Nire iritzi-artikuluek oihartzun pixka bat ukan dutela errango nuke, ikusita ezagutzen ez nituen zenbait lagun hurbildu zaizkidala haiek aipatzera han eta hemen. Baina arrakasta etsaitasunean ere neurtu dut: jauntto pare batek konbokatu naute min hartu zutelako haien ego zaurituan. Bata frantses ezkertiar supremazista eta bestea gatobasque-a (ikus Zapalkuntzaren hiztegia artikulua). Jakin badakit ez nautela haien kabuz irakurri (ez baitute euskaraz irakurtzen), baina susmatzen dut, artikuluak zeremonia handiz ekarriak izan zaizkiela; ongi ikusiak izateko xuri ona-ren figura lunbalgiaraino praktikatzen duten zerbitzarien eskutik. Isilkako mehatxuz bermatzen da boterea.
Ez dut sekula lortuko nire erranak nahikoa lehuntzen. Ttikitatik ikasi behar izan dut injustiziaren errekari aurre egiten. Dudan oroitzapenik zaharrena eskolako autobusean gertatu zen. Gidariak, agindua izan zitzaiona bete zuen: anaia eta biok ikastolako haurrak baikinen, autobusetik jautsarazi gintuen. French only. Orduan ikusi nuen, gure amaren begietan, injustiziaren kolorea.
Bidegabekeria errandako eta isilkako arauez elikatzen eta hedatzen da: arau sozialak, arau sexualak, arau etnologikoak, arau ekonomikoak, arau administratiboak, arau arkitektonikoak, arau mediatikoak... Arauak ibaiak dira, non injustizien errekak isurtzen diren boterearen mendi eta tontorretatik. Itsasoan bizi den herriak, izokinen moldean, ibai eta erreka horiek igarotzen ditu, hasierako ankerkeriaren iturriraino, mundu berri baten sortzeko esperantzan. Makurra errotik desegin behar dela badakigu, baina estropezu egiten dugu harrokeriaren urtegietan, miseria intelektualaren ur geldietan eta botere gosearen kutsaduran.
Alde bateko zein besteko hainbat euskaldun elkartzen dira euskararen eta euskal kulturaren egoera bere horretan mantentzeko
Zein da euskaldunon sentimendua? Zailtasunak ditugula euskaraz normaltasunez aritzeko administrazioan, lan munduan edo aisialdian, eta horrek gutxietsita sentiarazten gaitu, izaeran, historian eta intimitatean.
Zein dira beste kezka nagusiak? Etxebizitza, lan prekaritatea, hiperturismoa... Ildo beretik doazen gaitzak: ezin denean herri bat osoki menderatu, zeharkako bideak erabiltzen dira, ezintasuna nagusitu arte.
Zer dio Unescok gaiari dagokionez? Pertsona guztiek dutela ama-hizkuntza ikasteko, erabiltzeko eta transmititzeko eskubidea. Nola? "Komunitate guztiek dute beren ondare kulturala mantendu, garatu eta transmititzeko eskubidea".
Zergatik orduan"gure" ordezkariak ez dira oldartzen? Interes eta kalkuluengatik. Hainbatek pentsatzen dute euskarafobo ezkertiarrak eta burgesia kulturala erakarri behar direla boterea eskuratzeko; beste hainbatek, aldiz, eskuineko eta zentroko euskarafoboak ezinbestekoak direla boterean mantentzeko. Azken finean alde bateko zein besteko hainbat euskaldun elkartzen dira euskararen eta euskal kulturaren egoera bere horretan mantentzeko. Nola estaltzen dute hori? Salbuespeneko politikekin.
Salbuespeneko politikei uko eginez eta zuzenbide komunaren errespetua aldarrikatuz aterako gara zurrunbilotik. Hizkuntza, kultura eta sorkuntza artistikoa ez dira pribilegioak; giza eskubideen adierazpenak dira, eta botereguneen betebeharra da horiek babestu, sustatu eta transmititzea. Ez denez kasua, eta jende anitz bizi denez salbuespeneko egoera bermatzeko sorturiko egituretatik, etsaitasuna sortzen da. Maskara kentzeak oldarraldia dakar.
Baina horretan bego. Hau da azkena. Lekukoa pasatzen dut. Elea partekatzeko, itzaleko bideak hartzen jakin behar dela uste dut. Orain ikuskizunez errango dut erran beharrekoa. Oholtzatik, are zorrotzago eta are argiago mintzatuko naiz. Ukango duzue horren berri.
Bukaera zaila da. Baina pasaia bat besterik ez da, ziklo baten amaiera; beharbada ez definitiboa, nork daki. Neguaren ondotik, udaberria.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.