioa Suitzarentzat duen erabilgarritasun ekonomikoagatik soilik justifikatzeak pertsona migratzaileak lan indar huts bihurtzen ditu eta logika arrazistak indartzen. Horren aurrean, ezinbestekoa da ezkerretik eta feminismotik eraikitako kontranarrazio bat eraikitzea. Migrazio-jatorria izan ala ez, langile guztien bizi-baldintzek izan behar dute borroka kolektiboaren oinarria.

Ondoriorik sakonena litzateke migrazio politika gehiago gogortzea, pertsonen balioa haien erabilgarritasun ekonomikoaren arabera neurtuta

SVPren ekimenak ospitaleetan, iraupen luzeko zaintzan eta etxeko arreta zerbitzuetan dagoen langile falta areagotuko luke. Baina ondoriorik sakonena litzateke dagoeneko oso selektiboa den migrazio politika gehiago gogortzea, pertsonen balioa haien erabilgarritasun ekonomikoaren arabera neurtuta. Horrek langile migratzaileen esplotazioa handituko luke, eta zaintza-krisiaren ondorioak berriro ere pertsona ahulenen gain utziko lituzke.

Benetako arazoei heldu beharrean –lan baldintza prekarioak, osasun eta zaintza sistemaren finantzaketa eskasa, ordaindu gabeko zaintza lanaren aitortza falta edo etxebizitza eskuragarriaren gabezia–, migratzaileak erruduntzat aurkezten dituzte, arazo sozial guztiak kanpotik ekarritakoak balira bezala. Antzera gertatzen da indarkeria matxistarekin ere.

Zaintza ez da lan indar merkea inportatzeko tresna izan behar. Zaintza sistema bidezko batek, lan eskubide sendoak, soldata duinak eta lan baldintza egokiak bermatu behar ditu. Gero eta zaharragoa eta askotarikoagoa den gizarte batean, etorkizuneko osasun eta gizarte ereduak hiru printzipio uztartu behar ditu: berdintasun materiala, ordaindu eta ordaindu gabeko zaintza lanaren aitortza eta pertsona guztien migratzeko eskubidearen errespetua.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...