Neure buruari galdetu diot ea ekonomia ardatz behar duen artikulu baten posible den unibertsitateko sarbide proben aferari buruz hitz egitea. Eta baietz erantzun diot, hezkuntza ekonomia dela, eta hezkuntzarik gabe ez dagoela eraldaketarik. Eta banoa, konturatu gabe, Arrasatera, 1940ko hamarkada hasierara, soilik ingeniarien semeak (ez alabak) ingeniari izan zitezkeen garai hartara. Eta hartu dut Arizmendiarrietaren Gogoetak biltzen dituen liburua, gure aita hil zeneko 7. urteurrena gainean dugula. Eta hasi naiz gogoeten artean arakatzen, hezkuntza sistemaren porrot mingarri honi testuinguru zabalagoa eman nahian.
Irakaskuntza eta hezkuntza baldin badira herri baten lehen zeregina, argi dago sistemak porrot egin duela. Edo, akaso, herri honetako kudeatzaileek oso ongi bete dute ordenak bere horretan iraunarazteko duten rola: jakintzaren boterea sozializatzeari uko egitea
Seme-alabak gure poza eta gure hondamena dira, eta bata edo bestea izango dira gure heziketa lanaren arabera, dio 211. gogoetak. Eta ez dut ulertzen A ereduan matrikulatzea erabaki zuten horiek zergatik kondenatu nahi izan zituzten beraien umeak euskara ez ezagutzera. Akaso, hezkuntza jaio aurretik jasotzen hasten garen zerbait delako, eta familia batzuek uste dutelako beren sehaskek ziurtatuko dietela umeei zorte ona, eta ez jasotako ikasketek. Kontrakoa dio Arizmendiarrietak, aldarrikatzen du masari jakintza ematea dela masari ordena soziala iraultzen laguntzeko ezinbesteko tresna.
Irakaskuntza eta hezkuntza baldin badira herri baten lehen zeregina, argi dago sistemak porrot egin duela. Edo, akaso, herri honetako kudeatzaileek oso ongi bete dute ordenak bere horretan iraunarazteko duten rola: jakintzaren boterea sozializatzeari uko egitea, unibertsitate publikoan ikastea ia ezinezko bihurtuta eta irakaskuntza itunpeko eta pribatuari hauspoa emanez.
Ertzetan, etorri berriak. Herrira Senegaldik etorri berri diren umeak D ereduan ikasten hasiko dira irailean. Ordura arte, familiak ez du euskara usainduko, euskararen aldeko politika publikoak (udan ere) oporretan daudelako.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.