Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gure etxean gauza bat oso argi zegoen: eskolan ondo ibili behar zen. Eta ahal bazen, nota onekin. Gaztelanian, ordea, ez zegoen halako exijentziarik. Horrek ez zion inporta handirik gure aitari. Erdara erakusteaz gizartea arduratuko zen. Kaleak emango zigun klasea. Telebistak errefortzua. Administrazioak azterketa. Eta poliziak ahozko froga.

Euskaran, zero. Halaxe atera dute ikasle askok UsaPen. Eta ez dirudi mundua erori zaienik. Ez dira asko penatu. Zergatik penatuko dira, gizarte osoak esaten badie euskarak ez duela hainbesteko garrantzirik?

Euskaraz egiten baduzu, askok haserretik erantzuten dizute. Mespretxutik. Ez dizute ulertzen. Edo ez dizute ulertu nahi. Hobe gure txokokeriak ahaztea. Gure txorakeriak. Gure hitz arraroak. Gure ñabardurak. Gure herri txiki eta tematua. Zertarako behar ditugu bi hizkuntza, batekin moldatzen bagara? Espainolez egitea modernoa da. Praktikoa. Natural-naturala. Algoritmikoa.

Lehen hizkuntza zapalkuntzaz hitz egiten genuen, eta orain eleaniztasunaz hitz egiten dugu. Gurea herri menderatua da. Asimilatua. Ez gara desagertu. Ez guztiz. Hemen gaude, baina barkamena eskatzen bezala.

Eta horregatik, kontua ez da ikasle batzuek euskaran zero atera dutela. Kontua da gizarte oso batek zer nota jartzen dion euskarari egunero.

Euskara ez da ikasgai bat. Ez da batez besteko nota igotzeko aukera bat. Ez da ahoan trabatzen den aditz-taula bat. Euskara hemen egoteko modu bat da. Munduan egoteko modu bat. Eta zeroa ateratzen dutenean, agian ez dute ikasle batzuek bakarrik suspenditzen.

Ez da epaile eta poliziek soilik zapaltzen gaituztela. Egunerokotasuna da itogarria hemen. Autopsiaren frogak nonahi topatu daitezke. Eta hala ere, ikasleei nor-nori-nork erakusten segitzen dugu, baina ez nork nori zer kendu dion. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...